Drogekin arazoak dituzten gurasoekin eta umeekin aldi berean lan egitea da Haurtxoak zentroaren bereizgarrietako bat. Bien arteko lotura etengabe lantzen dute eta lehenbiziko egunetik bertatik bizitza normalizatura bideratzen dituzte. Donostiako Zorroaga gaineko etxe dotore honetan izan gara langile eta erabiltzaileekin.
Maider Iantzi
2009ko Urtarrilaren 02a
Zentroa joan den urteko urrian sortu zen eta abenduan jendea hartzen hasi zen. Ebaluazio urtea dute hau, beraz. Jabi Aranburu zuzendariak jakinarazi du balorazio positiboa egin dutela, planteatutako helburuak betetzen joan baitira. Dagoeneko lehenbiziko alta terapeutikoa izan dute eta hari jarraipena egiten ari dira.
Une honetan hiru emakume bizi dira bertan; batek bi ume ditu, bestea haurdun dago eta Gabon gauerako espero du alaba, eta hirugarrena umerik gabe hasi zen gizarte zerbitzuek esku hartu zutelako, baina pixkanaka-pixkanaka berarekin itzuliko da. Egoera ugari izan dituzte eta bakoitzaren bilakaera oso desberdina izan da. Bisita egin genuenean lasaitasuna zen nagusi: zenbait langile zereginak bukatzen ari zen, eta erabiltzaileetako bat, Laura, etxeko lanetan zebilen buru-belarri. Gainontzekoak kanpoan ziren.
Gurasoek jasotzen duten tratamendua hiru etapatan antolatuta dago: diagnostikoa, egoitzako egonaldia eta jarraipena. Etxea eguneko zentro bezala ere erabiltzen dute, hau da, bertan bizi diren eta talde dinamiketan parte hartzen duten pertsonez gain, eguna pasatzera etortzen direnak daude. Tratamenduak luze samarrak izaten ari dira, batez ere gurasoen eta umeen egoeragatik. Xedeetako bat, drogak uzteaz aparte, umeekin birgizarteratzea da. Normalean oso arazo konplexuak dituzte. Batzuetan aiton-amonak ez daude laguntzeko prest, besteetan ez dago familia zabalagorik ere eta ez dute non egon.
Zentro hau berezi egiten duten gakoetako bat amekin eta umeekin batera lan egitea da. Bien arteko lotura ahalik onena izan dadin ahalegintzen dira, etengabe lantzen dute hori. Ez dugu ahaztu behar tratamendua gurasoentzat dela, ez umeentzat. Helburua etorkizunean haurrekin bizimodu normalizatua egin ahal izatea da. Hasieratik lantzen dituzte amarekin umearekin lotutako alderdi guztiak nolabaiteko normaltasunez, hau da, kanpoko ekintzetan parte hartzen segituz, umea eskolara edo haurtzaindegira joaten bada horretan jarraituz, parkeak bisitatuz, beste zentroak, hondartzak... Lan arloa eta hezkuntza norberaren beharren arabera egituratzen dira. «Alde ona da taldean lan egiten dugula eta, gainera, norberaren behar bereziak betetzen saiatzen garela, egoera ezberdinak baitaude. Batzuek lana dute eta bajan daude tratamendua egiteko, besteek ez dute hezkuntzarik jaso eta alderdi hori landu behar da, besteen zailtasuna bizikidetza da... Bakoitzak bere helburuak eta denbora ditu», agertu du Jabi Aranburuk.
Amak aipatu ditugu, baina urtebeteko ibilbidean dagoeneko aita bat hartu dute. Donostian, Zorroaga gainean dago eraikina, inguru lasaian, hiriaren erdigunetik hurbil baina aldi berean isolatuta. Azpialdean sukaldea eta egongela zabala ditu, eta goiko pisuetan hainbat logela, bakoitza bere sehaskarekin. Gela horietako bat zentroko langileek erabiltzen dute, beti gelditzen baita norbait guraso eta umeekin gaua pasatzen. Gau eta egun egoten da hezitzaileren bat, edozein zalantza argitzeko edo nahi dituzten gaiak lantzeko, eta egunero bilera egiten dute. Jolastoki bat ere badute logelen artean, kristal zabal bat dauka, hala nahi izanez gero kanpotik begiratzeko.
Amatasuna edo aitatasuna inflexio puntu bat al da? «Badira guraso batzuk oso kontziente direnak eta beste batzuk ez hainbeste. Batzuek bikote-lagunaren babesa dute baina arazoak dituzte, besteek ez dute halako laguntzarik, eta guraso batzuei familia zabalagoak ere bizkarra eman die. Hain gogorrak dira egoera batzuk! Norbaitek esku hartzen duenean eta esaten duenean: `Edo zerbait egiten duzu edo umea ez da zurekin egongo', orduan etortzen da inflexio puntua», azaldu du Aranburuk. Gerta daiteke konturatzea ume bat daukala eta ezin duela berarekin, gainditu egiten duela, eta txikiak ez du arazorik eman. Batzuetan erabakiak hartu behar izaten dira. Gertatzen ahal da barruan amatasun edo aitatasun sentimendua izatea, nahi izatea, baina ezin duela konturatzea, une honetan ezin duela. Latza izan daiteke horretaz jabetzea, arazoak kanpoan jarri arren, barruan daudela konturatzea. Alderdi terapeutikoago hori lantzea garrantzitsua da, gurasoak baitira erabakiak hartzen dituztenak.
