-

2008ko Azaroaren 14a

Zergatik horrenbeste ahalegin krisiaren kausak azaltzeko? «Aurreikusten zen», «bagenekien denok», «saihestezina zen» eta antzeko beste hainbat ez ote dizkigute nahikotxo esan dagoeneko? Zer dela eta aspaldian igarritako egoera jasanezinaren zehetasunak azaldu behar hori? Analistak oso trebeak dira gertaera ekonomikoen kausa-efektu erlazioak azaltzen, eta horretarako «sendoak» diren kutsu zientifikoko adibide asko ematen dituzte. Adibideak, jakina, lehenaldikoak dira eta, horien ondorioak, zenbaitetan, saihestezinak. Interesgarria da entzutea nola analista berberek, orain dela ez asko, «A-plus» edo «bost izar» bezalako adjektiboekin izendatzen zituzten gaur lurraren parean dauden zenbait produktu eta banku-erakunde.

Esan bezala, krisia denbora kontua baino ez bazen, nola da posible inork ez egitea ezer aurreikusten zen egoera gelditzeko? Zergatik ez zizkieten argibide berberak eman «fondo magikoak» erosi zituzten herritarrei? Zergatik ez zuen inork balaztarik jarri kontsumitzaileei espekulazio ekonomikoaren gurpil handian igotzeko erraztasunak eman zizkietenean? Horiek dira herritarroi egunero bururatzen zaizkigun galderak. Badirudi segurtasun falta eta ezintasuna indartzeko galderak direla.

Gauzak nahaspilatzeko ahalegina handia izan arren, gertatu dena erraza da ulertzen: hazten jarraitzeko beharrak bultzatuta, hipoteka saltzaileak arrisku handiko hipoteka-maileguen arloan sartu ziren. Hau da, ezegonkortasun ekonomiko handia zuten pertsonek jaso zituzten aipatutako maileguak; gorabeheraren bat gertatuz gero, hala nola langabezian geratzea edo ustekabeko gastuak izatea, eskatutako dirua ordaindu ezinean geratuko ziren herritarrek. Hori jakinda ere, ez zegoen trabarik maileguak emateko: erositako etxebizitzek ez zituzten maileguak estaltzen, baina etengabeko prezioen igoerak balizko ordainketa ezak estaliko zituztela uste zuten. Hipoteka horiek behin eta berriro saldu dira mundu osoan zehar, eta hori posiblea izan baldin bada, globalizazio ekonomikoari esker komunikazio-sare globalean eragiketa horiek salerosketa elektronikoak baino ez direlako izan da.

Baina etxebizitzaren merkatua hustu egin da. Prezioek igotzeri utzi diote. Bezeroek ez dute ordaintzen. Eta arrisku handiko hipotekak -horren ospetsuak ziren subprime horiek- itzelezko zulo ekonomiko bihurtu dira.

Ikasi beharrekoa

Analistak zoriondu beharko genituzke. Izan ere, lehenago bazekitena eta inoiz esan ez zutena bete da. Hala ere, beste batzuk aspalditik ari gara esaten kapitalismo neoliberal globalizatuak kalte jasanezinak sortzen dituela ekonomia errealean eta ingurumenean; akats guztiak, profesionaltasun, kontrol eta etika falta, egia badira ere, ez direla nahikoak zer gertatu den azaltzeko; eta garrantzitsua (zailagoa ere bai, segur asko) dela aztertzea jokabide horien zergatiak, eta ez, lasai geratzeko, moral gabeko pertsona bakan batzuei gertatu den guztiaren errua leporatzea.

Beharrezkoa litzateke krisia gaurko sistema ekonomikoak dituen egiturazko arazoei ezin zaiela bizkar eman ulertzeko erabiltzea. Azkenaldian horietako batzuei buruz nahiko hitz egin da; esaterako, burtsa arloan kapitala lortzeko eta hazten jarraitzeko «klaseko onena» izan behar dela aipatu izan da. BBK-ko presidentea den Xabier Iralak hurrengoa gogoratu digu: «Sozietate anonimoak zigorrik ez jasotzeko babesgailuak bihurtu dira beren administratzaileentzat». Era berean, sarritan entzuten dugu gaur egun eragiketa espekulatibo gehiago egiten direla ekonomia errealean benetan gertatzen direnak baino eta gehien trukatzen den merkantzia dirua bera dela; gainera, nondik sortu eta zertarako kontuan hartu barik. Birbaliatzearen itxaropena bakarrik da garrantzitsua, ez nondik atera den (gure aurrezkietatik, esaterako), ez nora doan (arma-enpresetara edo ingurumena hondatzen dutenetara).

Beste arazo batzuei buruz ez da horrenbeste hitz egin: herri aberatsek dituzten kontsumo-ereduei eutsi ezina edo jabegoaren (intelektuala, biologikoa edo materiala) babes legalaren eredu eztabaidagarria dira horietako batzuk. Aipatu arazoei aurre egingo zaie krisialdi larri batek (herri aberatsetako herritarrei eragiten dienean, hedabideetan nabarmenki agertzeko) teknologia, kultura edo bioaniztasuna bakar batzuen esku daudela gogoratuko digunean; edo planetak ezin duenean gehiago jasan. Baina oraingoan horri guztiari buruz ez da eztabaidatuko.

