Okupazio bulegoa -

Bilboko okupazio mugimenduak bultzatuta, Okupazio Bulegoa martxan dago Bilbon. Kontsultak, aholkuak, elkarlana, esperientziak... oro har, okupazioaren inguruan lanean dabiltzan guztientzako topaleku bat eratu nahi dute. Ostiral arratsaldero, Alde Zaharreko Ekoetxean bildu eta interesa duen ororentzat ateak zabaltzen dituzte.

Rebeka Parras

2008ko Azaroaren 14a

Okupazioa, azkenaldian gero eta indar handiagoz entzuten den hitza da. Horren arrazoiak ugariak dira: etxebizitza eskubidea aldarrikatzea, desberdintasun ekonomikoak salatzea, espekulazioaren aurrean horma bat finkatzea, instituzioek bideratutako politiken eraginkortasunik eza ikusaraztea, lan baldintza prekarioen areagotzea jakitera ematea...

Horiek horrela, Bilboko okupazio mugimenduaren barruan, etxebizitzarekin zerikusia duten hainbat arlo lantzeko eta lan hori bideratzeko talde bat sortu zela azaldu du Hibai Castrok, Bilboko Okupazio Bulegoko kideak. Lan talde horrek, Bartzelonako okupazio bulegoko esperientzia ikertu eta aztertu zuen denbora luzez. Azkenik, abokatu talde batekin harremanetan jarri eta okupazioaren inguruko aukerak, legeak eta eman beharreko pausoak aztertu zituzten.

Orain dela hilabete inguru, Bilboko Ekoetxean ireki zuten ofizialki bulegoa eta, oraingoz, oso harrera ona duela adierazi du Iñaki Carrok, ekimeneko kideetako batek. Ostiral arratsaldetan, 18:00etatik 21:00etara Pilota kalean batzen dira. Zazpi pertsonez osatutako lan talde bat da, eta, lege eta zuzenbide aholkularitza eskaintzeaz gain, sare bat eratzea dute helburu, erasoren bat izanez gero, erantzun bateratua emateko aukera eduki dezaten.

«Alde batetik, kontsultak jaso eta bestetik, zerotik hasten direnentzako, edota okupatzeko gogoa dutenentzako gutxieneko informazioa ematen saiatzen gara» adierazi du Hibaik. «Hau da» jarraitu du, «kontuan eduki beharreko alderdiak eta arazoak; jarraitu beharreko pausoak; informazio trukeak... Sor daitezkeen arazoak lantzeko topaleku bat eraiki nahi dugu».

Etxe okupatuen arteko harreman sare bat eratu nahi dutela azaldu du Iñakik. «Oraingoz, sarearen helburua etxe okupatuen artean harremana edukitzea eta erantzun bateratuak ematea da. Norbait botatzen badute, beste etxe batean jasotzeko edo beste okupazio batekin erantzuteko prest egotea...» esan du kideak.

Eztabaidarako garaia

Bilboko Okupazio Bulegoko kideek, etxebizitza eskubidea errespetatzen ez den bitartean aukera, tresna eta alternatiba zilegitzat joko dute okupazioa. Halere, zilegitasuna hizpide hartuta, argi utzi nahi izan dute jendarteratu beharreko benetako eztabaida dela, etxebizitza huts bat edukitzea zilegia ote den ala ez. Izan ere, gazteek emandako datuen arabera, soilik Bilboaldean, 16.000 etxe huts daude eta beraz, kideen aburuz, horren gainean egin beharko litzateke eztabaida. «Hemengo legediak, etxebizitza eskubide gisa tipifikatzen du, eta aldi berean, gobernu eta instituzioek espekulazioaren aurka borrokatu behar dutela dio. Baina, hemen, juxtu kontrakoa gertatzen da; erakunde publikoek bultzatutako proiektuetan espekulazioa zilegi da» ondorioztatu du Iñakik. Gainera, babes ofizial eta antzeko ekimenetako zerrendak loditzen dituzten pertsona guztiak, 16.000 etxe horietan sartuko liratekeela nabarmendu nahi izan dute.

Europako beste herrialde batzuetan, legeak etxebizitza bat hutsik edukitzea zigortzen duela adierazi dute bi kideek. «Alemanian adibidez, gobernuak etxebizitza hutsak desjabetu ditzake; Holandan, etxebizitza bat urtebetez baino gehiago hutsik egon, eta norbaitek okupatzen badu, hor ez dago deliturik. Jabeak berreskuratu nahiko balu, eskubide osoa luke, etxebizitza horri erabilpen bat (alokairua, edo bizitzeko) emango diola ziurtatuz gero» azaltzen jarraitu du Iñakik. Euskal Autonomi Erkidegoan, Javier Madrazo Etxebizitza sailburuak antzeko lege bat iragarri zuen. Bertan, etxea hutsik dagoen egun bakoitzeko 9 euroko kanona ezarri nahi zutela argitu dute; baina azkenean, bere horretan gelditu zela-eta, kritikatu dute. «Gaur egun, ez da zigorrik ezartzen etxebizitza hutsik edukitzeagatik eta Europako beste herrialde batzuetan, ordea, bai. Etxebizitza hutsik edukitzea legez zigortu egin beharko litzatekeela uste dugu» gaineratu du Hibaik.

