Etxean euskara jaso dute. Erdara, irakasleen eta apaizen ahotik entzun zuten lehendabizikoz. Irakasle eta apaiz euskaldunen ahotik gainera. Euskaraz baino ez zekitelako, barre egin izan diete noizbait. Baina, halabeharrez edo militantziaz, euskaraz bizi izan dira. Kasik euskaraz bakarrik. Belaunaldi baten lekukotza jasotzeko baliagarriak izan daitezke Elvira Goikoetxeak, Luzio Zubiriak eta Marili San Romanek kontatutakoak. Euskaldun elebakarretik gertu dauden hiru adibide bildu ditu GAUR8k Urdiainen.
Amagoia Mujika
2009ko Urtarrilaren 02a
Elvira Goikoetxea
82 urteko urdiaindarra
«Gazteak ginela lotsa pasatzen genuen erdaraz ez genekielako. Urteak dira lotsarik ez dudala»
Urdiainen sortua da eta bertan bizi da. «Ni beti euskaraz, erdaraz txarki moldatzen naiz. Ez dakigu erdaraz eta!». Zortzi anai-arrebatan zaharrena izaki, nahikoa lan zuen Elvirak etxean eta eskolara «euria egiten zuen garaian» joaten zen. Alegia, ez oso sarri. «Nik aita eta ama ez ditut sekula ikusi erdaraz egiten. Erdaraz ez jakiteagatik guri burla egiten ziguten Altsun (Altsasun). Altsuarrak ikaragarriak ziren euskararen kontra, guk ezagutu genituenak behintzat». Aspaldiko garaiak gogoratu eta begiak argitzen zaizkio Elvirari, 82 urteko bere begi biziak.
Altsasun erdaraz ez zekitela-eta burla egiten zieten. Baina, ez horregatik bakarrik. «Joaten ginen Altsura, artajorran ibili eta gero, beltz-beltzak. Eta lotsatu egiten ginen beltzak geundela-eta. Burla egiten ziguten soroan lanean aritzen ginelako. Sorora tapa-tapa eginda joaten ginen, kimono batzuekin. Baina, hala ere, belztu. Sanoak baginen, hori bai. Sanoak eta alaiak. Goseak egonda ere, alaiak ginen».
Erdaraz, beraz, apenas zekien umetan. Ikasi zuen apurra, dotrinan ikasi zuen gainera. «Ni akordatzen naiz nola hasi ginen dotrina erdaraz ematen. Gehiago akordatzen naiz dotrinaz erdaraz euskaraz baino». Erdaraz ez jakiteagatik lotsarik pasatu ote duen galdetu eta hasperen egin du Elvirak. «Bai, gazteak ginela. Orain, euskararen alde gustura egiten dut nik. Oso gustura egiten dut euskaraz eta ez dut lotsarik. Gero eta gusturago egiten dut euskaraz. Urteak dira lotsarik ez dudala. Askotan txarki pentsatu izan dut, ‘eta nire umeei euskara batere ez badiet erakusten?’. Guri burla asko egin izan digute eta horregatik pentsatu izan dut, nire umeek berdina ez pasatzeko. Orain ez dut horrela pentsatzen. Eskerrak erakutsi niela!».
Elvira lantegi batean aritu da 23 urtez. Lanean, gehienetan euskaraz egiten zuela kontatu du. Hartara, lantokian ez du estutasun handirik pasatu erdaraz ez jakiteagatik. Medikuarenean gertatzen dira askotan egoera larriagoak hizkuntza dela-eta. Ez da bere kasua. «Gaztea nintzela mediku gehienak euskaldunak ziren, baina ez zuten euskaraz egiten. Ultzama eta alde horretakoak ziren asko. Orain, berriz, euskaraz egiten dut medikuarekin eta lasaitasuna ematen du medikuak euskaraz jakiteak. Medikua ere gustura egoten da gu euskaraz entzuten».
