Uxue Alberdi
2008ko Urriaren 24a
Behin baino gehiagotan galdetu izan diot neure buruari: norenak ote dira nire kezkak, ilusioak eta minak? Noren begiekin ikusten dut mundua? Norenak dira aho sabaia kolpatzen didaten hitzak? Noren bihotza jaso nuen errentan, eta norena da esku arrotzen laztanekin oilo-larrutan jartzen zaidan azal zuri hau? Nork jartzen ditu nire hatz-mamiak ordenagailuko teklatuaren gainean dantzan?
Aspaldi ez nion liburu bati musu eman. Liburua amaitu, mesanotxeko argia itzali eta, apalategian utzi aurretik, musu eman diot. Zure baimenik gabe, baina ezpainetan eman dizut musu, Madame. Bat batean, hor ikusi zaitut, kaskoa buruan eta aitzurra eskuan hartuta niri bidea zabaltzen. Noiztik zaude hor?
Amets handiuste batetik esnatu naiz gaur goizean, Arantxa Agirreurretak idatzi duen zure biografia irakurri ondorengo goizean: oinez nenbilela, zapata bat ikusi dut plaza baten erdian, ondo lustratutako zapata distiratsu bat. Kuriositateak bultzatuta hurbildu naizenean oinetakoak ertz batean sinadura bat zeukala ikusi dut: Simone de Beauvoir. Harrituta gelditu naiz, baina nire zapatila erantzi eta zure zapatan sartu dut oina. Mari Errauskinek kristalezkoan nola, hala. Asaldatuta esnatu naiz, zuk ere hogeita hamazazpi neurriko oina ote zenuen galdezka.
Ezagutuko bazintut bezala irakurri dut zure biografia, Simone. «Zure burua onartu beharrean emakume eredu ideal bat izan nahi duzu, maitasun- eta sexu-harreman ideal batzuen atzetik zoaz...». Orain dela hilabete batzuk terapeuta batek esan zizkidan hitz horiek, eta gero gehitu: «Baina zuk nor izan nahi duzu, Simone de Beauvoir?». Errieta egin zidan zu izan nahi izateagatik eta, egia esan, zeu ere lotsatuko zinateke nire ahalegin traketsen lekuko bazina... Mariasun Landak Beauvoir belaunaldikotzat du bere burua. Gu, garaiagatik, Britney Spears-en belaunaldikoak gara gehiago, baina, utziko al diguzue gure belaunaldi gatzik gabeko honi, erdizka bada ere, uko egiten? Paris eta usain haiek gure sentitzen? «Gauza handiak egin ahal izateko, funtsean, bere buruaz ahaztea falta zaio oraingo emakumeari. Baina bere buruaz ahazteko, lehenbizi, bere burua aurkitu izanaren segurtasun sendoa behar du emakumeak», idatzi zenuen. Bila jarraitzen dugu, bada, oraindik ez gara amnesiara iristeko behar den ausardiara iritsi.
Bi ardatz izan omen zituen zure bizitzak: Sartrerekiko lotura, bata; bizitzarekiko eta letrekiko lotura, bestea. Maitatu, ezagutu eta idatzi. Zure esperientziatik elikatu zenuen literatura, beldurra ematen zizun arren: «Iruditzen baitzitzaidan literatura nire nortasunetik elikatzen hasten nintzen une beretik, idaztea zoriontasuna edo heriotza bezain gauza serioa bihurtuko zela». Ez zenbiltzan oker, eta horrek egin zintuen idazle, artista, feminista, erreferente.
Zuk egindako galdera berberekin gabiltza oraindik borrokan: «Ba al dago fideltasuna eta askatasuna bateratzeko modurik? Zer prezio du horrek?»; «Zergatik lotsatzen gara zoriontsu izateaz?»...
«Ikasle txarrak izan gara», dio Mariasun Landak biografiako hitzaurrean. Ni ere horretan nago. Zenbat borrokatu dugu marraztu zenigun ametsaren alde? Zenbat Sartre usteko musukatu ditugu libertatearen izenean sumisioan eroriz? Madame, gaur egun ia modaz pasata dago feminista izatea.
Niretzat gauza handia izan da konturatzea, txiripaz bada ere, ezin dudala nire buruaz hitz egin emakume izatearen kondizioaz hitz egin gabe. Hori zuk erakutsi didazu. Eta gure belaunaldian ere ustekabean eta halabeharrez egin gara feminista, eta egin gara emakume. Zer erremedio. Ahaztuko ahal dugu inoiz!
Zapata gehiago ere badauzkat armairuan, neurri eta kolore diferentetakoak, baina zurea ere han gorde dut, leku pribilegiatuan. Eta benetan diot, ez da mitomania merkea: noren zapatetan bidaiatu nahi dugun jakitea da.




