-

Isidro Esnaola

2008ko Azaroaren 14a

Nazioarteko harreman ekonomikoen inguruan hainbat neurri hartzeko eta finantza eta ekonomi krisiari aurre egiteko bilduko dira larunbat honetan G-20 taldea osatzen duten estatuak. Taldea 1999an bildu zen estreinakoz Berlinen, 1997ko eta 1998ko Asiako krisia kudeatzeko. Egunkariei kasu egiten badiegu, nazioarteko eredu ekonomiko berria jarriko dute abian; hori dela eta, bilerari Breton Woods II deitu diote.

Breton Woodseko bilera bigarren munduko gerraren bukaeran egin zen, eta bertan erabaki zen harreman ekonomikoen nazioarteko egitura. Eredu horretan Ameriketako Estatu Batuetako dolarrak rol nagusia bereganatu zuen. Hala, gainontzeko moneten balioa dolarra eredu hartuta finkatzen zen. Ez hori bakarrik, urrearekin truka zitekeen moneta bakarra dolarra zen; urre-patroia izenarekin ezagutzen zen sistema hori. Horrez gain, bi instituzio sortu ziren: gerra osteko berreraikuntza bultzatzeko ardura zuen Berreraikitze eta Garapenerako Munduko Bankua (BGMB) eta nazioarteko moneten arteko harremanak kudeatzeko zeregina zuen Nazioarteko Moneta Funtsa (NMF). AEBetako nagusitasuna ondo islatu zen Breton Woodsen hartutako erabakietan.

Eredu horrek ez du gaur egun arte iraun. 70eko hamarkadan, AEBek urre-patroiaren sistema baztertu zuten aldebakarreko erabaki baten bitartez. Ondoren, horrekin lotuta zeuden moneten arteko truke koefiziente finkoak bertan behera gelditu ziren, merkatuen arabera aldatzera igaroz. Gaur egun ezagutzen dugun eredua da hori; hau da, oporretara joan aurretik gure norakoaren monetaren balioa ezagutzeko kontsultatzen dugun eredua. Sortutako instituzioetan ere aldaketak izan dira. Europako berreraikuntza bukatu ostean, BGMB askatasuna lortzen ari ziren koloniei begira jarri eta garapen programak bideratzen hasi zen. NMFren zeregina asko aldatu da. Nazioarteko moneten arteko kontuak kudeatzetik estatuen «aholkulari» lana egitera igaro da. Askotan entzun ditugun «doikuntza» programak ere egiten ditu. Breton Woodsen 1944an adostu zenetik ez da apenas ezer gelditzen jada. Gaur egungo nazioarteko harreman ekonomikoek ez dute zerikusirik garai hartan erabakitakoarekin. Instituzioak eta izenak mantendu dira, baina izana erabat aldatu da, batez ere, AEBek hartutako aldebakarreko erabakien ondorioz. AEBek bere botereaz baliatu dira aldioro interesatzen zitzaiena lortzeko. Zentzu horretan, larunbat honetan erabakiko dena ez da 1944ko konferentziaren segida izango, beste zerbait baizik.

Bestalde, ez du ematen erabaki handirik hartuko dutenik, estatu bakoitzaren interesak oso ezberdinak baitira. Bileratik eskuak loturik irteterik ez dute nahiko AEBek. Gainontzeko estatu gehienek, berriz, arau batzuk finkatu nahiko dituzte beren finantza sistemen segurtasunerako. Europar Batasunak bi ordezkari izango ditu: Europar Batasuneko lehendakaria eta Britainia Handikoa, Sarkozy eta Brown. Krisia bideratzeko lidergoa lortu nahi dute, baina ez batak ez besteak ez dute botere nahikorik. Krisi garaian estatu bakoitzak bere barne arazoak kudeatzea izango du helburu, ez nazioarterako eredu justu eta demokratikoa eraikitzea. Txina, adibidez, neurri propioak hartzen ari da. Aurreko astean, presidenteak berak onartu zuen Txinako hazkunde ekonomikoa geldituz gero, enplegua, zerga bilketa eta garapena arriskuan egongo direla, eta horrek egonkortasun soziala ere arriskuan jarriko duela. Astelehenean, Gobernuak plan bat onartu zuen; aldiz, ez dago bankuak salbatzera bideratuta. Munduko ekonomia krisi sasoian sartu da eta orain artean Txina izan da esportatzaile nagusia. Egoera ikusita, Txinak bere esportazioak jaitsiko direla aurreikusten du, baita eragin negatibo horri aurre egiteko barneko merkatua sustatu beharko duela ere. Horretarako, behartsuen aldeko plana onartu du; bertan, landa eremuetako azpiegiturak garatzea edota herritar pobreentzat etxebizitza duinak egitea aurreikusten da. Horrek Txinako presidenteak esandakoa literatura ez dela frogatzen du; hau da, «krisiak egonkortasun soziala arriskuan jarriko du» zerbaitegatik esan zuela. Dirudienez, Txinako buruzagiek azken urteotako kapitalismo basatia mantentzerik ez dutela ulertu dute.

Aldaketa garaian gaude eta bakoitza duen indarraren arabera finkatzen joango da. Baina, momentuz, ez herritarrok ez herriak ez gaude joko horretan.