«TMEO» aldizkariko marrazkilariek 100. zenbakia kaleratu dute eta, argitalpen berezi hori osatzeko, 1987tik komikiarekin kolaboratu duten egile guztien laguntza jaso dute. Komikigileek musu truk marraztearen truke zentsurarik gabe publikatzeko aukera dute «TMEO»n
Rebeka Parras
2008ko Urriaren 24a
TMEO” aldizkariko marrazkilariek, 21 urteko ibilbidearen ostean, 100. zenbakia kaleratu dute. Joaquin Delgado Kini marrazkilari eta kudeatzaileak argitu duenez, inoiz ez dute helburutzat izan zenbaki kopuru jakin batera heltzea; zentsurarik gabeko eta marrazkilari orori argitaratzeko aukera eskaintzen dion aldizkari independentea aurrera ateratzea baizik.
Komikiaren 100. zenbakia osatzeko, ohiko kolaboratzaile eta marrazkilariez gain, 1987. urtean 0 zenbakia argitaratu zenetik gaur egunera arte aldizkaritik igarotako egile guztiak batu eta «TMEO» potoloenetariko bat argitara eman dute.
Erronka, berez, 100. zenbakia egitea baino, 21 urte luzez «TMEO» bera sostengatzea izan da. Hau da, bi hilabetean behin kaleratzen den umorezko aldizkaria bizirik iraunaraztea. Marrazkilariek hamarnaka aldiz ikusi dute kazeta desagertzeko zorian, baina argi erakutsi dute edozeri aurre egiteko prest daudela; horren erakusle, komikigile ugarik egin dute argitalpenaren aldeko lana marrazteko interes hutsak bultzatuta.
1987an lehen alea argitaratu zenetik, egile guztiek umorea izan dute ardatz. «Nik ildo editorialik ez dugula esan izan dut beti. Aldiz, egia esan, denborarekin eratzen joan dela uste dut. Hasieratik animatu dugu jendea kolaboratzera eta denon konplizitatearekin eratzen joan den ildoak umore basatirantz jo izan du», nabarmendu du Kinik.
Hainbat marrazkilari belaunaldiren artean definitu dute gutxika-gutxika «TMEO»ren umore eskatologikoa, baina Kinik adierazi duenez, umore mota ugari eta oso desberdinak landu izan dituzte. «Hein handi batean ildo editoriala garai bakoitzeko egileek ezarri dute. Kontua da umore eskatologikoaz gain, umore basatia, zuria edo poetikoa ere landu ditugula», azaldu du. «Hala ere, jendeak deigarriena eta nabarmenena gogoratzen du beti. Logikoa da, umorearen funtzioetako bat hori bera baita. Azken finean, esan nahi duzuna adieraztera iristeko, handitu beharra duzu, ia zauria eragin arte», gehitu du.
Interes editorialak
«TMEO» umorezko aldizkari bat da, komiki eta marrazkiz osatutakoa. Bertan kolaboratzen duten egileek ez dute dirurik jasotzen, baina zentsuratuak izan gabe argitaratzeko aukera dute. Ildo horretan, kontuan izan behar da komikiaren munduan ere interes editorialek agintzen dutela eta lanak argitaratzeko enpresa editoreen baldintzak onartzea beharrezkoa dela.
«80ko hamarkadan proiektua abian jarri genuenean argitalpen mordoa zeuden, baina bakoitzak arlo jakin bat jorratzen zuen», argitu du Kinik. «Hau da, zuk `Zona 84' aldizkarian argitaratu nahi izanez gero, marrazki mota jakin bateko fikziozko komiki bat marraztu behar zenuen derrigorrez. Publikazio horien artean, begien bistan zegoen hainbatek etorkizun ona izango zutela, baina gu ez geunden baldintza editorialei men egiteko prest. Horrenbestez, aldizkari bat argitaratzen saiatzea erabaki genuen; norberak nahi zuena marrazteko aukera emango zigun aldizkari bat, inork egin behar genuena esango ez zigun argitalpen bat», adierazi du.
Horiek horrela, Hego Euskal Herriko marrazki eta komiki aldizkarietan aritzen zen egile talde batek lanari ekin zion. Norbera bere aldetik ibiltzea baino, indarrak batu eta argitalpen propio batekin saiatzea erabaki zuten. Horrenbestez, ahal zuten heinean parte hartzeko deia luzatu zieten marrazkilariei. Hasiera batean, Iruñean kokatu zuten «TMEO»ren egoitza; gaur egun, Gasteizen dago.
1987an sortu zenetik, hainbat belaunaldi igaro dira aldizkaritik, nahiz eta hasierako hainbat sortzailek ere proiektuan jarraitzen duten. «Belaunaldi aldaketa horien funtsezko arrazoia argi dago: edozeinek bidal ditzake marrazkiak erredakzio kontseilura. Batzordeko kideek marrazki guztiak aztertzen dituzte, ohiko kolaboratzaileenak zein berrienak, eta aukeraketa bat egiten dute guztiak kontuan hartuta», azaldu du Kinik. Hala, marrazkilari ororen lanak argitaratzeko aukera dago; dirudienez, gainera, ondo funtzionatzen duen planteamendua da.
