-

Joxe Rojas

2008ko Azaroaren 14a

Ez badakizue ere, duela gutxi hauteskundeak izan dira Estatu Batuetan, eta Obama izeneko morroi batek irabazi ditu... horrez gain, CNN telebista kateak sasi-holograma bat erabili zuen korrespontsal baten kronika emateko, berriemailea platoan aurkezlearekin batera zegoen itxura emateko.

Horretarako, itzelezko ekipo teknikoa erabili zuen CNNk: 44 kamera eta 20 ordenagailu. Euskal Herriko edozein hiriburutako tokiko telebista duin bat (edo bi!) muntatzeko besteko hornikuntza, telefonoz berdin-berdin egin zitekeen kronika ziztrin bat emititzeko.

Halaxe etortzen dira, gero, etortzen diren kontuak: AP albiste agentziak uda partean egindako ikerketa baten arabera, publikoak, eta batez ere gazte jendeak, «albiste nekea» pairatzen du. Kazetaritza ereduetan azken urteotan izandako aldaketen ondorioz, gero eta gaitasun txikiagoa daukagu albisteetako istorioetan sakontzeko, etengabeko titular eta informazio laburren bonbardaketarekin bizitzera ohitu garelako.

Hori gutxi balitz, kontsumitzeko molde berriek aldi berean informazio iturri ugari kontsultatzera bultzatzen gaituzte: egunkari digitaleko titularrak deskargatzen diren bitartean posta kontsultatzen dugu, eta bide batez blogetan-eta saltsan ibiltzen gara... Horrek ere ezinezko egiten du arreta albisteetan jartzea, eta eragozpen handiak sortzen ditu albisteak sakonki ezagutzeko. «Intoxikazioa» deitu zaio sarritan fenomeno horri: larregizko informazioak sortutako intoxikazioari, informazio hori bereganatzeko eta ulertzeko ezintasunari. Klasikoenek, akaso, «desinformazioa» nahiago izango dute

Txarrena da horrek, azken batean, amaierarik gabeko soka bat sortu duela: informazio gutxiago kontsumitzen da, edo, hobeto esanda, kalitate eskasagoko informazioa kontsumitzen da, hedabideek sortutako gehiegizko bolumenaren ondorioz. Horrek hedabideen kontsumoari eragiten dio, txarrera, noski, eta konpontzeko, ikusgarritasunaren aldeko apustua egiten da hedabideotan, informazioaren kalitatea alde batera utzita. Ondorioz, kalitatezko informazioa nahi duen jendeak albiste iturri alternatiboak bilatzen ditu ohiko hedabideen ordez... eta buelta hasierara.

Telebista aipatu dugu, baina bestelako komunikabideetan ere antzeko joerak ikusten ari dira: idatzizko prentsak, batez ere egunkariek, gero eta gehiago jotzen dute informazioa ahalik eta dosi txikienetan ematera, irakurterraztasunaren eta gazteen estiloarekin bat egitearen aitzakian.

Beraz, sakoneko analisiak, azalpen luzeak eta gertaeren testuinguruen berri izan nahi duenak informazio iturri propioak bilatu behar ditu eta, jakina, ondoren dator negarra: prentsa gero eta gutxiago irakurtzen dela, publizitateari esker lortutako diru-sarrerak maldan behera doazela eta abar eta abar.

Beste alde batetik, egia da horrelako zerbait egin beharra zegoela Amerikako Estatu Batuetako hauteskundeak diren zirku handi horretan arreta apur bat bereganatzeko, baina pentsa, informazio alorra benetan aberasteko zenbat gauza egin litezkeen holograma ditxosozkoa egiteko inbertitu den dirutza guztiarekin...