e.lkarrizketa: Mary SIMON, Inuit Tapiriit Kanatami erakundeko lehendakaria -

Klima aldaketak Ipar Poloko ekologiari eragin dio. Bertan, Artiko itsasoaren ertzetan, Kanadako, Groenlandiako, Norvegiako eta Errusiako lurretan alegia, inuit herriko 160.000 indigena bizi dira. Landareak ozta-ozta bizi dira hor. Belarrak eta zuhamuxkak bakarrik berdetzen dira uda borealak irauten duen hiru hilabeteetan, hozberoa 6-8 gradura igotzen denean. Eremu gogor horietan bizi izan dira milaka urtetan fokak, mortsak, baleak eta karibuak ehizatuz. Beren bizimodua eta kultura, ordea, klimaren aldaketak mehatxaturik dagoela sentitzen dute.

stephen Leahy (Tierramerica)

2009ko Urtarrilaren 02a

Artikoaren ertzean bizi diren inuit aborigenek bizimodu bat eta kultura bat eraiki dute mendeetan. Urtaro hotzak bederatzi ilbete irauten du han. Lurra izoztu egiten da erabat eta elurrak estaltzen du. Eguzkia ez da zerumugatik altxatzen eta hogeita lau orduko gaua egiten du. Bataz besteko hozberoa 30 gradu zeropekoa da. Egunik hotzenetan -60 gradura irits daiteke. Milaka urte iraun du inuit herriak muturreko baldintza horietan fokak, mortsak, baleak eta karibuak ehizatuz. Lehen balearen hezurrekin eta belarrarekin, lurrarekin edo elurrarekin fabrikatutako blokeekin egiten zituzten etxeak. Gero urrunetik inportatutako egurrarekin hasi ziren eraikitzen. Baina etxe horien oinarrian dagoen elur izoztua urtzen hasi da. Artikoan munduko beste inon ez bezala da nabaritzen klimaren aldaketa. «Gure lurretik bizi gara, elikagaiak eskuratu ahal izateko ehizan eta arrantzan eginez. Baina gero eta zailagoa egiten ari zaigu bizimodu honi eustea, ingurunea aldatzen ari zaigulako», esanez hasi zuen elkarrizketa Mary Simonek, Inuit Tapiriit Kanatami erakundeko presidenteak.

Zer eragin du aldaketa klimatikoak inuit herriarengan?

Permafrost deitzen zaio Artikoan lurraren azaleran betidanik izozturik dagoen lur geruzari. Bertan eraiki diren herrixkak edo etxeak geruza horren gainean eraiki dira. Klima aldaketaren eraginez, geruza hori biguntzen ari da zenbait lekutan, gure kostaldean izotzak urtu ahala uholdeak sortu dira eta inoiz paraje hauetan ikusi gabeko intsektuak hasi dira agertzen. Zientzialariek eskualde honetarako egiten ari diren iragarpenak alarma sortzeko modukoak dira. Are gehiago esango nuke, alarma bakarrik ez, izua ere sortarazten dute. Gaur egun izotz puskak formaz aldatzen ari dira eta ehiztariak galdu egiten dira urte askotan ehizan ibili diren parajeetan. Etxe batzuk bitan banatu dira oinarrian zuten izoztutako lur geruza hori bigundu delako.

Hasi berria den urte honen bukaeran bilduko dira munduko buruzagiak Kyotoko Hitzarmena ordezkatuko duen akordio berria izenpetzeko. Akordio berriak negutegi efektua gutxituko duen gas isurketak arautu nahi ditu. Zer esango zenieke buruzagi horiei?

Haiek ez dute ikusten klima aldaketak gure bizimoduan zer eragin duen. Klima aldaketa guretzako giza arazoa da. Inuitak egunero ari gara jasaten bere eragina. Gure lurretik bizi gara. Jan ahal izateko ehizan eta arrantzan egin behar izaten dugu, baina gero eta zailagoa da ehizan edo arrantzan egitea, ingurunea aldatzen ari zaigulako. Horregatik, elikatu ahal izateko Kanadako hegoaldetik jakiak erosi beharrean aurkitzen gara, baina horrek kostu bat du, jendea ez da iristen eta gero eta gehiago, garai bateko jaki freskoen ordez, jaki merkeak, jaki hondarrak jaten ikusten dugu hemen jendea. Gero eta elikagai fresko gutxiago jaten dugunez, gure osasuna ere erasaten ari da. Inuit batek klima aldaketaz hitz egiten duenean, ikuspegi oso zabal batetik hitz egiten du, gure ingurunea, gure ongizatea eta gure politika erabat loturik daudela ohartzen baita.

Zer egin daiteke zure ustetan egoerari erremedioa jartzeko?

