-

Dorleta Urretabizkaia, aktorea eta idazlea

2008ko Azaroaren 14a

Amaitu da aurtengo fantasiazko eta beldurrezko astea. Amaitu dira beltzez jantzitakoek Antzoki Zaharrean egindako ilara luze eta animatuak. Banpiroak, beleak, hiltzaileak, hildakoak eta garezurrak euren etxeetara edota hilobietara itzuli dira datorren urtea noiz iritsiko zain. Eta baita Antzoki Zaharra ere. Aste betez bizitako parranda amaituta, bere betikotasunera itzuli da, ozeneko iruzkin gabeko egoera normalera, garagardoak eta oihuak tabernarako geratzen diren garai lasaietara. Banpiroak eta zonbiak euren hilobietara itzuli dira eta antzokia hutsik geratu da. Beltzez jantzitako beleak ere, euren etxe edota habietan sartu dira, datorren urte arteko lo luzeari hasiera emanez. Baina gaueko izaki hauek euren zuloetan ezkutatu badira ere, sorgin eta bele beltzez beteriko hiri honetan, badira loa kentzeko hainbat istorio zahar.

Donostiar gazte bati gertaturiko istorioa kontatu zidan norbaitek duela gutxi. Antza denez, mutiko gazte hau, zinera joan zen egun gris, ilun eta euritsu batean. Eta zinean sartzear zegoela, neska bat ikusi omen zuen atarian bakarrik. Jakin-mina piztu eta hizketarako gogoz gerturatu zitzaion mutila. Neska ikusi orduko, txundituta geratu zen. Ile beltza zuen, oso luzea, eta oihal zuri baten moduko azalean, itsasoa ziruditen bi begi urdin. Pixka batean hizketan jardun zuten eta euria barra-barra hasi zenean, hotzik ez ote zuen galdetu zion mutilak. Soineko zuriz jantzitako neskak baiezkoa erantzun zion, eta mutilak, bere berokia luzatu zion zaldun. Gero arte batekin elkarri agurtu eta zinera sartu ziren biak, norbera bere eserlekura.

Pelikula amaitu zenean, mutila zinematik atera zen begiradarekin neska zurbil eta ederra bilatzen zuela. Baina ez zuen neska ikusi. Sarrera eta inguruak ondo begiratu bazituen ere, ez zuen neskaren arrastorik topatu.

Hurrengo egunean, berokia berreskuratu nahian, neskak esandako bizilekura joatea erabaki zuen. Euria ari zuen eta auto zaharrak kostata igo zuen Uliako malda bustia. Neskak esandako lekura iritsi zenean, etxe handi eta zahar batekin egin zuen topo. Autoa bertan utzi eta etxeko atea jo zuen. Une batez zain egon ostean, emakume batek zabaldu zion atea. Mutilak neska gazteaz galdetu zionean, emakumeari kolpetik aldatu zitzaion aurpegia eta muturren aurrean itxi zion atea. Baina mutilak, etsi gabe, berriro jo zuen. Ez zuen erantzunik jaso eta joatear zegoen unean, atea zabaldu egin zen poliki. Andrea zen, beroki zahar bat zuen soinean eta begi gorrituekin jarraitzeko keinua egin zion. Auto zahar batean sartu ziren biak eta hitzik esan gabe, Uliako maldan behera abiatu ziren. Bidea bustita zegoen eta bazirudien euriak ez zuela geratzeko asmorik. Laino gris eta euri artean, Polloeko hilerrian geratu ziren arte.

Andrea autotik jaitsi zen eta jarraitzeko keinua egin zion gazteari. Hilerria zeharkatzen ari zirela, alaba duela hilabete hil zitzaiola esan zion emakumeak. Mutil gazteak ezetz esan zion, aurreko gauean berarekin hizketan egon zela. Andreak auto istripu batean hil zela esan bazion ere, mutilak ezetz, zinemako atarian ikusi zuela joan zen gauean eta Uliako etxe horretan bizi zela esan ziola. Emakumeak ez zion ezer gehiago esan, eta bideari ekin zion. Mutilak hura guztia sinesterik ez bazuen ere, mutututa geratu zen, neskaren hilobian bere berokia ikusi zuenean.

Fantasiazko eta beldurrezko astea amaitu bada ere, ez daukagu beldurrezko istorio faltarik hiri zahar honetan. Eta udazken eta neguko euri eta hotzak aukera paregabeak eskaintzen dizkigu istorio zahar hauek entzun eta kontatzeko. Eta batek daki, baita gertatzeko ere! Beldurra gure hezurretan bizi baita, eta jan apur bat eman orduko, zizta egiten digu hezur, haragi eta azalean.

Eta ziztada honek, oraindik bizirik gaudela eta mundu hau misterioz beteta dagoela gogorarazten digu.