Iratxe Esnaola
2008ko Urriaren 24a
Xabier Erkizia eta soinua
Xabier Erkizia soinu-artista Lesakan jaio zen, 1975ean. Musikaria, produktorea eta kazetaria da. Artelekuko AUDIOLAB soinu departamentuaren (www.arteleku.net/4.1/blog/audiolab) koordinatzailea da eta ERTZ jaialdia zuzentzen du urtero (www.ertza.net).
Sormen handiko soinu-artista da Xabier Erkizia. Berritzailea. Jende, soinu eta formatu ezberdinen ikerketa eta saiakeran oinarritzen du bere lana. Bakarka zein taldeka. Aurrez prestatutako formatuetan edo modu inprobisatuan. Proiektu askotan hartu du eta hartzen du parte. Bota begirada bat: «www.ertza.net/ eusk/artistak/erkizia.html».
Ordenagailuarekin egiten du lan. «Ordenagailuak soinuaren plastikotasuna ikaragarri erraztu du», esan zuen Jon Benitok iaz egindako elkarrizketa batean. «Soinua frekuentzia mota guztietara zabaltzeko aukerek, analisi sistema ezberdinak baliatzeko moduek, soinu beraren beste ikuspegi teknikoago bat ematen dute, eta moldatzeko gaitasuna ere handiagoa da orain».
Ordenagailua du bidaide, baina ordenagailuari soinu asko gehitzen dizkio. Xabierren beraren hitzetan: «Niri soinua interesatzen zait, eta soinuaren baitan entzumena, soinua bera lantzeko modua baino gehiago». Soinua eta musika ere banandu egiten ditu, ezberdin deskribatzen ditu: «Musika soinuaren familia da eta nik nahiago dut soinuaz hitz egin, musika humanoagoa eta merkantilagoa baita».
Soinuaren kontzepzio edo pertzepzio pertsonal hori da Xabier Erkiziaren lanen abiapuntua. Eta hortik abiatuz, hainbat disko argitaratu ditu. «Entresol» (2004) bere lehen iraupen luzeko lana da. Izenburua katalanez dago, eta «bi solairuen artean» esan nahi du. Lurraren eta pisu baten artean, entzungarria denaren eta entzungarria ez denaren artean, kokatzea bilatzen zuen. Izatearen eta ez izatearen artean. Isiltasunaren lurraldea lantzeko saiakera bat bezala uler daiteke. Eta helburu horrekin, tartean dauden soinuei erreferentzia egin nahi izan zien, askotan entzuteko gai ez garen soinu horiei, alegia. Disko hori hiru konposizioz osatuta dago, eta erdiguneari erreferentzia egite horretan, konposizio bakoitzak besteei forma ematen die. Zatitxo bat, honako helbidean dago entzungai: «www.artoartian.org/?p=32».
Bere azken disko formako lana, «Spam Detect» da. Guztion egunerokotasunean presentzia handia duen spam-ari eskaini dio. Mota horretako mezu elektronikoei soinua jarri nahi izan die modu batean edo bestean; aldi berean, isiltasunaren zentzuarekin jolastuz.
«Spam Detect»
Zer da, baina, spam-a? Internet da spammer-ek gugana iristeko erabiltzen duten komunikazio kanala eta Interneteko komunikazio zerbitzurik eraginkorrena da beraien arma: posta elektronikoa. Spam-a spammer-ek bidalitako mezuak dira; posta elektronikoa modu gaizto eta ankerrean erabiltzearen ondorioa. Eskatu ez ditugun arren gure posta elektronikoko postontzira iristen diren mezu ez desiratu horiek guztiek osatzen dute, funtsean, spam-a.
Jasotzen dugun spam-aren helburuak asko izan daitezke. Batzuetan produktu edo zerbitzuen publizitatea izango du oinarri. Beste batzuetan gure ordenagailua kaltetzekoa. Beste zenbait kasutan, gure emozio eta ilusioekin jolastuko dute, eta iruzurra muturrera eramango dute, gure postontzi propiora (elektronikoa bada ere) zuzen-zuzenean sartuz.
Zenbait ikerketen arabera, Interneteko autopistan zirkulatzen duten mezuen %70 spam-a da. Mezu horietatik %40 baino gehiago AEBetatik dator (debekatua egon arren), %15 Hego Koreatik eta %12 Txinatik. Ez da txantxetarako kontua eta larritasun kutsua musikaren eremura eramaten du Xabierrek. «Spam-a eskatu ez dugun informazioa bada, musikaren kasuan eskandalua da, bizitzan zehar entzuten dugun musikaren %90a spam-a baita. Sortzeko momentuan interesgarria da kutsatzaile izan zaitezkeelaren jakitun izatea», adierazi du egileak.
Desiratu eta eskatu ez dugun mezu elektronikoak dira, beraz, spam-a, eta horri doinua jarri nahi izan dio Xabierrek. Horri eskaini dio, hain zuzen ere, bere azken lana: «Spam Detect» (www.gatza.org/hamaika10.html).
«Spam Detect» hamalau soinu piezaz osatutako bilduma da. Zarata bilduma gisa definitzen du Erkiziak. «Posta elektroniko bidez egunero jasotako zabor mezuen itzulpen lan bat da», dio egileak. «Publizitatea eta iruzurra soinu bihurtua, spam musika, finean», azaltzen amaitu du «Spam Detect» lanaren sortzaileak.
Soinu pieza horietako bakoitzak, spam mezu baten gaia izan daitekeen izenburua du. «You are a good girl, for Nannete Scruggs», «Untitled, for Peter Makaba» edota «Viagra pills, for Angel Díaz» bezalako izenburuak ezarri dizkie «Spam Detect» diskoa osatzen duten hamalau soinu piezei.
Horietako bat, «Real testimonials, for Hillary Benavides» izenekoa, entzungai dago sarean; hain zuzen ere, «www.artoartian.org/?p=206» atarian.
Gainera, Erkiziaren «Spam Detect» lana copyleft lizentziapean zabaldu da (http://eu.wikipedia.org/wiki/Copyleft). Horrenbestez, lana bera kopiatu eta banatu egin daiteke, ekoizpen artistiko libre gisa. Beraz, badakizu: gozatu!
Informazio gehiago lortzeko:




