Etxeko langileak -

Human Rights Watch erakundeak datu beldurgarria eman du: «Libanon, etxeko lanak egiten dituen emakume bat baino gehiago hiltzen da astero". Arrazoia, bizi duten egoera tamalgarria: irainak, hamabi ordutik goitiko lanaldiak, gutxieneko pribatutasun eza, gutxieneko soldatarik bermatuta ez izatea, tratu txarrak... Legeek baztertu egiten dituzte.

Gaur8

2008ko Azaroaren 14a

Nire mucama (etxeko langilea) benetan itsusia da. Goizean goiz ikusten dudanean ezin diot eutsi zaplazteko bat emateko gogoari», adierazi du irri artean Libanoko Ain Anoub herrixkako merkatari batek. Beiruteko auzo aberats batean, Verdunen, berriz, nerabe batek gurasoen etxeko langile srilankarra prostituta bezala erabiltzeari buruz hitz egin du: «Adiskideak bere mucamaren zerbitzuak eskaintzen ditu diruaren truke».

Libanon, etxeetan lan egiten duten emakume atzerritarrek apenas dute babesik; ez dute gutxieneko soldatarik bermatuta, eta legeek eta erregularizazioek baztertu egiten dituzte. «Etxeko lanak egiten dituen emakume bat baino gehiago hiltzen da astero», nabarmendu du Human Rights Watchek.

Egoitza Ameriketako Estatu Batuetan duen giza eskubideen aldeko taldeak abuztuan kaleratu zuen txostenaren arabera, etxean lan egiten duten 95 emakume hil ziren gutxienez herrialdean 2007ko urtarrilaz geroztik. Horietako 40 kasu suizidiotzat jo zituzten eta bertze 24 eraikin garaietatik erorita gertatu zirela azaldu zuten, nagusiarengandik ihesean zebiltzala askotan.

El Cairoko American Universityko Ray Jureidinik galdeketa egin zien 2006an Libanon etxeko lanak egiten dituzten 600 emakumeri, eta ondorioztatu zuenez, erdiak irainak jasaten dituzte eta egunean hamabi ordutik goitiko lanaldiak izaten dituzte. Gainera, anitzek egun bakarra izaten du libre astean eta bertze anitzek ez du besta finkorik. Badira atsedenaldia bi edo lau astetik behin hartzen dutenak ere. Batzuek ez dute gutxieneko pribatutasunik ere, eta egongelan edo sukaldean egin behar dute lo. Human Rights Watcheko Nadim Houryk agertu duenez, nagusiek soldatak gorde edo berandu eman ohi dizkiete. Gehienei hilean 300 dolar ere ez diete ordaintzen.

Joan den maiatzean, hiriburuko auzorik aberatsenetako batean, Koreytemen, bikote batek pisuan giltzapetu zuen etxeko langilea egun gutxitarako janariarekin. Beraiek leku seguruago baten bila abiatu ziren.

Bertze langile batek, Sri Lankako Karunawati Welagaderrek, kontatu du ahizpa gobernuko funtzionario baten etxean aritzen zela lanean. Preso edukitzen zuten eta ez zioten telefono deirik egiten ere uzten. Hortaz, beti «depresioaren atarian» zegoen eta azkenean jaioterrira bueltatu zen. «Ahizparen kasua ohikoa da Libanon, baina bere bizi baldintzak segur aski bertze langileenak baino anitzez hobeak izanen ziren. Sarri ez diete janaririk edo jantzi egokirik ematen», erantsi du Welagaderrek.

Giza eskubideen aldeko elkarteak egindako ikerketak dioenez, emakume nagusiak laguntzailea kolpatzen du kasuen %61ean, gizonak %23an eta semeek %11n. Unibertsitateko azterketan ere emakumeen %14k tratu txar fisikoak jasaten zituztela onartu zuten; %7k bortxatu egin zituztela azaldu zuten.

Badirudi etxeko lanetarako Sri Lankako, Filipinetako edota Etiopiako emakumeak edukitzea gizarte maila altuaren seinale dela. Hala, Beiruten oso ohikoa da Libanoko umeak langile asiarrekin ikustea jatetxeetan, hondartzako gune turistikoetan edo eskolarako bidean. Nagusiek beraienganako konfiantza dutela ematen du, baina haurrak zaintzeko bakarrik, ez jabetza kontuetan; izan ere, ondasunak ebatsi eta ihes eginen ote duten beldur, pasaporteak kentzen dizkiete.