-

Gorka Elejabarrieta

2009ko Urtarrilaren 02a

Zaharra bukatu berri da, eta berria hasi. Horrelakoetan urtearen errepasoa egitea gustatzen zaigu, baita urte berriak ekar dezakeena aurreikustea ere. 2008an hainbat gai izan ditut hizpide.

Europar Batasuna. Bazirudien oso zaila izango zela. Lisboako Itunaren inguruan irlandarrek lehenengo erreferendumean erabakiko zutena errespetatu egingo zutela, eta ez zela bigarren erreferendumik antolatuko. Hori agindu zuten, behin eta berriz. Hala ere, irlandarrek Lisboako Itunari emandako ezetza ez zen irlandar zein europar agintarien gustuko izan. Europako Konstituzioaren porrotaren ostean, Lisboako Ituna izenarekin bataiatu duten Europar Konstituzio berdintsua onartu beharrean daude. Ahalik eta azkarren. Eta horretarako Irlandan erreferenduma errepikatu behar bada, ba errepika dadila!

Hori dela eta, eta izugarrizko presioen ostean, europar agintari eta teknokratek Irlandan bigarren erreferendum bat antolatzea lortu dute. Bitartean gainontzeko estatu kideek Lisboako Ituna onartzen jarraitzen dute. Hori bai, Irlandan ez bezala, beste inon ez da erreferendumik antolatu. Herriak erabaki dezakeenaren beldur dira, Europako Konstituzioa galdeketaren bidez onartu behar izan zenean, Frantziak eta Holandak ezetza esan baitzioten.

Europar Batasuneko agintarien krudelkeriak eta neoliberalismoarekiko hautuak ez du mugarik. Immigrazioa edo asteko lan orduen inguruan Europar Batasuneko Kontseiluak aurten harturiko erabakiak izan daitezke adierazgarrienak. Ez dira bakarrak. Europako Parlamentuak duela gutxi lan orduen erabakiaren kontra bozkatu du, baina ez gaitezen engaina, Europako Parlamentua inoiz Europar Batasunean egon den parlamenturik kontserbadoreena da. Ekainean Europar hauteskundeak egongo dira eta, tamalez, ez dirudi eskuinerako joera aldatuko denik.

Euskal Herriari dagokionez, Europar Batasunak espainiar Estatuaren jarrera babesten jarraitzen du; Europakoa beharrean, espainiar barne arazoa izaten jarraitzen du gureak. Hala ere, gero eta gehiago dira Euskal Herriko gatazkaren konponbidean Batasunak rol aktiboa jokatu beharko lukeela uste dutenak. Azaroaren 11n Friendshipak Europako Parlamentuan antolaturiko hitzaldian parte harturikoek horrela adierazi zuten. Oraindik gutxiengoa dira eta bitartean europar teknokratek Europar Batasuneko zerrenda beltzak euskal hiritar eta erakundeez betetzen jarraitzen dute.

Europako Jendarte Foroa. Malmon antolatu zuten Europako Jendarte Foroa. Turkian antolatuko dute datorrena. Horrelako foroek aukera politak ematen dituzte, elkar ezagutza eta proiektu bateratuak bultzatzeko. Teorian behintzat. Egoeraren azterketa sektorial bateratuak egitetik alternatibak eraikitzea beharko luke foro hauen helburua. Paperean horrela idatzirik dago behintzat: beste Europa bat posible da! Hala ere, eta beste askotan bezala, teoriatik praktikara alde nabaria dago, eta egun argi baiezta daiteke Europako Jendarte Foroak ez dituela helburu horiek bete. Beste Europa «posible» hori eraiki ahal izateko, beraz, Europako Jendarte Foroen formatua aldatu beharra dago, eta mugimendu sozialek beste mota bateko sareak eraiki beharko dituzte. Bestela jai daukagu. Neoliberalismoa ofentsiban dago, eta Europako jendarte mugimenduak tamainako erantzunak eta alternatiba errealak eraikitzeko gai ez badira ezingo zaio egoerari buelta eman.

Estaturik gabeko nazioak. Europan Estaturik gabeko herri asko dago. Urtean barna aipatu ditudanak: Eskozia, Flandes, Faroe Uharteak eta Groenlandia. Gehiago dira, askoz ere gehiago, baina denak azaltzea ezinezkoa da. Flandesen 2008a gobernua eratzeko akordioarekin hasi zen. Akordioa, hala ere, minimoetakoa zen, eta Estatuaren erreformaren inguruan adostasun batera heltzeko konpromisoa zegoen. Data ere jarri zitzaion. 2009. urtea heldu zaigu, Belgikako Gobernuak dimisioa aurkeztu berri du eta, bien bitartean, ez da Estatuaren erreformaren inguruan inolako akordiorik lortu. Eta ez dirudi epe laburrean lortuko denik. Funtsean, flandestarrak eskatzen duten estatuaren erreformak, eta bereziki segurtasun sozialaren federalizazioak, belgikar Estatuaren apurketa ekarriko luke epe erdira, eta waloniarrak ez daude, momentuz, horretarako prest.

2009. urtean flandestar eta europar hauteskundeak egongo dira, ekainean biak. Flandesen alderdi politiko guztiak defendatzen dute estatuaren erreformaren beharra, baina guztiek ez dute independentzia modu irekian aldarrikatzen. Hala ere, eta inkestek asmatzen badute, datozen hauteskundeetan Flandeseko independentzia aldarrikatzen duten alderdiek botoen %40 baino gehiago lortuko dituzte. Bitartean Flandesek independentzia bereganatzen jarraitzen du, pixkanaka eta atzera pausorik gabe: hezkuntza sistema propioa, nederlandera da hizkuntza ofizial bakarra...

Urte bukaerak Groenlandia izan du protagonista nagusi. Gutxi irakurtzen da Danimarkaren pean dagoen herri honen inguruan. Onartu berri duten erreferendumaren ostean, independentziatik inoiz baino gertuago daude. Denbora kontua baino ez da. Groenlandiak eta Danimarkak beren loturak nola askatzen dituzten negoziatu beharko dute. Baina argi dago: independentziaren aldeko erreferenduma egiten denean Groenlandiako gehiengoak alde bozkatuko du eta Danimarkak Groenlandiak harturiko erabakia errespetatuko du.

Faroe Uharteek konstituzio berria onartuko dute 2010ean antolatuko duten erreferendumean eta, Groenlandiak irekitako bidea jarraituz, Danimarkatik independentzia lortzetik oso gertu egongo dira. Eskoziak bere burua independentziarako erreferenduma antolatzeko prestatzen jarraitzen du. Eta Irlandako iparraldean bake prozesuan adosturikoak aurrera jarraitzen du. Hartara, Irlandaren batasuna denbora kontua baino ez da.

Eta Euskal Herria? Guk ere gure burua testuinguru europar honetan kokatu behar dugu, eta independentziara eramango gaituen bidean jarraitu. Datozen urteetan Europako mapa berriro ere aldatuko da, aipaturiko adibideek argi adierazten duten bezala. Independentziaren tren hau Euskal Herriko geltokitik ere pasa dadila.