e.lkarrizketa: Xabier AMURIZA -

Ez du irakurlerik entretenitu nahi, zirrara eragin nahi die. Eta lortzen du, halafede! gutxi batzuekin lortzen badu ere. Ehun irakurle leial omen ditu. Bostehun behar dira, ordea, liburu bati bizia eman ahal izateko eta «Joan ziren" zikloko bigarrena Interneten eskegi du.

Joxean Agirre

2009ko Urtarrilaren 02a

Eskal literaturak duen ahotsik indartsuenetako bat da. Jubilatu eta lan erraldoi bati ekin zion. “Joan ziren” zikloaren lehen alea argitaratu zuen iaz, “Dinosauroak horizontean”. Ez zuen espero zezakeen erantzunik jaso. Asko ematen eta eskatzen duen literatura da berea eta irakurle batzuk beldurtu egin zituen. Jarraitzaile leial andana bat bildu du, ordea. «Ehun irakurle leial ditut. Bostehun behar nituzke», dio pena puntu batekin, baina etsipenik gabe, etsipena zer den ez dakien horietakoa baita Xabier Amuriza. Ziklo berriko lehen nobelarekin zorrak egin zituela-eta, bigarrena, “Orain ezin naiz hil”, Interneten (www.amurizablogxabier.com) eskegi du. Baina bere patuari onurak bilatzen badaki eta Internetek eskaintzen dituen abantailez mintzatu zaigu luze. Hirugarren nobela bukatzen ari da orain. 60ko hamarkadara iritsi da bertan eta irakurleen konplizitatea errazago lortuko duen itxaropena du. Bigarrenaren 13. orrialdean arteari buruzko gogoeta interesgarri batzuk egin ditu. «Artista drogazalea bezalakoa da: hartualdi baten eragina amaitu deneko, beste bat behar. Aurrekoak hurrengoa desiratzeko baizik ez dio balio izan. Zertarako nahi zuen Arestik poemagintzan jarraitu ‘Nire aitaren etxea’-ren ondoren, edo Oteizak Arantzazuko apostoluen ondoren lanean jarraitu edo Haendelek ‘Alleluya’ren ondoren, Jainkoarena egin beharrean, zeina, bere lana buruturik, betiko erretiratu zen?  Horiek denak eginda badaude, nik zertarako jarraitu nahi dut ezertan? Ez dago artistarik, artezaleak baizik. Hasi besterik ez dela egin pentsatuz hilko da
—zortea alde batetik—, dena falta zaiola. Nahi nuke nire hilarrian irakur lezaten: ‘Gizajoa! Ezin izan zuen jasan puntu barea izaterik’».  

Artista sentitu al zinen txikitandik?

Artea sena, grina eta mendekotasuna da eta artista ezin da bizi sortu gabe. Gauza on bat eginez ez da asetzen eta beste baten bila doa atsedenik gabe. Oteiza umea, esaterako, Orioko hondartzan harea ateratzen dutenek egiten dituzten zuloetako batean sartzen da, baina ez da horrekin konformatzen, handik ikusten den zeru urdina konkistatu nahi du. Gizakia ez da konformatzen espazioko puntu txiki bat izatearekin. Abereak bere lurraldea defendatzen du. Gizakiak, aldiz, bere espaziotik kanpo zer dagoen jakin nahi du. Baina nik ez dut grina hori umetatik izan. Ni haur bakartia izan nintzen eta bakarrik dabilen haurra beti ari da zerbait pentsatzen. Lagunekin dabilenean jolasten ari da, baina haur bat bakarrik uzten badugu naturaren baitan, aukera handiak ditu zerbait asmatzen ibiltzeko.

Hain izan al da bakartia zure haurtzaroa? Anai-arrebak zenituen.

Orduan ez nintzen horretaz erabat jakitun, baina beti nenbilen zerbait asmatu nahian. Arreba eta anaia zaharragoak ziren eta eskolara ere bakarrik joaten nintzen. Lan batzuk ere bakarrik egitekoak ziren, behiak zaintzen egotekoa, esate baterako. Eskolatik etxera etorri, behiak hartu eta basoan zehar bakarrik joan behar izaten nuen.

Horrek markatu egingo zintuen. Liburu honetan haurtzaroari buruz kontatzen dituzun oroitzapenak berrasmatuak izango dira, baina ikusten da badutela oinarri bat.

