Nassara Cabrera soziologoa da, eta arlo ezezagun eta polemiko bat du aztergai: feminismo islamikoa. Ezagutzaren bidez, mundu arabiar-musulmanaren aniztasuna erakustea eta estereotipoak haustea du xede, Irailaren 11n hasitako islamofobia garai honetan.
Veronica Martin
2008ko Urriaren 24a
Aurreiritziz beteriko gai ezezagun bat lantzen duzu: emakumea islamiar munduan. Zein helbururekin?
Nire lanarekin emakume islamdarrei buruz ditugun estereotipoak apurtzen ahalegintzen naiz. Beraien egoeraren inguruan erabakiak hartzeko gaitasuna ukatzen dieten esaneko pertsonak direla uste dugu, eta ez da hala.
Baieztapen irmoa egin duzu.
Bai, segur aski mota honetako emakumeak izanen dira mundu islamdarrean, hemen egon daitezkeen bezalaxe, pertsona eta egoera ugari baitago. Emakume hauek erlijioa bizitzeko duten modua baldintza materialek determinatzen dute; gizarte klaseak, adibidez.
Orduan, zergatik zabaldu da emakume islamiarra azpiratua dagoelako uste orokorra?
Mundu arabiarraren irudi interesatu eta hipokrita samar batengatik. Nire lanaren bitartez mundu arabiarra eta musulmana ikertzen saiatzen naiz gizarte zientzietan bertze edozein errealitate aztertzen dugun ikuspegi beretik. Izan ere, islama dena azaltzeko erabiltzen da, terrorismoarekin gertatzen den bezala. Hala, gertatzen den guztia erlijioarekin lotzen dute. Eta hipokrita dela erran dut alde batetik komunikabideek irudi hori ematen dutelako herri horien atzerapenaz hitz egiteko, eta bertzetik Ameriketako Estatu Batuak, Chiracen Frantzia eta bertze herrialde batzuk mugimendu islamiarrei laguntza teknikoa eta militarra ematen dietelako.
Soziologikoki, zertan oinarritzen zara emakume islamdarra Mendebaldekoa baino azpiratuago ez dagoela adierazteko?
Testu dezenteren irakurketan eta Jordanian egindako landa lan batean oinarritzen naiz. Bertan, errealitate hau hurbiletik ezagutzeko aukera izan nuen, familia musulman batekin bizi izan bainintzen. Gainera, gai hauen gaineko elkarrizketak egin nizkien emakumeei. Aurreiritzi anitz okerrak zirela jabetu nintzen eta ulertu nuen elkarrizketatu nituen emakume askok beren borondatez janzten dutela hiyaba, ilea estaltzen duen zapia. Solasaldietan klase erdi-altuko emakume ikasiak zeuden, oihala kulturarekin edo erlijioarekin lotutako usteengatik jartzen zutenak. Bertze batzuek, aldiz, klase baxuagokoek, ohituraz erabiltzen zuten eta ez zuten arrazoiari buruz pentsatzen. Horretaz gain, zapi islamdarra eta janzkera modernoa elkartzen dituzten estilo pila bat daude. Emakumeek hiyaba jartzeak edo ez jartzeak ez du determinatzen gizartea modernoa den ala ez. Islamiarra izatea eta atzeratua, tradizionala, izatea ez dira gauza bera; emakume batek hiyaba erabil dezake eta hagitz modernoa izan. Tradizioaren eta modernitatearen arteko eztabaida ez da horretara mugatzen. Ezin da errealitatea mugatu eta besterik gabe Mendebaldea modernitatearekin erlazionatu eta mundu arabiarra-islamiarra tradizioarekin.
Hortaz, gai hauei buruz mintzatzean gauzak sinplifikatzen ditugula iruditzen zaizu?
Erran nahi dudana da emakume hauen erlijioa bizitzeko moduak harreman zuzena izanen duela beraien bizi baldintza materialekin, ekonomikoekin, familiakoekin eta kultura edo erlijio alderdien gainetik dauden egoerekin. Arrazoi pila batek eragiten dute: proiektu politikoek, egoera historikoak, Mendebaldearekin duten harremanak, kolonia izateak, klase harremanek edo herrialde bakoitzeko barne borrokek.
Hala ere, feminismoaz hitz egitean gizonen abusuari aurre egiten dion mugimendu batez ari gara. Beraz, badago...
Jakina. Beti egon dira ahots feministak eta feminismo islamdarra berislamiartze garai honetan mugimendu islamdarraren barruan sortutako gauza moderno bat da. Kolonien ondorengo estatu sozialisten eta nazionalisten porrotaren ondotik, bertze diskurtso bat dago, islamiar tradiziora bueltatzeari buruzkoa. Aldi berean, patriarkatua negoziatzen duten emakume urbano eta ikasien diskurtso bat dago. Horiek diote islama erabiltzen dela eta horrek gizonek emakumeak kontrolatzea eta berdintasun-ez formala dakarrela.
Zein leku du feminismo honek mundu islamiarrean?
Badira mugimendu islamdarrak, joko politikoan sartzean, emakumeei eskubide jakin batzuk onartu dizkietenak bozak lortzeko.
Aztertzen dituzun mugimendu horiek Mendebaldetik ikusten direla uste duzu?
Ez, baina arazoa komunikabideak dira, gure informazio iturri bakarra baitira eta mundu arabiarra exotikotzat hartzen baitute. Irudi homogeneo bat transmititzen dute eta herri atzeratutzat jotzen dute. Hala, informazio anitz gordetzen dute eta ez dute erraten emakume ugarik ez dutela hiyabik ere janzten edo jartzen badute gaur egungo arropa modernoarekin batera jartzen dutela. Modernizazioak oihartzuna eduki du, baina, hala ere, ez da gu bezala sekularizatu. Horrek ez du adierazten aldatu ez denik edo gizarte estatikoak direnik.
Emakumeek erabateko burujabetza lor dezakete islamean?
Feminismo islamdarrari buruz pentsamendu-korronte asko daude. Badira teorikoak erlijioaren markoaren barruan emakumeen burujabetza ezinezkoa dela diotenak eta, beraz, erlijioa eta estatua bereiztea ezinbestekotzat jotzen dutenak. Bertze emakume talde batek ikuspegi feminista lortzeko testu sakratuak berriz interpretatzeaz hitz egiten du. Arazoa da boterearen eliteak beti gizonen esku daudela.
Zeintzuk dira matxistagoak beraiek ala Mendebaldeko gizarteak?
Balore patriarkalek gizarte guztietan eragin dezakete, eta horiek erauztea erronka da feminismo islamiarrarentzat eta gainerako feminismoentzat ere.




