-

Josu Juaristi

2008ko Azaroaren 14a

Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetara EAJrekin ez dela joango iragarri zuen Eusko Alkartasunaren Exekutibo Nazionalak joan den astelehenean. Iragarpenak hautsak harrotu zituen, EAJren inguruan bereziki, Iñigo Urkulluren alderdiaren inboluzioak zeresan handia izan baitu EAren erabakian. Horren aurrean, Erkorekak, Egibarrek edota Gerenabarrenak abertzaletasun irakaspenik ez dutela onartuko adierazi zuten, inor baino abertzaleagoak direla, alegia. EAJk ez du irakaspenik nahi, are gutxiago bera ez den beste inork protagonizatutako «abenturarik».

GARAk asteartean eman zuen Eusko Alkartasunaren erabakiaren berri, albiste nagusi bezala. Egun bat geroago, asteazkenean, Unai Ziarreta EAko presidentea Joseba Azkarragarekin eta Elisa Sainz de Murietarekin agertu zen komunikabideen aurrean, hartutako erabakia arrazoitzeko eta azaltzeko. Gatazkaren konponbidea izan zuen hizpide Unai Ziarretak, hitzok erabiliz: «Gehiengoaren babesa lortuko duen burujabetzaren aldeko mugimendu zabal baten antolaketaren bidez bakarrik iritsiko da soluzioa, horrek, bide baketsuak eta demokratikoak erabiliz, ahalbidetuko duelako egitasmo politiko guztiak, independentziaren aldekoa barne, aurrera eramatea posible egingo duen marko juridiko-politiko berria sortzea».

Asteazkenean, ordu berean, ezker abertzaleak ere salto egin zuen plazara kontu honekin, EA «zintzo» ari baldin bada, burujabetzaren bide horretan elkarlana posible dela esateko. Ezker abertzaleak pozez hartu zuen EAk EAJren magaletik aldentzeko hartutako erabakia, EAJ-EA koalizioa eteteko erabakia, alegia.

EAren mugimenduak eta ezker abertzaleak egindako gonbitak eta betiko konpromisoak, burujabetzaren eta independentziaren aldeko mugimendu zabal baten beharra beste behin bistarazteko balio izan dute. Eta ez da gutxi. EAJk hartutako bidea, aktore hauen iritziz, atzerakoia da herri honen eskubideei dagokienez.

Honaino, laburbilduta, azken aste honetako gertaeren eta deklarazioen azalpena. Bistarazten dutena aipatu dugu, dagoeneko, burujabetzaren edota independentismoaren aldeko mugimenduaren beharra (dei diezaiola bakoitzak nahi duen bezala). Hortik aurrera, lan esparru ikaragarri zabala dago, guztiek eman beharrekoa emanez gero, oso emankorra izan daitekeena.

Giltza, edo giltzetako bat behinik behin, estrategia bera da, bistan baitago horrek markatuko edo ezaugarrituko duela bidea. Mugimendu horren aldeko atxikimendu soziala eta demokratikoa lortzea bada estrategia, bideak asko emango du, eta guztiei eskatu ahalko zaie duten guztia eta gehiago jartzeko ahaleginean. Ibilbidean etorriko da gehiengo sozial eta demokratiko horren bultzada nola egituratzen den politikoki, egituratu egin beharko baita. Horrek, batzuek eta besteek (etxean zein estatuek) jar ditzaketen muga konstituzionalak edo dena delakoak gainditze bidean jarriko gintuzke, eta Euskal Herrian eta atzerrian ongietorri naturala eta erosoa jasoko luke, zalantzarik gabe. Atxikimendu horren garrantzia, gaur bultzatu beharrekoa bihar lortu ahal izateko, funtsezkoa da.

Bide horretan, ezinbestekoa izango litzateke esparru sozial, politiko eta sindikal ahalik eta zabalena bideratzea, egungo hipotekak eta blokeoak gainditzeko eta burujabetzaren edo independentismoaren aldeko proiektua gizartearen bihotzean eta etorkizunean kokatzeko, masa eginez nazio estrategiaren bidean egin beharreko proposamen taktikoen bitartez. Borondatea eta konpromisoa, beti bezala, ezinbesteko izango dira benetan aurrera jo nahi bada. Denek eman beharko dute zerbait, bakoitzak bere izana galdu gabe, izanari kateatu gabe.