-

Mikel Olasagasti

2008ko Urriaren 24a

Duela astebete inguru Lawrence Lessig maisuak Euskal Herrian hitzaldi zoragarri bat eman zuen Arabako lurraldeetan. Mahai-ingurura bertaratu ginenok, abokatu estatubatuarraren aurkezpen metodoaz gozatzeaz gain, zer ikasia ugari eskaini zuen ordubeteko hitzaldiarekin liluratuta geratu ginen. Ordubetetxo hori esaldi bakar batean laburtu beharko banu, Dut taldearen esaldi batean oinarrituko nuke, «bide okerretik zuzen dabilena ez dabil ondo».

Lawrence hacker moduan aurkeztu zuen nire lagun Pablok, azken finean, hacker bat delako, baina azaldu zuen bezala ez programazio kodean, bere kodean baizik, kode juridikoan. Hura menperatzen du eta hura du tresna baliagarriena software libre eta kultura librea defendatzeko garaian, adibide garbiena hainbat aldiz aipatu ditudan Creative Commons lizentziak izanik.

Lizentzia hauek egileen eskubideak defendatzeko asmoz sortu ziren, baina sortutako lan horiengan erabiltzaileak zein eskubide dituen argiago zehazteko ere bai. Copyright Legearen arabera, eta besterik esan ezean, eskubide hauek guztiak egilearengan geratuko dira; baina, Creative Commons lizentziapean, erabiltzaileak zenbait eskubide lortzen ditu, egileak aukeratutakoak betiere. Egile eta erabiltzaileen eskubideak defendatzeaz gain, beste bi puntu garrantzitsu ere baditu.

Lehena, tradizionalki guztiz itxia izan den eredu batetik modu legal eta eraginkor batean irekitzeko aukera bideratzen duelako. Norbaitek edonori lan horrekin nahi duena egiteko aukera emanez gero, edo, gutxienez, libreki banatzekoa etorkizun batean, lan hori erabiltzen jarraitzeko aukera egongo da. Aldiz, eskubide guztiak norberak hartzen baditu, etorkizun batean lan horren erabilera egitea zailduko da. Ez da inondik ere ezohikoa egile baten oinordekoek haren lanaren zabalkundeari trabak besterik ez jartzea, edo, askoz larriagoa dena, munduan eta gure inguruan milaka lan egotea bakoitza norena den jakitea ezinezkoa gertatzen dena, egilea hil egin delako, editorea ez delako gehiago existitzen edo inon ez delako behar inolako erregistrorik egile batek bere lanaren eskubideak lortzeko.

Bigarren abantaila erraldoia, legalki posible den eredu honi jarraituz, kopia pribatua desagerrarazteko erabiltzen dituzten trikimailu guztien zilegitasuna galdu egiten dela izango litzateke. Zertarako behartu mundu guztiari kopia babes unibertsal bat erabiltzera, bere lana guztiz libre eman nahi badio jendarteari? Zertarako jarri trabak, zertarako behartu jendea zerbait berriz erostera aurreko teknologia baten ordezko bat sartzen denean merkatuan, aurrekoarekin nahikoa zenean? Demagun, CDak desagertzen direla guztiz, eta, etorkizun batean, gaur arte erosi ditugun CD guztiak berriz erosi beharko genituzkeela teknologia berrietara moldatzeko, geuk etxean egiteko aukera guztiak moztuz. Zenbat aldiz erosi beharko dugu disko bat, beti entzuteko aukera izan dezagun? Hauek dira gaur egungo copyrightaren sistema klasikoak dituen arazoak, egoera jakin batean oinarritutako kasuak defendatzen dituela, egileak eskubide guztiak gordetzen dituen kasu hori eta bere lanaren kopia gehiago ikusi nahi ez dituen hori. Baina, gaur egun, horrek ez du zentzu askorik, saretik jasotzen dugun guztia, azken finean, kopia huts bat delako gure sistemetan. Ez da garai batean zintekin ordu jakin batean grabatzen ibiltzen ginen moduko kopia hori edo liburu bati fotokopiak ateratzen genizkioneko bezalako kopia bat. Legea zaharkitua geratu da, eta sarea aurretik doa.

Horren guztiaren ondorioz, argi dago Copyright Legea zaharkitua geratu dela eta eguneratzeko berebiziko beharra duela, legeak gizartera moldatu behar duelako eta ezin dezakeelako inola ere kultura ireki batentzat traba izan zilegi ez denean eta bitartean egileen eskubideak defendatuz. Ez dirudi erraza izango denik baina Lessig bezalako maisuei esker, bide zuzenago bat sortzen ari da, bide okerretik zuzen dabilena ez dabilelako ondo.