Beharbada, banka etikoak zer proposatzen duen ulertuko da egun. Fiare proiektua bezalako ekimenetan ez dago inolako poztasunik «geuk iragarri genuen, bada» esan ahal izatearekin. Egoerok biktimak sortzen dituzte eta, beharrak handiagoak direnean, aurre egiteko fondo erabilgarriak larriki txikiagotzen dira. Gizarte erantzukizunaren estrategiak txikitzen dira; gizarte gaietarako diru gutxiago dago, baita emaile gutxiago ere. Administrazioek ere beren aurrekontuak murrizten dituzte .

Beraz, ez da dominak jartzeko garaia. Analisiekin jarraitzekoa ere ez. Alternatibak aurkezteko garaia da. Herritarrei arlo ekonomikoan kokatzeko eta berarekin erlazionatzeko bestelako era batzuk eskaintzeko unea da. Banka etikoa eraikitzeko dauden arrazoiak ulertzen saiatzeko momentua da. Horrexegatik, behintzat, kontsolazio txiki bat dugu: sasoi honetan hobeto ulertuko da eredu horren zergatia. Eta, koiuntura-analisiak bertan behera utzita, aipatu ereduak adierazten duen lehena hurrengo ebidentziarik errealenetako eta bidegabeenetakoa da: gaixo eta gastaturiko sistema kapitalista neoliberal honek ondoen egiten duena baztertzea da. Ezberdintasun eta bidegabekeria esparruak handitzen ditu oparoaldietan zein krisialdietan. Irabaziak bakar batzuen artean eta galerak guztion artean banatzen dituen sistema da.

Banka etikoak esaten digu finantza-bitartekotza inbertitzeko errentagarritasun ekonomikoa bilatu gabe hurbiltzen diren pertsona eta erakunde-sarearen gainean eraikitzea beharrezkoa dela, zuzendaritza-karguen artean soldatak mugatu behar direla gehiegizko aldeak eta irabaziak saihesteko, bezeroek beren aurrezkiekin zer gertatzen den jakin dezaten diruaren ibilbide osoan gardentasuna bermatu behar dela, arlo jakin batzuetan inbertitu behar dela eta errentagarritasun ekonomikoa bakarrik helburu dituzten eragiketak baztertu, eredu hau sostengatzen duen korrontearen kontra dabilen herritar arduratsu eta kultura sendotu nahi duela. Horrekin guztiarekin banka etikoaren proiektuak argi eta garbi esan nahi die herritarrei finantza-bitartekotza derrigorrean beste era batean egin behar dela baldin eta ez baditugu gaurko sistema ekonomikoak sortzen dituen krisialdiak behin eta berriro ikusi nahi.

Benetako banka etikoaren proiektuaren diseinua ez da apeta bat. Gaurko sistema ekonomikari buruzko azterketa horietan oinarritzen da. Hori dela eta, ez da koiuntura-proposamen bat, krisialdi garaian erabiltzeko alternatiba. Eraldaketa proposamena da finantza-bitartekotzaren bitartez, eta bat egiten du arlo ekonomikoan ditugun beste alternatiba batzuekin: bidezko merkataritza, nekazaritza ekologikoa, lan-munduan langileak txertatzeko eredu enpresarial alternatiboak, garapen iraunkorra, kontsumo arduratsua...

Kontuak kontu, batzuek krisia hau laprastada bat izan dela esaten jarraituko dute, kontrol eta ikuskapen handiagorekin arazoa zuzendu daitekeela defendatuko dute, ukitu legal batzuk egitea eta hainbat delitugile espetxera bidaltzea nahikoa dela argudiatuko dute. Kontuz izan behar da horrelako ideiak defendatzen dituztenekin, ereduak oraindik balio duelakoan baitaude. Beste batzuek ekintza sozialak berreskuratu nahiko dituzte sistemaren osagarri gisa. Beste zenbait «herritartasun pilulak» bezalako ereduekin saiatuko dira, eta bezeroei garrantzi txikiko gaietan aukerak egin ditzaten ahalbidetuko diete. «Kapitalismoa berregiteko» deialdia luzarora hain ikaragarria izango ez denaren susmoa dugu. Pentsa dezagun, behintzat, badaudela oraindik ere gure laguntza merezi duten ekimenak. Haserreagatik, erantzukizunagatik... edo biziraupen hutsagatik.

Amaitzeko, ideia bat: egunotan sarri hitz egin da arrisku, bazterkeria eta injustizia egoeran den biztanleriaren zati handiarekiko estatuek duten erantzukizunaz. Botere publikoek finantza-krisiari emandako erantzuna aplika dezatela gure mundu injustuan dauden krisi iraunkor guztietan, eta ondoren atera ditzatela ondorioak.