Apartheidaren horma -

Hirugarren Intifada noiz hasiko ote den galdetzen diote beren buruari begirale batzuek, bigarrena bukatuta dagoelakoan. Zisjordanian badago herri bat, Ni'lin izenekoa, borroka mota eredugarri bati eusten diona, 1987an lehertu zen lehenengo Intifadaren ezaugarriei eusten diena. Aurtengo udan bertan izan dira euskal brigadista batzuk.

Jose Angel Oria

2008ko Azaroaren 14a

Ni'lin herrian aurten izan diren brigadista batzuek «garaipen» baten kronika bidali ziguten uztailean, herritar xumeek munduko Armada indartsuenetako baten aurka lortutako garaipenaren testigantza. Baina okupatzaileak itzuli egiten dira, Ni'lingo herritarren duintasun erakustaldia apurtu nahian.

Jamal Juma Stop The Wall kanpainako koordinatzailea Euskal Herrian izan berri da. GAUR8ri adierazi dionez, 5.000 biztanle inguru dituen Ramala ondoko herriak oso garesti ordaindu behar izan du bere borroka: bi adin txikiko hilda (17 eta 12 urtekoak), 500en bat zaurituta eta askoz ere gehiago atxilotuta. Oso maiz egiten dituzten mobilizazioetan esku-hartzaile ugari atxilotzen dituzte israeldarrek. «Batzuk askatu eta beste batzuk atxilotu egiten dituzte egun berean -esan du Jumak-. Herriko alkatea Hamas alderdi islamistakoa da; alderdi guztietako ordezkariek esku hartzen duten Erresistentziarako Herri Batzordea eratu zuten hogei lagunek; eta guk -Stop The Wall ekimenak, alegia- gazte talde bat sortu dugu Ni'lineko herritarrei laguntzeko». Ekintzaile honen arabera, Ni'linen abian jarritako borroka motak antzekotasun gehiago ditu lehenengo Intifadarekin bigarrenarekin baino eta, «gainera, protagonismo guztia palestinarrena da, ez atzerritarrena». Izan ere, Ni'linetik oso gertu dagoen Bilinen atzerritar ugarik esku hartu izan du ostiralero egiten diren mobilizazioetan, baita okupazioaren aurkako israeldar ekintzaileek ere.

«Ni'linen, orain bi hilabete pasatxo, herritar gehienek beraien historiaren protagonista nagusi bihurtzea erabaki zuten -idatzi zuen Lidon Soriano brigadistak uztailean bidali zuen testuan-. Lehen egunetik, goizaldeko otoitzaren ondoren, kalera irteten hasi ziren, mota guztietako protestak egitera. Apartheidaren Hormaren aurkako manifestazioak egiten hasi ziren, Zisjordaniako beste herri askotan gertatzen den moduan, okupatzaileen hormak ereiteko lurrak kenduko baitizkie. Gauez herri ondoan sionistek eraikitako koloniara joaten ziren, bertan protesta egitera».

Etxeratzeko agindua

Bilinen azken urteotan gertatutakoa kontuan hartuta -nazioarteko ekintzaileak, Euskal Herrikoak barne, erakartzen ditu bertako ostiraleroko protestaldiak-, Israelgo Armadak Ni'lingo herritarrak estutzea erabaki zuen. «Beldurtu beharrean, herrikoek kalera irtetea erabaki zuten, eta okupatzaileen hondeamakinei edozein gauza erabilita eraso egitea. Ibilgailuak suntsitzea lortu zuten hainbat kasutan, baita bulldozer horiek gidatzen dituztenak jipoitzea ere. Indar okupatzaileak sutan jarri ziren eta lau eguneko etxeratze-agindua ezarri zuten. Zerbait mugituz gero, tiro egiten zioten. Hala ere, telefono mugikorren laguntzarekin, herritarrek etxean geratzeko agindua apurtzea erabaki zuten. Kaleak, berehala, jendez gainezka zeuden. Soldaduek tiro egiten zuten arren, Ni'linekoek kalean jarraitzen zuten. Herri hartan sortutako indarra menderatzeko gauza ez zirela pentsatzen hasiak ziren okupatzaileak».

Elkartasunez gainezka

Hurrengo egunetan inguruko beste bost herrik bat egin zuten Ni'linekin. Herri horietakoak herri intsumitura joan ziren, inguruetako errepideak elkartasunez beteta. «A zer indarra! A zer ilusioa! A zer bizitzeko gogoa! Manifestazioek aurrera egin zuten eta okupatzaileek alde egitea erabaki zuten. Garaipena, oraingoan, palestinarrena izan zen», euskal brigadistak bero-bero zela egin zuen interpretazioaren arabera. Izan ere, horma eraikitzen ari zen konpainiak zati horretara ez itzultzea erabaki zuen une hartan, langileek eta makineriak jasaten zituzten erasoen eraginez.

Ni'linek beste mota bateko garaipena lortu zuen orain dela lau urte, Israelgo epaitegietan. Apartheidaren Hormak egin beharreko ibilbidearen aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten, eta arrazoia eman zieten. Horri esker, lur gutxiago bereganatuko dute okupatzaileek Ni'lineko bazter hartan. Baina joan zen apirilean herriko beste aldera iritsi zen horma. Herritarrek protesta egitea erabaki zuten. «Hormaren eraikuntza geldiaraztea zen helburua», esan zion The Electronic Intifada webguneari Hindi Misleh nilindarrak. Lanak erabat geldiaraztea ez dute lortu, baina hilabete batzuk atzeratzea bai.

Betiko ogibiderik gabe

«Gure herriak 4.000 hektarea galdu zituen 1948ko gerran. Gero beste 800 hektarea kendu zizkiguten, 80ko hamarkadan herri ingurura iritsi ziren kolonoen bitartez. Kolonoek urtero lapurtu digute lurra», nabarmendu du saminez Misleh herritar palestinarrak.

Sorianok eskainitako datuen arabera, herriak garai batean zituen lurren %85 inguru galdu ditu jada. Gainera, okupatzaileentzat egindako errepideek ezinezko egiten du lur zati askotara iristea. Orain arte, Ni'linekoek ez zuten arazorik izaten beraien lurretara lan egitera joateko, baina orain Israelgo agintariei baimena eskatu beharra diete derrigorrez.

«Baimena behar dugula esaten digute, baina eskatuz gero ez digute ematen -azaldu du haserre hogei hektarea hormaren alde debekatuan dituen nekazari batek-. Lurra nirea da, ez Israelena. Baimenak eskatzen ibili gabe nire olibondoak zaintzeko aukera izan nahi dut». Okupatzaileek ez dutela baimenik emango jakinarazi diote herriko alkateari, lur horiek juduek ezarritako kolonia batzuetatik gertuegi daudela arrazoituta. «Baina gu horiek baino askoz ere lehenago etorri ginen hona. Ez gara gu beraiengana hurbildu, beraiek dira gugana hurbildu direnak», gogorarazten du Hamas alderdi islamistako kideak.

Ni'lineko ekintzaileen egitasmoa goizean goiz hasten da. Seietan edo, horma eraikitzeko makineriari sabotajeak egiten saiatzera joaten dira; eguerdian manifestazio jendetsuak egiten dituzte, adin guztietako herritarren esku hartzearekin; eta ilunabarrerako geratzen da protestaldia koloniara eramatea.

Herri osoa barrikadaren alde berean egoteak asko laguntzen die ekintzaileei. Baita gainerako herritarrei ere.

Emakumeen ausardia

Haitham izeneko 21 urteko ikaslea bere gurasoei dirua eramatera joan zen Ni'linera, herritarrak protesta egiten ari ziren momentu batean. «Ezer galdetu gabe, soldaduak ni egurtzen hasi ziren», jakinarazi zion gazteak The Electronic Intifadari, okupatzaileen kolpeen eraginez galdutako hortzek utzitako hutsunea erakustearekin batera. «Zer gertatzen ari zen ikusi zuten herriko hainbat emakumek eta korrika etorri ziren ni laguntzera;, soldaduek atzera egin behar izan zuten. Ordurako ni lurrean nintzen, odoletan. Ni zutitzen saiatu nintzen, ihes egiteko, baina soldaduek kautxuz estalitako bala bat jaurti zidaten burura. Gero soldaduek hilda nengoela uste zutela esan zuten».

Grabazioak eta mendekua

Palestinan ere, zapalduari elkartasuna adieraztea eta agintarien gehiegikeriak agerian uztea oso garesti ordaintzen da. Salam Amira 16 urte eskaseko neskak, bideokamera batekin bere etxe aurrean soldaduek jarritako kontrolean gertatzen ari zena grabatu zuen: lurrean eserita, eskumuturrak lotuta eta begiak estalita zituen 27 urteko Ashraf Abu Rahma palestinarrari tiro egin zion bertatik bertara soldadu batek.

Bideoa ezagutzera eman zuten, eta Armadako arduradunek ere ikusi egin zuten. Geroztik, Salam Amiraren etxea beti zulatuta dago, bertatik pasatzen diren bakoitzean okupatzaileek tiro egiten baitiote. Leihoak itxita baldin badaude, txikitu egiten dituzte; zabalik egonez gero, gas negar-eragilea botatzen dute.

B'Tselem giza eskubideen aldeko Israelgo taldeak dozenaka kamara banatu zituen palestinarren artean, okupatzaileen gehiegikeriak graba ditzaten. Talde horrek uste du Armadak mendeku hartu nahi duela kasu honetan eta, aldi berean, kamara horiek dituztenak okupazioaren irudiak hartzera ausartu ez daitezen lortu nahi duela.

Hebronen ere, Zisjordanian bertan, horietako kamara batek kolonoek palestinar nekazariei egindako eraso bat grabatu zuen eta irudiek ikusle asko hunkitu zuten uda hasieran.

Ni'linek borrokan jarraitzen du. Indar politiko guztiek herritarrekin bat egin dute bertan, eta Israelek ezin du hori onartu.