-

Joxe Rojas

2008ko Abenduaren 12a

Guztira, 30 hedabide dabiltza Nafarroan informazioa euskara hutsez lantzen: sei irrati, bi telebista, hamaika aldizkari eta beste horrenbeste agerkari digital. Baliabide gutxi baina ilusio askorekin dihardute hedabide horiek, nafar euskaldunei haien inguru hurbileko errealitatea hurbiltzeko ahaleginetan. Funtzio bikoitza betetzen dute beraz: soziala, ingurukoaren berri eman eta komunitate zentzua indartzea sustatzen duten heinean; eta hizkuntza mailakoa, euskararen zabalkunde eta normalizaziorako tresna gisa.

Jendetza izugarria mugitzen dute euskarazko hedabide horiek haien inguruan: guztira, 56 profesional dituzte nominapean, 366 kolaboratzailez inguratuta. 2008an bi milioi eurotik gorakoa da guztien aurrekontuen batuketa, eta horrekin 4.300 orrialde idatzi eta 10.320 emisio ordu ekoitzi dira urte osoan. Paperezko aldizkariak 21.450 etxetara iristen dira puntual-puntual, eta ikus-entzunezko medioen audientzia potentziala 125.000 lagunek osatzen dute. Zenbaki potoloak dira, demografia zein ekonomia aldetik kontuan hartu beharrekoak, zalantzarik gabe: ia-ia 150.000 nafarren eguneroko ohituretan eta bizimoduan eragiten dute hedabideok, nafar guztien laurden batengan, alegia. Baina hori, antza, bost axola bertako administrazioari.

Ezaguna da, tamalez, Nafarroako Gobernuaren euskararekiko jarrera, nazioarteko erakundeek ere salatu dutena. Baina komeni da noizean behin hori errealitatean nola islatzen den gogora ekartzea. Nafarroako euskarazko hedabideek eta haietako asko biltzen dituen Topaguneak azken asteotan behin eta berriro salatu dutenez, Iruñeko gobernuak gupidarik gabe egurtu ditu aurten, inork merezi ez duen begirune falta izugarriaz tratatuz: urte hasieran, 310.000 euroko partida agindu zuen Gobernuak Euskararen Legea betez `hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko'. Hedabideek, datu hori esku artean, aurrekontuak prestatu eta urteroko lanari ekin zioten. Aginduta bai, baina artean banatu gabe zegoen diru horren erdia dagoeneko gastatuta zutenean, uda aurretik ezustea iritsi zen: krisia gora eta krisia behera, Ogasun Sailak erabat `blokeatu' zuen, diru-laguntzak zerora murriztuz. Handik hilabete batzuetara, egoera publikoki salatu eta zenbait bilera egin ondoren, hasierako diru-partida `partzialki' desblokeatu dute, eta urte hasieran hitz emandakoaren hiru laurden banatuko da azkenean. Gainontzekoa, legez aginduta zegoena eta, beraz, hedabideena ez beste inorena dena, nork bere kabuz atera beharko du.

Baina, ai, aurreko horrek euskarazko hedabideekiko eta haien kontsumitzaileekiko erabateko mespretxua nahikoa argi utzi ez balu bezala, halako batean 2009ko aurrekontuaren berri iritsi da. 2008an, 310.000 eurokoa zen partida hori, 9.567 eurokoa izango da datorren urtean. Ondo irakurri duzu: 9.567 euro, 30 hedabide, 56 langile eta bi milioi euroko aurrekontua duen sektoreari `laguntzeko'. Horixe da hedabideetan euskararen erabilera sustatzeak Nafarroako Gobernuarentzat merezi duen ahalegina. Euskararen Legeari eskerrak, Gobernua derrigortu egiten baitu kontzeptu horretarako diru-poltsa bat gordetzera. Sei zentimo urtean hartzaile potentzial bakoitzeko. `Erabaki teknikoa' izan dela argudiatu dute Iruñean, kontable batek egindakoa, krisiari aurre egiteko enkarguari ondo erantzuteko. Arraroa, nonbait, kontable berak erabaki baitu Euskarabidearen beste aurrekontu guztiak ere murriztea, dezente puztu diren goi-karguen soldatei eta komunikazio kanpainei dagozkienak salbu. Kontablearen erabaki teknikoaren ondorioz, Euskararen Nafar Institutua oskol huts bat besterik ez da izango datorren urtean, kokotekoak isilik jasotzeko besteko soldatak dituzten kargua izendatzeaz eta publizitate kanpaina ederrak egiteaz gain, beste ezer gutxi egiteko aukera emango duena.

Baina tira, berdin dio: suerte apur batekin, hori salatzeko ez baita euskarazko hedabide bat bera ere geratuko erresuma zahar guztian...