Gustatzen zaio telebista. Pilota partidak ikusten ote dituen galdetu eta ezetz, aspergarriak direla. «Gainera, Amalia difuntak esaten zuen bezala, garbi esan behar da ez dela pelotia, pilotia da. Askok gaizki esaten dute». Jenio bizian egin du zuzenketa. Jenioa eta hitz egiteko indarra ez zaizkio falta. Eta hitz egitea asko gustatzen zaio, euskaraz hitz egitea, noski.
Luzio Zubiria
90 urteko urdiaindarra
«Soldadu joan ginenean, erdaraz jakin ez eta
nahiko lan izan genuen. Etxera etortzeko baimena eskatu nahi eta ezin»
Luzio Urdiainen jaio zen eta bertan eman ditu bere bizitzako 90 urteak. Euskaraz bizi da eta bizitu izan da, ahal izan duenean behinik behin. «Soldadu joan ginenean, erdaraz jakin ez eta nahiko lan izan genuen. Horregatik ez nion euskarari batere kariñorik. Hain gaizki pasatu nuen euskara beste hizkuntzarik ez nekielako! Pasatu egin behar da gero! Soldadu joan, etxera etortzeko baimena eskatu nahi eta ezin. Gero, Altsasun, burla eta barre gure kontura. Olaztiarrak ere tentagarriak ziren eta burla egiten ziguten», gogoratu du Zubiriak.
Soldaduskako kontuak datozkio etengabe burura. Izan ere, gerra garaia egokitu zitzaion. «Soldadu joan nintzen gerrara. Santander eta Santoña. Hartu nion intxa bat nik kostari! Kosta ez dut batere maite. Euskarari ere hartu nion gorrotoa, baina orain ez diot. Euskara jakitea ondo dago, baina baita ingelesa eta frantsesa jakitea ere. Erdaraz sekula ez dut ongi ikasi eta dagoeneko ez dut behar, euskaraz bizi naiz-eta. Beti izan ditut beso ederrak lanerako eta eskerrak horri, bestela, gosez akabatu behar. Etxean soroan serio aritu naiz lanean eta, jarraian, cementosera lanera. Atzera denak utzi eta berriz soldadu joan behar izan nuen, 1939an. Ia urtebete pasatu nuen gerran. Eta, bueltan, berriz cementosera».
Zubiriarena, beste askorena bezala, gerrak markatutako bizitza da. «Ni cabo enlace nintzen. Justu-justu nekien eskribitzen eta cabo enlace. Akordatzen naiz egun batean kapitain bat etorri zela esanaz bazela euskaldun bat beraiekin eta ez ziola ezer entenditzen. Eta, orduan, comandanteak esan zuen: ‘Que vaya Lucio’. Beno, harendako zer izan zen ni hara joatea! Nik euskaraz hitz egitea! Salbazioa izan zen. Esan nion ‘hik hau eta hau egin behar duk. Honi kasu egin eta honek erakutsiko dizu dena’. Berehala ikusi nuen ondotik pasatzen odola zeriola. Kanoikada batek harrapatu zuen. Akabo, ez nuen gehiago ikusi. Ez dut sekula ahaztuko harendako zer izan zen ni euskaraz hizketan joatea eta laguntzea». Eta begiak busti zaizkio, berriz ere, pasarte ikaragarria gogoratu duenean. «Makina bat gau pasatu dugu guk elurraren gainean. Eskerrak Teruelen-eta elurra ez den hemengoa bezalakoa. Hango elurra lehorragoa da. Hostoekin habia egin eta gau guztia ematen genuen mugitu gabe. Gauza horiek ez dira ahazten. Makina bat lagun geratu ziren Teruelen izoztuta...».
