Itoiz taldeko baxu jotzaile moduan ezagutzen dute musika zaleek Joxe Garate «Foisis". Gerora, Kordobako orkestrako kide izan zen eta, 1993ko udaberritik, Bilboko Orkestra Sinfonikoan kontrabaxua jotzen du. Hasieran arkuarekin jotzen zela ere ez zekien, baina, egun, izugarri maite du lanbide duen instrumentua.
Rebeka Parras
2008ko Azaroaren 14a
Indar Trabes berbena taldean hasi ziren Itoizko musikariak. Beraien musika ekoitzi eta jotzea nahi zuten arren, egoera ez zen erraza eta, ondorioz, Indar Trabes taldea sortu zuten. 1974. urtea zen eta Gernika inguruan ezagunak egin ziren, herrietako jaiak animatuz.
Baxua jotzen zuen Joxe Garate Foisis musikariak garai hartan eta inolaz ere ez zuen pentsatuko hogei urte beranduago orkestra batean joko zuenik. «Inolaz ere ez nuen imajinatzen, baina hala etorri da», azaldu du Joxek. Indar Trabes berbena taldea 1977ra bitartean ibili zen kontzertuak eskaintzen; Itoiz taldea sortu arte, hain zuzen.
Joxe Garate Ondarroan jaio zen 1958. urtean eta txikitatik sentitu du musika gertuko. Indar Trabesen jotzen hasi zenerako, txistua, gitarra eta bandurria jotzen eta elizako abesbatzan aritua zen. Bere lagun eta taldekide Juan Carlos Perezekin ekin zion Itoitzeko ibilbideari; Itoizek agur esan arte elkarrekin mantendu ziren taldeko bi kide bakarrak izan ziren.
1978. urtean Itoiz eratu eta Indar Trabes berbena taldea desegin egin zuten. «`Itoiz' izeneko lehenengo diskoa grabatu genuen 1978ko Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkezpena egiteko. Horren ondoren, talde moduan desagertu ginen, gutako bik soldaduskara joan beharra izan genuelako. Gu soldaduskan ginen bitartean, Juan Carlosek bigarren diskoa egin zuen, `Ezekiel' izenekoa», azaldu du Garatek. Soldaduska Valentzia eta Castellon egin ostean, Euskal Herrira itzuli zen Foisis.
Euskal Herrian bueltan zela, 1980an, Juan Carlosek berriz elkartuko ote ziren galdegin zien taldekideei. Garatek pozik hartu zuen proposamena eta, kontent azaldu digunez, zalantza izpirik uzten ez zuen erantzuna eman zion: «Aurrera!».
Agertokietara itzuli beharra zutela-eta, baxua hobeto jotzeko zer egin ote zezakeen buruan bueltaka zeukan Foisisek. «Lagun batek kontrabaxua probatzeko esan zidan orduan», gogoratu du. «90 urte zituen gizon batekin ikasten hasi nintzen; berak musika klasikoa irakatsi zidan», azaldu du. «Lehenengo aldiz irakaslearengana joan nintzenean, `tori' esan zidan. `Baina, zer da hau?' galdetu nion harrituta. `Arkua' erantzun zidan berak. `Zer uste duzu ba? Kontrabaxua arkuarekin jotzen da! Ez al dakizu kontrabaxua arkuarekin jotzen dela?' esan zidan irakasleak txundituta. Nik, egia esan, ordura arte ideiarik ere ez nuen kontrabaxua hala jotzen zenik!», azaldu digu barrezka.
Horiek horrela, kontrabaxua jotzeari ekin zion. Aitortu digunez, zenbat eta gehiago jo, instrumentua are eta gehiago gustatzen hasi zitzaion. 1980tik 1988ra klaseak jaso zituen. Goizetan, irakaslearengana joaten zen lehenik eta kontserbatoriora ondoren; arratsaldetan, Itoizekin entseatzen zuen. Hala, egun guztia musikaren inguruan ematen zuen eta, unibertsitateko ikasketei ekin bazien ere, bertan behera utzi zituen azkenean musika ikasketak baino maiteago zuelako.
Itoiz taldeak zortzi disko argitaratu zituen; azkena, 1988an. «Eremuko dunen atzetik dabil» publikatu ostean, taldea desegin egin zen. «Kontrabaxua jotzen hasi banintzen, ez zen kontrabaxua jotzen ikasteko izan, baxua hobeto jotzeko baizik», azaldu du. Pixkanaka, aldiz, gustua hartu zion Joxek kontrabaxuari eta kontserbatorioan ikusten zituen orkestra txikietan parte hartzea nolakoa izango ote zen galdetzen hasi zen bere buruari.
