-

Naiara Garzia

2009ko Urtarrilaren 02a

Bat, bi, hiru... action!». Eta horrela hasten da urteko antzerkirik ikusgarriena, Jainkoa bera (kristauentzat) eta kontsumismoa, batik bat (honek Jainkoari berari aurrea hartu diola esango nuke), zuzendari dituen antzerki kolektiboa. Denak bertan parte hartzera behartuta gaude. Bi aste luze irauten dituen antzerki honetarako hiri eta herri guztiak hagitz dotore janzten dituzte, eta konturatu orduko bi hilabete inguru ematen ditugu eslogan merkeez inguratuta, besarkada batekin «elkar maitatu! elkar maitatu!» esan ordez «erosi! erosi!» esaten diguten iragarkiez inguratuta, zerbait erostea eta elkar maitatzea binomio banaezinak izango balira bezala. Argiak nonahi jartzen dituzte Gabonetan, eta hirietan ugariagoak diren erakusleihoak apain-apain jartzen dituzte elkarri opariak egin dakizkiogun, aitzaki honekin gure arteko hariak sendotuko balira bezala.

Hariak. Gurasoen hariak, halabeharren hariak,

Norbere gorputzaren hariak,

Lagun minen hariak, behaztopatzeko modu

Luzeak hariak.

Lotzen zaituzten hariak, maitasun luzeak bezalako

Hariak. Titerearen modukoak,

Batzuetan atezuan, besteetan lasaieran, edo

Korapilatzen.

Eta horrela bizi, hariekin, hariak egokitzen,

Hariei kasu egiten,

Harien kontra tiraka, harien gatibu. Eman dezagun

Berrogei urtez horrela

Eta bat batean ohartu ezetz, eguzkiaren edo

Ilargiaren

Errainuak bezalakoak direla, eta ez zaituztela lotzen,

Azkenean, ez duzula haririk.

(«Ariane», Joseba Sarrionandia)

Antzerki kolektibo honek badu banda soinurik, batak besteari begietara so egin gabe zoriona opatzean datzan abesti desafinatua, eta horrela, hainbeste argi, opari eta zorionaren arteko nahasketa honek gure eguneroko bizitza pelikula yankee bat bihurtzen du. Gabonak gustuko ez ditugunok ezinbestean igarotzen ditugu egun hauek, ezinezkoa baita hauei ihes egitea, eta gu geuk ere antzerkian parte hartu behar izaten dugu, aurpegi itxuragabetuak irribarre behartu bat bilakatuz.

Urtetik urtera. Behin eta berriz.

Bizitzaren azalean ezarritako makillajea, horra hor Gabonen esanahia.

Gabonek denboraren eta bakardadearen ondorioz itzalitako emakumeen itxura dute niretzat, taberna hotz batean bere bakardadearen konpainian eta ardo gorria eskutan dutela, denborak utzitako ondorioak disimulatzeko begiak eta ezpainak modu esajeratu batean makillatuz haien tristura areagotzea lortzen duten emakume horiena, atetik sartu orduko isiltasunean murgilduta eta denboran galduta bizi direla antzematen den emakume horiena.

Coca-cola-ko anuntzioen filosofian (bizitzaren txispa) oinarritzen den gaur egungo gizarteak minari bizkar ematen dio (eta heriotzari) eta honen aurrean begiak ixten ditu (horra hor gure jakinduria), are gehiago Gabonetan. Maleta egin, bertan arropak eta malkoak gorde eta hantxe joaten gara aiton-amonen edo izeba-osaben etxera, turroia jatera, zuek guztiak lo zaudeten bitartean, denbora jada denbora ez den ezerez horretan.

Inork ez zigun erakutsi bizitza eta heriotza eskutik hartuta doazela, eta, heriotza bera tabua den heinean, gure senitartekoak galdu ditugunok hori gure kaxa ikasi behar izan dugu, urteak joan ahala; hau da, bizitzak baduela txoko bat, zoko lainoa bazter guztietan sartzen den egun horiek bezalakoa, isiltasuna nagusi duena, non hizkuntzak berak zentzurik ez duen, eta hari biluzik, gure maskara guztiak kenduta (nola bestela?), so egiten diogunean nahitaez indibidualitatea galtzen dugu. Bagara eta ez gara.

Joan zareten guztiok lo zaudeten bitartean, ezikusia egitea besterik ez zaigu gelditzen zuek utzitako hutsuneak min egingo ez baligu bezala, xanpainarekin topa egiten dugun bitartean, antzerki ortopediko hau noiz bukatuko zain.

Urte berri on.