-

Jose Angel Oria

2008ko Azaroaren 14a

Arabiar herrialde guztietan sekulako oihartzuna izan du Hisham Talaat Moustafa Egiptoko senatari ofizialistaren aurkako epaiketak, aste batzuetako etenaldiaren ondoren gaur berriz abian jarriko dutenak. Eraikuntza arloko pertsonarik aberatsenetakoa da Moustafa, NDP Alderdi Nazional Demokratikoko Bulego Politikoko kide eta Gamal Mubarak presidentearen semearen lagun mina izateaz gain. Gamal Mubarak izango da Egiptoko hurrengo presidentea, begiraleek esaten baitute Hosni Mubarak presidenteak dena ondo lotuko duela hemendik hiru urtera egingo diren presidentetzarako hauteskundeetan semeak kargua lor dezan. Edonola ere, agintarien egitasmo horiek hankaz gora joan daitezke datozen hileotan, Egiptoko kaleetan gero eta pertsona gehiago baitago haserre. Arrazoi faltarik ez dute, behintzat.

Urriaren 18an hasi zen senatariaren aurkako epaiketa, Efe agentziaren arabera. Suzanne Tamim Libanoko abeslaria Dubai Arabiar Emirerri Batuetako hirian hiltzeko agindu izana egotzi dio fiskalak. Berak horrelakorik ez duela egin esan zuen epailearen aurrean. Gauza bera adierazi zuen Mohsen al-Sukkary poliziakide ohiak, ustez Libanoko artista labankadaz hiltzeagatik bi milioi dolar kobratu zituen gizonak. Bi akusatuek telefonoz hitz egindakoaren grabazioak aurkeztu ditu fiskalak froga moduan, hildakoaren etxean hartutako irudiekin eta odoldutako arropari egindako ADN frogekin batera.

Hisham Talaat Moustafak epaileari esandakoak ez du lortu egiptoarrek Justizia Administrazioaz duten irudi txarra hobetzea. IPS agentziako Adam Morrow eta Khaled Moussa al-Omrani kazetariek idatzi dutenez, «gero eta herritar gehiagok uste du NDP alderdian moralik gabeko enpresari ustel ugari dabilela». Munduko beste leku askotan oso maiz egiten den hausnarketa egin dute Egipton ere: «Hau herrialde errespetagarri batean gertatu izan balitz, alderdiko presidenteak kargua utzi egin beharko luke. Baina Egipton inork ez du kargurik uzten, inor ez da ezertaz arduratzen. Ez da ezer aldatzen», Amr Hashem Rabie al-Ahram Ikerketa Politiko eta Estrategikoen Zentroko adituak adierazi duenez.

Rabie adituaren arabera, Hosni Mubarak presidentearen aldeko hedabideek nabarmendu dute Moustafaren aurkako epaiketa egin izanak erakusten duela Gobernua ustelkeriaren aurkako borrokan saiatzen ari dela, «baina Arabiar Emirerri Batuetako agintariek -bertan gertatu baitzen hilketa- Kairo ez balute estutu, inoiz ez zuten senataria epaiketara joan zedin behartuko».

«Moustafa kasua» ez da NDP Mubaraken alderdia zipriztintzen duen eskandalu bakarra. Abuztuan Mamdouh Ismail enpresari eta alderdiko burua errugabetzat jo zuten epaileek. 2006an Itsaso Gorrian bere ferry bat hondoratu zen, mila pertsona ingururen heriotza eraginez. Enpresaria errugabea deklaratu izanak sekulako haserrea eragin zuen kalean, egiptoar askorentzat beste behin ikusi baita agintariek edozein gauza egin dezaketela, Justizia Administrazioaren zigorraren beldurrik izan gabe. «Epaiak egiaztatzen du Gobernuak beti lor dezakeela nahi duena, kasu jakin batzuetarako epaile egokienak aukeratuta», Rabiek esan duenez.

Essam al-Arian Musulman Ahaideetako (oposizioan dagoen indar politikoa, legezkoa ez dena, baina errejimenak toleratuta daukana) kideak uste du Mubaraken alderdiaren irudia gero eta okerrago dagoela eskandalu horiengatik eta Estatuak eskaini beharreko zerbitzu guztiek behera egin dutelako. Azken urteotako pribatizazio prozesuak oso kaltegarriak izan dira egiptoarrei eskainitako zerbitzuetarako. «Aberatsei mesede egiteko daude agintariak», diote.