Josu Imanol Unanue
2008ko Azaroaren 14a
Laster, hemendik gutxira, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango denean, ohartuko gara Hiesaren eragina nolakoa den, eta guztiok lazo gorri bat sentituko dugu gure kontzientzietan jarrita, bai, Hiesa hor dagoelako, mamua izango balitz bezala, edonori etorkizuna izorratu ahal diona. Gainerakoetan, aldiz, urrunetik eta patxadaz -ezertaz arduratu gabe- osasun onak ematen duen patxada madarikatuak liluratuta, bizi izaten ditugu bai egun hori bai besteak.
Alabaina, honekin bizi garenok jakin badakigu ez dela beste egun bat gehiago. Ez delako erraza gizarte honetan, eta egunero, honela bizitzea, beti zalantzan, beti beldur, beti denboraren joan-etorriari adi, geure gorputzetan zerbait gertatuko den ala ez jakin gabe, eta horren ondorioz, halaxe gure inguru hurbilean izan daitezkeenak ere.
Gaur bertan, hau idazten nagoen bitartean -barruko mamarruak zer egingo didan ez dakidala-, egun horretaz pentsatzen hasi naiz. Ni ere edozelan nabilelako, asko arduratu gabe, lanean, nekatuta, pozik, denbora osoa ondo aprobetxatu nahian. Baina egutegira begiratu eta konturatu naiz medikuari bisita zor diodala, berriro beraiek nire odol tantak analizatzeko eta handik gutxira emaitza berriak ezagutzeko eta jakiteko, azkenean, botikak hartu behar ditudan ala ez, egia izango ote da botikak hartu beharko ditudala?
Hasieratik ezagutu nituen izurrite honi buruz zeuden teoria guztiak. Ezinbestekoak zirela: bizi kalitatea zaintzea; berriro ez kutsatzea; ondo elikatzea eta behar nituen laguntza guztia eskura izatea beti. Horrela, aktiboki lan eginez, eutsi egin nien neure erronka guztiei, biziraupena helburutzat hartuta. Erantzunik ez bazegoen, aurkitzen nuen; laguntza talderik ez bazegoen, sortu; eskubiderik onartzen ez baziguten, antolatu, aldarrikatu, eta lortu; irtenbiderik ez bazegoen, bultzatu... Horiek ziren, besteak beste, nerabiltzan ideiak.
Gure alde abantaila asko zegoen, azken finean, ez ginen lehenak ezbehar bat izaten, aspaldiko gaitzekin ondo hedatuta zeuden baliabide anitz, eta gainera, denak prest zeuden ikasitakoa azaltzeko, horrela, eman beharreko urratsak erraztuz.
Nik ere dena erabili nuen gaixo berri honen aurrean prebentzio neurriak martxan jartzeko, nola ez! Lehenengoak guk jarri genituen gizarteko sektore askoren iritzien aurka, baina denbora pasa ahala guztiek bat egin zuten gure helburuekin; gure aldarrikapenekin, ordea, ez horrenbeste.
Baina istorio honetan denborak nolako garrantzia daukan ahaztu dut eta bere eragina nire gorputz kaltetu honetan. Barruko birus txikiak jan ditu osasuntsu bizitzeko behar nituen indarrak. Hortxe mugan ditut CD-4ak, hor doa Gib kopurua nire barnean gorantz, eta orain osagileen esanetan, hurrengo proben emaitzen arabera, pilulak sartuko dira -edo agian ez- nire bizitzan.
Ez dut uste nire egunerokotasuna asko aldatuko denik, segundo gutxi batzuetako erritua izaten da, badakit, nire inguruan aspaldi ikusi eta ikasitakoa delako... Baina norberak hartu beharrak kristoren zirrarak dakarzkit.
Hara hemen, nola metatu ditudan momentu honetako indarrak: neure zalantzak bakardadean sentitu beharrean, hasi naiz neure inguruan zabaltzen aitzakiaren bat erabilita. Zuek neure lagunak izan eta sentitzen zaretenoi une latz baten sentitzen naizela jakinarazteko, berriro ere neure biziko aldaketa handi baten aurrean ahul sentitzen naiz baina baita xamurrago ere, hurbilago beti neure inguruan egon zareten guztiekin.
Aurtengo abenduaren 1a oso berezia izango da niretzat, urteekin gogortutako sentimenduak biguntzen hasi zaizkidalako eta konturatu naizelako ez garela gutxi, egoera honi esker, bizitzak merezi beste baloratzen dugunok. Dena den, jarri zure baliabide guztiak klubean ez sartzeko!




