-

Iñaki Altuna

2009ko Urtarrilaren 02a

Hilabete gutxiren bueltan izango dira EAEko hauteskundeak. Alderdi politikoak aspalditik ari dira gertaera horri begira. Are gehiago, bozeramaileen eta jada hautagai direnen hitzek eta jokabideek ez dute, askotan, hauteskunde horiek ahalik eta hobekien prestatzea baino beste helbururik. Badirudi gauza garrantzitsuak ere gerta litezkeela hitzordu horretan.

Izan ere, EAJk Ajuria Enea gal dezakeela-eta, ikusmin handia sortu da. Barne krisiak jota, alderdi horrek gainbehera egin du azken urteotan eta gero eta babes gutxiago jaso du hautestontzietan. Juan Jose Ibarretxek berak ere higatu samar geratu da, eta lekutan dira 2001ean lorturiko 600.000 boz haiek. Herri galdeketaren gainean eginiko azken ekimen politikoak porrot egin ostean eta EArekin aurreko hauteskundeetan eginiko koalizioa ezingo dela errepikatu berretsi eta gero, higadura are nabarmenagoa da lehendakari izateko hautagaitza laugarren aldiz aurkeztu duen honetan. Halere, alderdiaren egitura ez da aldaketa egitera ausartu eta, beste edozein aukerak krisia areagotuko zuelakoan, Laudiokoari azken bataila egiten utzi dio. Eustea lortzen badu, ondo; eta galtzen badu, aldaketarako ordua iritsiko da. Horrelakorik gertatuko balitz, alderdiko botereguneak osatzen dituzten askok aro bat erabat itxi eta beste bat irekitzea nahiko lukete. Azken batean, Ibarretxe Lizarra-Garaziko garaian aukeratu zuten lehen aldiz lehendakari, eta askorentzat, baita alderdi barruan ere, garai hartako eta ondorengo apustuen arrasto txikiena ere ezabatzeko ordua da.

Patxi Lopez Ajuria Enera eramatea da PSE(PSOE)ren lehentasun nagusia, kasik bakarra. Hori baizik ez omen dute buruan izan azken hilabeteotan. Estatuko hauteskunde orokorrak irabazita eta Nafarroan Sanzekin akordioa trinkotuta, PPren kaltetan; EAEn nagusitasuna eskuratzea lorpen handia litzateke. Horretarako ez du «fronte espainolista»ren formula errepikatuko, eta bere burua erdigunean kokatu nahiko du, PPrekin zein EAJrekin hitz egiteko gai den eragile moduan. Ibarretxeren amaieraren garaia iritsi dela zabaldu nahiko du, eta horretan bai Basagoitirekin bai EAJko zenbait burkiderekin -paradoxikoa badirudi ere- bat egingo du.

Eusko Alkartasunak koalizioa utzi izanak ere ikusmina piztu zuen, burujabetzaren aldeko polo bat sortzeko bidean urratsa izan zitekeelakoan. Halere, urrats hori egiazkoa izateko, orain arte erakutsitakoa baino konpromiso sakonagoa hartu beharko luke EAk. Bozei begirako epe motzeko etekina lortzea baizik ez badu helburu, hankamotz geratuko da Ziarretaren alderdia; horrela, bozik ez baitu lortuko eta, kasurik onenean, berriro ere irtenbide bakarra EAJren magalera bueltatzea izango baitu.

Sakontasun handiagoko beste zerbaiten esperoan daude polo horrekin bat egingo luketen sektoreak eta herritarrak, eta horretarako, ezinbestean, ezker abertzalearen beharra dago. Ez soilik hauteskunde batzuetan emaitza onak lortzeko, beste ibilbide bat ere hasteko baizik, bai eguneroko jarduera politikoan aritzeko eta baita gatazka politikoaren benetako konponbideari eraginkortasunez ekiteko ere; halako indar metaketa batek emango lukeen eraginkortasunez, hain zuzen ere.

Aldaketa politikoarekin bat egingo luketen guztiak biltzeko eta antolatzeko ekimen orokor batek astinaldi politikoa ekarriko luke 2009an, eta ondorio nabarmenak izango lituzke hauteskundeetan -agian hurbilegi daude EAEkoak, baina ondoren europarrak datoz- eta bozaldietatik kanpo, estatuen egitasmoa baldintzatzeko, aldaketa desitxuratuko lukeen iruzurrak zapuzteko, konponbideari ateak irekitzeko... finean, aro berri bat irekitzeko.