Oinarri handia dute. Nik hain bakarrik bizi izateko suerterik izan ez banu, ez nituen pentsaketa horiek guztiak egingo. Pentsaketa zientifikoak ere egiten nituen: zenbat buelta eman nion neure buruari hegan nola egin pentsatzen. Arbola puntara igota pasatzen nituen orduak, hegan egiteko sistemaren bat aurkitu behar nuela pentsatzen. Arbola baten puntara igo eta haizearen eraginez egiten duen pendulu mugimenduaz gozatzen egotea izugarria da. Ni oraindik ere arbolan gora eta behera oinez bezain erraz ibiltzen naiz.

Oroitzapen guztiz poetikoak ere badira zure bigarren liburuaren hasieran. Ilargiarekin hitz egiten egoten zinen.

Nik ilargiarekin asko hitz egiten nuen. Oso oroitzapen argiak dira horiek, baina oroitzapen birsortuak dira. Nik ilargiaren aurpegia oso ondo ezagutzen nuen, xehetasun guztiekin. Haurtzaroko sentimendu oso indartsuak ditut eta horietatik abiatzen naiz gero formulazio poetikoak edo ironikoak egiteko. Eguzkiarekin, ilargiarekin edo naturako beste hainbat elementurekin izan nituen harremanei buruzko sentimenduak oso argi ditut oraindik ere.

Protagonistak bakarrik jarraitzen du bigarren liburuan ere.

Lehen liburua horrelaxe abiatzen da. Protagonista kalera jaitsi eta munduan bakarrik dagoela ohartzen da. Aspaldidanik nuen aukera horrekin jokatzeko gogoa. Metafora bezala ere interesgarria iruditzen zitzaidan, jendearekien gabiltzanean ere askotan bakarrik sentitzen baikara. Prousten modura, iragan denboraren inguruan egin-nahi zikloari lotura emateko istorio horrek balioko zidala pentsatu nuen. Lehen liburuan protagonistaren egun bat kontatu nuen eta biharamunarekin aritu naiz bigarrenean.

Zure bi lanotan, hala ere, egitura da ahulena, istorio nagusi hori da indarrik txikiena duena eta etengabe egiten dituzun gogoetek eta digresioek uzten dute askotan irakurlea liluratuta. Bigarren liburuaren hasieran bertan, protagonistak behiak askatzean esneari eta errapeei buruz egiten dituzun gogoetak harrigarriak dira.

Egia da ez dudala lanik egiten tramak asmatzen. Pedante samarra da, baina berriro ere konparazio bera egiteko Proustek ez du tramarik erabiltzen eta nik ere ez dut tramarik nahi. Nik ez dut argumentuzko nobelarik egin nahi. Esneari buruzko oroitzapen batzuk baditut, gaia aipatu duzunez, eta horren gaineko garapena egiten saiatzen naiz. Ez ditut gertaerak kontatu nahi, gertaeren inguruan sortzen diren erlazio posibleak baizik.

Zure idazteko modua, sormen prozesua, mantsoa dela ematen du.

Oso da mantsoa. Esaldi bakoitzak bere baitan zentzua izan dezan saiatzen naiz.

Zer ordutegi erabiltzen duzu lanerako? Goiza ala arratsaldea?

Goizeko bederatzietatik hirurak arte egiten dut lan, normalean. Argitasuna ere goizetan gehiago izaten dut. Iluntze aldera inoiz errepasoa eman izan diot testu bati, baina idatzi, nekez.

Gerta dakizuke goiz batean hiru orrialde segidan idaztea?

Ez. Ni ez naiz ari ipuin bat kontatzen. Esaldi konplexuekin egiten dut lan eta, gehienez ere, goiz oso batean orrialde bat idatziko dut.

Gerta al dakizuke hiru lerro on idatzi eta egun osorako pozik geratzea?

Adjektibo bat aurkituta bakarrik gera naiteke pozik egun osorako. Adibide bat jarriko dizut: hirugarren liburua bukatzen ari naiz eta esaldi bat nuen gutxi gorabehera `herri urperatuan bistan gelditzea lortu zuen dorre bakarti' zioena, konparazio modura nerabilena, baina beste adjektibo bat behar nuen eta orain egun batzuk `bakarti eta garaile gelditu naizen honetan' osatu nuen esaldia eta `garaile' adjektiboarekin bereziki pozik geratu nintzen.

Eskakizun maila handiarekin hasten zara eta zaila izan behar du mailari eustea.