Egoerari aurre egiteko, okupatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute. Gainera, okupazioa gazteen kontua dela irudikatzen duen estereotipoa ezabatu nahi dute. Egungo lan munduak eta ekonomiak duten egoera ikusita, pertsona ugari kaltetuko direla uste dute eta beraz, pertsona horiek alternatibak bilatu beharrean izango dira. Hori dela-eta, denborarekin, okupa bakarrak gazteak direla dioen estereotipoa apurtu eta pertsona helduen tresna bihurtuko dela ere uste dute kideek.

Gainontzeko alternatibek agertzen dituzten zailtasunak nabariak dira. «Izugarrizko alokairu edo hipotekak... horrek gure bizitzan nola baldintzatzen gaituen onartezina da», baieztatu du Hibaik. «Krisialdi honen bidez argi ikusten da etxebizitzak balio izan duela diru publikoa poltsiko pribatuetara bideratzeko, eta, hori, Madrazok eta Bizigunek egiten dute. Guk guztiok jarritako dirua poltsiko pribatutara doa. Gaur egungo aberatsek, nola lortu dute hainbeste aberastea? Eztabaida hau kalera atera behar dela uste dugu», gehitu du Iñakik

Okupatzeko prozedura

Okupazio bat egitean jarraitu beharreko pausoak eta ekintza horrek ekar ditzakeen ondorioak azaltzen dituzte, Bilboko okupazio mugimendu eta bulegoak argitaratutako Okupazio Gidan. Bulegoko kideek azaldutakoaren arabera, etxearen hautaketa da lehenengo pausoa, eta garrantzitsuena. Etxearen egoera, teilatua, lurra... kontuan hartu beharreko lehenengo puntuak dira. Halaber, bizilagunak, argindarra eta ura, berrikuntza lanak... gauzatzeko modua, husteko agindu baten aurrean bertan gelditzeko aukera gehiago ematen dizkizu. Okupazio Gidan jakitera eman dituzte bai aholku horiek, bai ondorio penalak. «Garrantzitsuena, etxearen hautaketa bera da. Etxearen baldintzak nolakoak diren, horren arabera, etxearen okupazioa arrakastatsua izateko aukera gehiago egongo da», azaldu du Iñakik. «Ondoren, etxearen egoera begiratu behar da; legez norena den, benetan abandonatuta dagoen ala ez, jabeak hemen dauden edo kanpoan bizi diren...» esan du.

Prozesu horrek ekar dezakeen ondorio latzenaz galdetu, eta berarentzako latzena, egun batetik bestera kale gorrian gelditzea dela adierazi du Iñakik. Halere, uste dute garrantzi handia duela okupazioa bera gauzatzeko moduak. Izan ere, Kode Penalak ez du okupazioa delitutzat jotzen; usurpazioa aldiz, bai. «Delitua, ondasun juridiko bat kaltetzen duzunean gertatzen dela aldarrikatzen dugu; baina, ondasuna ez badago kaltetuta...», aditzera eman du Hibaik.

Halere, arazo juridikoak dituzten lagunei bulegora joateko deia egin diete. «Guk bulegoan aholkularitza juridikoa ematen dugu, eta horretaz gain, lau edo bost abokaturekin ere hitz egin dugu eta epaiketak aurrera eramateko prest agertu dira, helburutzat jarrita zigorrik ez egotea» azaldu du Iñakik.

Bilboko okupazio mugimenduko kideak pozik agertu dira bulegoak orain arte izandako harrerarekin. Azaldu dutenez, hedabide ugaritatik deitu zieten hasieran, eta gehienek, jarrera baikorra agertu zutela adierazi dute. «Alde batetik, guk uste dugu hedabide batzuetan atera diren elkarrizketengatik, nahiko harrera ona izan duela; jendea, bulegora etorri da animoak ematera eta guzti!» esan du Iñakik, pozik. «Jendeak» jarraitu du, «gaur egungo egoera ikusita zilegi ikusten du okupazioa. Bestetik, Hibaik esan duen bezala, zenbat etxe daude okupatuta Bilbon? Ez dakigu, lehen esan dugunez, bide bakartia delako. Ez bazaude talde edo sareren batean bakarrik zaude. Okupazio Bulegoa irekiko zela jendartean hedatu zenetik, jende mordoa hasi da etortzen, galdetzen...», esanez amaitu du Iñakik.