Hori dela eta, Itoiz taldea desegin zenean, kontrabaxua jotzen jarraitzea erabaki zuen. Horrekin batera, ikasketak eta oposaketak prestatzeari ekin zion, betiere orkestra batean jotzeko ilusioa ardatz hartuta.
Azkenean, 1992an, Kordobako orkestran postu bat betetzeko oposaketak izan ziren eta Joxe bertan aurkeztu zen. «Lau pertsona aurkeztu ginen orotara; bi espainol, errumaniar bat eta ni», azaldu du. Azterketaren momentua heltzen denean, musikariak bionbo baten atzean jartzen dira eta epaileak beste baten atzean. «Bakoitzak zenbaki bat du eta ez musikariek ez epaileek ez dute ezer ere ikusten. Erabaki bat hartzen dutenean zein zenbakik merezi duen postua esaten dute. Hau da, `hamabigarrenak postua merezi du' esaten dute, neska, mutila, zuria, beltza, txiletarra edo indioa den jakin gabe», azaldu du.
Kordoban egindako azterketa gainditzea lortu zuen Garatek. «1992an Kordobako orkestran sartzea lortu nuen eta ia urtebetez han egon nintzen», adierazi du. Handik urte eskas batera, 1993ko udaberrian, Bilboko Orkestra Sinfonikorako (BOS) oposaketa deia izan zen eta Garatek aurkeztea erabaki zuen. «Bilboko oposaketetan sei lagun aurkeztu ginen eta bi plaza libre zeuden». Frantziako neska batek eta Garatek berak lortu zituzten postuak eta neskak handik bi hilabetera lana utzi bazuen ere, Foisis oso pozik da lortutako lanpostuarekin. Hamabost urte bete dira jada lehenengo entsegu egunetik, baina oso gustura jarraitzen duela aitortu digu. «Nire lanbidea asko gustatzen zait eta, beraz, gustura etortzen naiz entseatzera», adierazi du.
Noizbait orkestrako zuzendariak saioren bat bertan behera utzi behar badu, penaz joaten da Foisis etxera. «Ez naiz aspertzen», jarraitu du, «egunero etortzen naiz entseatzera eta ondo pasatzen dut. Hogei minutuko atsedenaldia dugu eta, tarte horretan, harremanak egiten ditugu. Nik zortea daukat; lanera gustura etortzen naizelako, ondo pasatzen dudalako eta gainera, gustatzen zaidana egiteagatik kobratzen dudalako!», esan du pozik.
Orkestran beste 100 pertsonarekin batera jotzerakoan, izugarri gozatzen duela aitortu du Garatek. Ez hori bakarrik, musika jotzeak bueltan poztasun handia ematen duela ere esan du.
Itoiz taldean izan zuen esperientzia oso polit eta interesagarritzat du. «Gustatzen zitzaiguna egiten genuen, baina, egia esan, gure aukeren mugan ginen. Hau da, genekien guztia hori zen eta ezin genuen gehiago egin», adierazi du. Gainera, Itoiz taldean jo izan ez balu, orain BOSeko musikaria izango ez zela uste du. «Esperientzia oso aberasgarria izan zen. Gaur egun orkestra batean egon ahal izateko tranpolin bat izan zen. Esperientzia hori gabe, egun ez nintzen orkestra batean ariko, agian itsasoan lanean aritu beharra izango nuke», ondorioztatu du musikariak. Orain bizi den munduan egoteko sarrera gisa ikusten ditu Itoiz taldeko garaiak, baina azkeneko kontzertu bat emango lukeen galdetuta, baietz erantzun du. Gerora begira konpromisorik gabe joko lukeela aitortu du. Kontutan hartu behar da aurten taldearen sorreraren 30. urtemuga bete dela eta, horren harira, «Itoiz (1978-1988)» CD-DVD bilduma kaleratu dutela. Orkestraren edo Itoiz taldearen artean zein nahiago duen galdetuta, ondokoa du. «Jada 50 urte ditut! Ezin dut aukeratu! Burusoila naiz eta ia 100 kilo pisatzen ditut!», amaitu du umoretsu Joxe Garate musikariak.