Salto batean bueltatu da egungora, eta eutsi dio euskararen gaiari. «Euskarak segituko du, maite dugu-eta. Euskarazko telebista gustatzen zait, eta ulertzen dut. Gu gaizki ibiltzen gara leitzeko. Euskaraz leitu eta ez dut entenditzen. Zenbat hitz berri atera dira? Eta gu orain nola joango gara ikastera? Idatzitako euskara hori geldi-geldia da, ez du arrankatzen. Gero, euskara asko aldatzen da toki batetik bestera. Hemendik Iturmendira eta Etxarrira aldatzen bada, pentsa nola aldatuko den Euskal Herri osoan!». Soldadu garaiak ahaztu orduko bizitzen zaizkio begiak Luziori. «Orain oso pozik bizi naiz, ederki. Orain bizi naiz ondo eta hil egin behar!».
Marili San Roman
74 urteko urdiaindarra
«Nik erdaraz gaizki hitz egin arren, esaten duten guztia ulertzen diet erdaldunei. Haiek ulertzen al didate niri?»
«Gure etxean ez da erdaldunik sartu nire umeak ezkondu arte. Alabaren gizona etortzen bada, errespetatzen dut. Euskara ikasten egon da eta denak aditzen ditu. Gero, seme zaharrenaren andreak ere ez zekien tutik ere hona etorri zenean. Orain asko ikasi du». Mariliren gurasoek ez zekiten batere erdaraz. Berak, pixka bat badaki. Eskolan eta dotrinan entzun zuen lehendabizikoz erdara. «Eskolan padre nuestro erakutsi zidaten erdaraz. Hartu nion gorroto bat padre nuestro hari! Gu ezjakinak eta besteei erakutsi behar erdaraz. Amak, ez zekien tutik ere erdaraz eta maistrari esan zion ez ninduela eskolara bidaliko erdaraz ikastera. Gutxitan joaten nintzen». Dotrinan izan zuen erdararen lehen berria eta apaizak utzitako erdarazko liburuak irakurtzen hasi zen geroxeago. «Ni ikaragarria izan naiz leitzen. Horrela ikasi dut dakidan erdara gutxia. Ezkondu nintzenean, arropa txikia josten ari nintzen jai batean, eta jaietan ezin zen lanik egin. Apaiza etorri zen, errieta egitera uste nuen. Baina, ez. Askotan leitzen ikusten ninduela eta libururik nahi ote nuen galdetu zidan. Nik, baietz, nire etxetik ez zela pasatzen paperik nik leitu gabe. Liburu lodi bat ekarri zidan. Han ez zen ez apaiz konturik ez eliza konturik. Ohera joaterako beti leitzen nuen, igoal emango zidaten goizeko ordu biak!», gogoratu du Marilik.
Apaizak utzitako erdarazko liburuak irentsi egiten zituen Marilik. Baina, euskaraz bizi izan da beti. «Lehen barre egiten ziguten erdaraz ez genekielako eta orain, askori, euskararekiko sentimendua piztu zaie. Nik beti esaten diet erdaraz gaizki hitz egin arren, esaten duten guztia ulertzen dudala. Haiek ulertzen al didate niri?», jarraitu du.
Mariliren amak parte handia dauka seguru aski, berak euskarari dion maitasunean. «Behin mandatuak egitera joan ginen Altsasura. Dendakoak bazekien euskaraz, baina, ‘Maria pide en castellano’ esan zion. Erdaraz ikasi behar zuela-eta, erdaraz eskatzeko esan zion amari. ‘Lasai egon, erosiko dut beste toki batean’, esan zion amak. Eta ez zen gehiago denda hartara joan. Handik pixka batera, joan nintzen denda hartara eta amagatik galdetu zidaten, ez zela aspaldian etorri. Nik ez zela gehiago etorriko erantzun nien. ‘¿Por qué no va a venir siendo amigos como hemos sido?’, galdetu zidaten harrituta. Eta nik erantzun nien ama ez zela gehiago etorriko erdaraz hitz egitera behartu nahi izan zutelako». «Orain harro nago euskalduna naizelako. Lehen burla egiten ziguten asko orain euskararen aldekoak omen dira!», bukatu du.