Agipadek drogamenpekotasunaren tratamenduan 28 urteko esperientzia du eta Haurtxoak horretaz baliatzen da. Agipadek Haizegain komunitate terapeutikoa du martxan eta hortik etorri da pixka bat zerbitzu hau. Izan ere, belaunaldiz belaunaldi zabaldu da arazoa eta orain hirugarren belaunaldiarekin ari dira lanean. Drogekin arazoak zituztenekin eta beraien gurasoekin hasi ziren, gero drogamenpekotasuna izanik guraso zirenei lagundu zieten, eta orain dituztenak drogamenpekotasuna duten gurasoak dira, eta horien umeen aiton-amonek ere drogekin arazoak izan zituztenak.
Batzuetan drogekin oso lotutako arazoak dituzte, besteetan hori ez da funtsezkoa. Haurtxoaken eta Agipaden horrelako arazorik ez duten baina beraien zerbitzuak behar dituzten pertsonak ere hartzea pentsatzen ari dira. Bi errealitate horiek partekatzea onuragarria izan daitekeela deritzote.
Erran bezala, balorazioa eta autokritika egiteko unea dute. Lan taldean, adibidez, aldaketa garrantzitsuak izan dituzte. Taldea finkatu eta zabaldu dute, hasierako helburuak jaso eta etorkizunera begira jarri dira, beste baliabideekin batera lan eginez ahalik eta pertsona gehienei laguntzeko eta zentrotik ateratzen direnek nolabaiteko normaltasunez umearekin bizi ahal izateko nahikoa autonomia izatea lortzeko. Lan talde profesionala da, sei hezitzailek, DUE batek, psikologo batek, gizarte langile batek eta zuzendari batek osatua.
Umeak eskaera sortzen duela ikusi dute, agian, umerik ez balego pertsona hauek ez lukete tratamendurik egingo. Honetaz gain, haurrak ordutegiak eta ekintzak baldintzatzen ditu. Alta jaso duen lehenbiziko emakumearen umea jaioberria zen zentrora etorri zenean eta oinez atera da. Prozesu hori amak, alabak eta lan talde osoak bizi izan dute eta oso esperientzia ona izan da. Bien arteko lotura erabat aldatu da, helburua bete dute, eta orain amak bizitza berregituratzen hasi behar du. Ez dute etxea bat-batean utzi, bisitak egiten dituzte, beste umeengandik, gurasoengandik, langileengandik bereizteko denbora behar delako, eta denbora hori ezberdina da gurasoentzat eta umeentzat, adinak ere badu zerikusirik.
Lehenbiziko egunetik bertatik kanpoan bizimodu normalizatua lortzeari begira lan egiten dute amek, ardura txikiak hartuz. Tratamenduan abstinentzia garrantzitsua da, baita hezkuntza eta lan baliabideak lortzea ere. «Guk ez dugu lanik eta ikasketarik ematen, egitura normalizatuetan ikasi eta lana bilatzen dute, eta gu ondoan gaituzte prozesu osoan laguntzen», argitu du zuzendariak. Alderdi sozial eta pedagogikoez gain, kliniko edo psikoterapeutiko bat ere badago, barne gatazkari heltzeko, drogak hartzera zerk bultzatu dituen jakiteko eta horri aurre egiteko. Banakako psikoterapia, taldekoa eta familiakoa egiten ditugu. Lagun anitzi bizitzan zer gertatu zaien ulertzeko balio die, eta etorkizuna edukiz betetzen eta alderdi ahulak indartzen ere laguntzen die.
Haurtxoak iaz jarri zen martxan baliabide publikoak orduan lortu zituztelako, baina askoz lehenago hasi zen egituratzen, 1998an. Agipadek nazioarteko topaketa bat antolatu zuen drogamenpekotasuna zuten amen inguruan. Hor hasi ziren Agipad eta Haizegain proiektu hau sortzeko aukerak aztertzen. Garai hartan ez zuten babesik izan, baina lanean jarraitu zuten. 2003an apustu sendoagoa egin zuten, Europako leku batzuk eta Estatu espainoleko beste batzuk bisitatu zituzten, eta geroago instituzioen babesa lortu zuten.
Euskal Herrian ez dago Haurtxoak bezalako proiekturik eta horrek, erreferentziarik ez izateak, izanen zuen beharbada eraginik apustua berandutzean. Denbora horretan, anitz hausnartu dute, beste lanak ikusi dituzte eta gauzak lasaiago egiteko eta errealitatera hobeki egokitzeko aukera izan dute. Horrek ez du erran nahi, ordea, aldaketarik egonen ez denik, argi baitute zentroak irekia eta dinamikoa izan behar duela, gizartearen eskaerei erantzuteko.
Oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez egoera aztertzen dute eta kasu asko ikusten dute, benetan larriak batzuk. Hala ere, zerbitzu horiek haurren egoera gehiago ezagutzen dute. Haurtxoak zerbitzua beharrezkoa dela deritzote, beste tratamendu batzuetan ez bezala umea amarekin egoten delako. Hiru urtetik beherakoak soilik hartzen dituzte eta muga ezartzeak badu bere arrazoia: ez dute eskolatik ateratzerik nahi, ezta helduen espazioetan parte hartzerik ere. Hiru urtetik aurrera nagusien dinamikak eta egiturak barneratu eta izugarri arduratsu bihurtzen direla ikusi dute, eta harrek garapen normalizatua behar dute.
Laura, Haurtxoak zentroan bizi den emakume bat
«Galdutako guztia berreskuratzeko gaude hemen»
Iraganeko kontuak jakiten ditugu terapietan, sukaldean aritzen ikasten dugu, garbitzen, dena ongi txukuntzen, eta gauzak txukunduta zure bizitza txukun dezakezu. Terapietan pentsamendua aldatzen dugu, autoestimua landu, berriz erori ez gaitezen. Hemen, jendea maitekorra da, ulertzen zaitu, babesten zaitu, paperak betetzen laguntzen dizu, medikuarengana joaten... Leku honetatik ongi ateratzeko, errehabilitaziorako eta gizarteratzeko laguntza dugu. Ez dira gauzak puztu behar, denak du muga.
Orain dela hilabete etorri nintzen eta gauza anitz ikasi dut ordutik: behar den bezala jaten, koilara hartzen, ordutegiak betetzen eta gauzak behar den garaian egiten, aurrera jotzen, bizitzari aurre egiten. Zer gertatu zaizun pentsatu behar duzu, nahi baduzu irri egin dezakezu, nahi baduzu negar, baina ezin duzu zure barruan preso gelditu, norbaitekin solastatu behar duzu, laguntza eskatu, zure barrukoa atera, ateak ixten badituzu inork ezingo dizu lagundu, inork ez du jakinen nola lagundu.
Haurraren heziketa ere lantzen dugu, gurasoen terapia egiten dugu. Nire buruarengan konfiantza izan behar dut, laster alaba bat izanen dut-eta. Gabon gauerako espero dut. Zure bizitza bideratu behar duzu eta hainbat kontutan laguntzen dizute, lanean adibidez. Nola hitz egin eta gauzak galdetu irakasten digute eta zerbait ez badakigu, edozein zalantza badugu, galdetu egiten dugu, aholkua eskatzen dugu. Hemen errandakoa ez da kanpora ateratzen, sekretua da.
Gogorra da, bertze pentsamendu batekin etortzen zara, bertze jakintza batekin, eta aldatu behar duzu. Aurreztu ere egin behar duzu. Emakume batzuei libre egotea gustatzen zaie eta pentsatzen dute zergatik egon behar duten hemen sartuta. Zuregan pentsatu behar duzu, zer gertatu zaizun, ez errepikatzeko. Zu ongi ez bazaude, haurrak sufrituko du. Berriro eror zaitezke eta ezinbertzekoa da indartsu egotea, zerk eragin dizun jakitea. Zein lagun aukeratzen dituzun ere garrantzitsua da, eurek droga hartzen badute beharbada zeuk ere hartuko duzulako. Zeure bizitza osoa aldatu behar duzu.
Denbora behar duzu gauzak ongi pentsatzeko. Pertsonaren araberakoa da, baina burua ez badago ongi, ez duzu ongi pentsatzen eta ongi pentsatu behar duzu gauzak egin aitzinetik. Errealista izan behar duzu, zortea ere badago. Ezin zara ezkorra izan, baikorra izan behar duzu, prest egon, gauzak ongi egiten badituzu ez duzu orain bezala sufrituko. Umeen zaintza, bikote-laguna, lana, jendearen errespetua... Galdutako guztia berreskuratzeko eta borroka egiteko gaude hemen, ama gara eta adibide ona izan behar dugu haurrentzat, ezingo ditugu ongi zaindu burua ongi ez badugu. Zu zeruan egon zaitezke, baina umea infernuan, eta berak ez du ezeren errurik. Drogak hartzea gustatzen bazaizu, ez duzu ama izan behar. Horrela ez duzu deus izanen bizitzan. Aldiro gehiago nahi izanen duzu eta azkenean ez zaizu axolako, ez duzu ezer konponduko, arazo gehiago sortu baizik. Azkenengo etapan hil egingo zara. Osorik, normal zaude eta gaizki jartzen zara.
Hasieran zailagoa da, gero errazagoa. Bizitza polita da, triste zaudenean triste egon behar duzu eta alai zaudenean alai, aurre egin behar diozu, ez deusetarako balio ez duten gauza hauetan babestu. Gero ohitu egiten zara eta hiltzea nahiko duzu, azkenean ezin duzu zure buruarekin eta gorputzarekin, garunean eragiten du. Ingurukoek atera nahi duzula ikusten badute, laguntzeko gogo gehiago izango dute.