Erregistro ezberdinak erabiltzen saiatzen ari naiz. Batzuetan oso prosa konplexua egiten ari naiz, Prousten eredua begien aurrean dudala, baina badira xume eta poetiko direnak ere. Etengabeko kolore aldaketa izan dadila nahi nuke.

Zure idazteko moduak ez al du ezer Musiletik, nahiz eta bere digresio luzeak intelektualagoak diren?

Ez dut Musilen obra ezagutzen. Proustena ere ez dut etengabe irakurtzen. Askotan, aurrez dakit zer esango duen ere. Orriak aurrera pasatzeko gogoa eragin ordez, atzeraka pasatzeko premia sorrarazi nahi dut. Zergatik entzuten dugu kanta eder bat mila aldiz? Sentsazio hori bilatu nahi dut idazten dudanean ere.

Modu horretan irakurtzen duen irakurle idealik aurkitu al duzu?

Lehen liburuarekin ez dut arrakasta komertzialik izan, baina gauza ederrak entzun ditut. Batek esan zidan oheratu aurretik egunero «Dinosauroak horizontean» liburuko pare bat orrialde irakurtzen zituela. Nik Proustekin ere horixe egin izan dut urteetan. Zer kontatzen ari den jakin ohi dut, baina nola kontatzen duen, nolako edertasunarekin kontatzen duen jakiteagatik irakurri ohi dut.

Kalderapekon egin zenuen liburuaren aurkezpenean Joyceren «Artistaren gaztetako erretratua» aipatu zenuen zure bigarren liburua definitzeko-edo.

Bigarren liburu honetan kontatzen ditudanek badute zerikusirik Joyceren lanarekin. Bere benetako bizipenak kontatzen ditu Joycek, baina oso da autobiografikoa. Jesuitekin barnetegian bizitakoak oraindik mina eragiten diotela ematen du. Nik ere sufritu nuen barnetegia, baina min hura gainditu banu bezala kontatzen dut. Nik seminarioari zor diodan gauzarik ederrena etxera itzultzeko gogoa da. Geroztik, noan lekura noala, etxea dut beti gogoan. Han sartutako arantza dut. Etxean nago beti ondo.

Ez al dizu pena puntu bat ematen hainbeste liburu txar kaleratzen den garai honetan zurea Interneten atera beharrak?

Baserritarrok badugu etxeko generoa zuzenean plazara eramateko joera, salerosketa solidarioa egiteko joera. `Zergatik ezin dut irakurleengana zuzenean iritsi?', galdetzen nion nire buruari. Modu honetara, gainera, bestela ailegatuko ez litzatekeen jendearengana iritsiko da. Ordaina ere bakoitzaren borondatearen baitan utzi dut eta zerbait ematen duenak badaki zuzenean doala egilearengana. Egile eskubideekin ere ez dut ezer askorik ateratzen. Gehienez ere pare bat mila euro ateratzen ditut liburuko. Eta nik badut bide honetatik kopuru hori lortzeko itxaropena. Ez nuen lehena izateko pretentsiorik, baina lehena izan naiz.

Gaur egun euskara idatziak daraman bidearekiko ere oso kritiko agertu zara beti. «Hizkuntzaren suizidio probintzianoa», salatu zenuen aurkezpenean.

Mitxelenak garbikeria gainditzeko erdibide bat proposatu zuen eta orduan baino okerrago gaude orain. Erdibide sano bat ezin daiteke atera mordoilokeriaren eta garbikeriaren arteko erdibidetik. Inguruko hizkuntza guztiek erabakita dituzten hitzak erabakitzen ari gara. Demagun `inprezisio' hitza. Guk `zehaztugabetasun' hitzarekin ordezkatu nahi dugu, baina `zehaztugabetasun' hitz hain horribleak `inprezisio', `indefinizio', `inkonkrezio' edo `indeterminazio' adieraz dezake. Guk `zoragarri' hitzarekin mila gauza adierazi nahi ditugu eta hori ez da posible, gauza batzuk `eskisitoak' izango dira edo `delizisioak'. Horrelako hitzak badira 20.000. Arazoa sekulakoa da. Nik gainditua dut arazo hori. Baina lexikoan hain zorrotzak diren horietako asko izugarri zabarrak dira egituran edo aditzaren erabileran, esaterako. Eta literatura egiteko ugaritasuna behar da, baita prezisioa ere.