Azaleko partxeek ez dute balio. Gure bizimodua egoera berrira nola egokitu pentsatu behar dugu. Gaiak gogoeta sakon bat merezi du. Erregai fosilen menpekotasuna ere gutxitu egin behar genuke. Negutegi eragina sortzen duten erregaiak baztertzen hasi behar genuke eta horretarako aldatu egin behar ditugu energia, industria eta hirigintza politikak. Gas gutxiago isuri behar dugu eguratsera eta politika berri hori zuzentzeko buruzagi berriak behar ditugu.

Zer egin beharko zukeen, zure ustetan, Kanadako Gobernuak?

Oso helburu argiak eta gogorrak jarri beharko lituzke, gasen isurketari dagokionean. Aurrekontu federalak diru kopuru bereziak izendatu beharko lituzke horretarako. Hartzen diren neurriak, bestalde, kontrolatzeko modukoak izan beharko lukete. Politika konplexuegiak bideratzeak baditu bere arriskuak: isuriak gutxitzeko teknologietan inbertitu beharrean «sistemari iruzur» egiten jartzen dira maiz indar guztiak. Bestalde, oso zaila izaten da helburuak garbi eduki, bitartekoak jarri, egiten diren hutsegiteak zuzendu eta jendearen konfiantza irabaztea.

Kanadako populazioaren %99 hegoaldean bizi da. Ulertzen al du populazio horrek iparraldean gertatzen dena?

Gure arazo sozialez kezkatzen dira soilik, gure alkoholismoaz eta gazteen suizidio tasaz. Ez dute ezagutzen gehienok bizimodua hobetzeko egiten dugula borroka eta oztopo handiak aurkitzen ditugula bide horretan. Ez dakite, esate baterako, gure kultura ez dutela erakusten hezkuntza sisteman eta gure haurrek zigorrak jasotzen dituztela beren hizkuntzan hizketan harrapatzen dituzten bakoitzean. Klima aldaketa ez zen azken urrian egin ziren hauteskunde federaletan aipatu ere egin. Hori eskandalugarria da guretzat.

Zer iritzi duzu Gobernuak Artikoan inbertsioak egiteko egin dituen promesen inguruan?

Stephen Harperren Gobernua subiranotasunaz mintzo da behin eta berriz, Kanadari dagozkion lurraldeak eskatzen ditu. Baliabideen ustiaketaz ere mintzo da, baina ez du bertan bizi diren komunitateen osasun egoera aipatu ere egiten. Kanada iparraldean etxebizitzak falta dira. Egoera oso larria da arlo honetan eta, ondorioz, jendea pilaturik bizi da. Haurrak, esate baterako, txandaka lo egin behar izaten dute eta ezin dira eskolara joan. Azkenaldi honetan tuberkulosi kasuak agertu dira. Etxe baten prezioa hirukoiztu egin da azken oso urte gutxitan eta lanpostuak urritu egin dira. Egia da Gobernuak etxe sozialak egiteko planak onartu dituela, baina oso motz geratzen dira plan horiek. Etxe horiek, gainera, material merkeekin eraikitzen dira eta ez dute askorik irauten. Iparraldean beste egoera batean egon behar luke inuit herriak bere subiranotasuna aldarrikatu ahal izateko.

Zenbat inuit bizi dira Artikoan?

Artiko itsasoaren kostaldeetan 160.000 inuit bizi dira. Kanadako, Groenlandiako, Errusiako eta Norvegiako lurretan bizi dira indigena hauek. Kontuan izan behar da uda oso laburra dela paraje hauetan. Udako hiru hilabeteetan 6-8 gradura irits daiteke hozberoa eta belardiak indartzen hasten dira, baita zuhamuxkak ere. Baina neguak zapuzten du loraldi hori. Neguko hilabete zenbaitetan 24 orduko iluna egiten du, ez dago egun argirik eta bataz besteko hozberoa -30 gradukoa izaten da. Tarteka -60 gradura ere irits daiteke. Jendeak duen elikatzeko iturri bakarra ehiza eta arrantza dira eta gaur egun, klima aldaketaren ondorioz, mendeetako kulturaren balio bera ere zalantzan jarri da.

Zein dira kultura horren ezaugarriak?

Alaskako bizilagunek beren burua inuit bezala definitzen dute. Gure hizkuntzan inuit hitzak gizakia esan nahi du. Garai batean eskimal hitza erabiltzen zen, baina izendatzeko modu hau baztertu egin da poliki-poliki Kanadan. Inuit herriaren jatorria Asian egon daitekeela uste da. Orain milaka urte Boering itsasadarra zeharkatuko zuten Artikoan geratzeko. Ez dira, horrenbestez, amerindiarrak. Hauek lehenago iritsi ziren Ameriketara, baina gaur egun, politikari gagozkiolarik, antzeko arazoak dituzte.