Kinirekin batera, Mauro Entrialgo da aldizkariko beste sortzaileetako bat. Urte gutxi zeraman lanean marrazkilari gisa «TMEO»ren lehen aleak argia ikusi zuenean. «Egia esan, `TMEO' izan da nire bizitza profesionalaren agertokia», nabarmendu du Entrialgok. «TMEO» aldizkariko pertsonaia ezagunenetariko baten sortzailea da Entrialgo: Herminio Bolaextra, hain zuzen ere. Familia giroa aurkitzen du «TMEO»n eta hori dela eta jarraitzen du gaur egun ere aldizkariarekin kolaboratzen. Egile ezezaguna zenean publikatzeko aukera aurkitu zuen bertan eta egun, jada bere marrazkietaz bizitzeko aukera duenean, senide bat balitz bezala sentitzen du «TMEO».
«Hasi berri den jendeari irekitako plataforma bat izatea eta publikatzeko beste modurik ez dutenei beren marrazkiak argitaratzeko aukera eskaintzea gustatzen zait; izan ere, niri ere eman zidan aukera hori bere garaian. Argitaratzeko aukera emateaz gain, prestakuntzarako lekua ere bada: bi hilero argitaratzen den aldizkaria izateak, zure estiloan positiboki eragiteaz gain, lanean jarraitzeko interesa piztuta mantentzen laguntzen du», adierazi du.
Ernesto Murillo Simonides da argitalpenaren beste sortzaileetako bat. Nahiz eta aspaldian komikiarekin kolaboratzen ez duen, esperientzia erabat positibotzat jo du bertan parte hartu izana. Murilloren ustez ere plataforma bat eskaintzea garrantzitsua den arren, beste zerbait azpimarratu nahi izan du: «Politena ez da beste marrazkilariei leku bat eskaintzea, marraztu nahi duzuna egin ahal izatea baizik». «Zeure buruari laguntzeaz gain,» jarraitu du komikigileak, «zure marrazkiak garatzera eramaten zaitu».
0 eta 100 zenbakiak
Azken ale bereziarekin 100 zenbaki bete ditu argitalpenak. Hori bai, batek baino gehiagok galdetuko zion jada bere buruari 1987. urtean 0 zenbakia publikatu bazuten eta azkena 100.a baldin bada, orotara 101 ez ote diren. Beste hainbatek, beharbada, umorezko aldizkariaren azken txantxa gisa hartuko du eta ez du 100. zenbakiaren publikazioan sinistuko. Kontuak kontu, zalantza guztiak argitu eta hainbatek eduki ohi duten jakin-mina asetzeko, erantzun erraza eta erabat sinesgarria darabilte TMEOlariek esku artean: 11. zenbakia kaleratu behar zutenean, 12.a argitaratu zuten, beraz, 11. zenbakia ez da existitzen. «`TMEO' aldizkariko antolakuntza kaosa izan da beti», jarri du aitzakia gisa Kinik. «Gauza erraza ematen du; 10. zenbakia argitaratu eta hurrengoak 11.a izan behar du. Halere, zenbakia jartzeko ardura zuenak ez dakit zer baina zerbait erre zuen egun hartan eta 11 jarri beharrean 12 jarri zuen...», esan du umoretsu.
Horrenbestez, 100 zenbaki bete dira 0 zenbakia kaleratu zenetik. Lehen edizioaren 10.000 ale argitaratu zituzten. Lehenengo aldiz argitaratzen den komiki batentzat tirada handiegia zela aitortu digu Kinik. Arrazoi nagusia Nafarroako egunkari batekin akordio bat hitzartu zutela eta tiradaren kopurua negoziatzeko aukerarik izan ez zutela izan zen. Egun, egunkari formatuko zortzi ale gelditzen dira salgai. Gainera, hasiera batean 10.000 aleek izan zuten prezioa baino askoz ere gehiago balio dute egun.
Aldizkariko arduradunek lehen zenbakiaren ale kantitate izugarria gorde behar izan bazuten ere, Arga ibaiak «TMEO» horietako gehienak irentsi zituen: uholde batzutan 0 alearen kopia gehienak gordetzen zituzten biltegira sartu zen ura. Hori bai, 10.000 aleko tirada egin izanari esker, zortzi zenbaki behintzat gordetzen dituzte; gainontzekoak 1987tik hona saldu dituzte.
Entrialgok barre artean gogoratu du 0 zenbakiarekin Araban egindako «promozio kanpaina». «0 alea publikatu zenean, Iruñean egiten zen komikia eta Gasteizen lau edo bost kolaboratzaile geunden. Hala, lehen ale hori saltzeko punk kontzertu batera joan ginen», azaldu du Maurok. «Musikariak agertokian gurpilak erretzen ari ziren eta egoerak infernutik ateratakoa zirudien. Jendeak, gainera, ez zigun kasu handirik egiten; ustekabean harrapatu eta ia-ia beraien gainera botatzen ginen. Den-dena azaldu eta erosteko eskatzen genien. Ekimena oso arrakastatsua izan zen eta azkenerako ale mordoa saldu genuen punk horien artean», azaldu du.
Argitaratutako «TMEO»ren 0 zenbakiko ale kopurua altutzat jo badugu ere, Estatu espainol guztian banatzeko gutxienez 15.000 kopia ateratzera derrigortu nahi zituzten banaketa enpresek aldizkariko arduradunak. Azkenean, gutxieneko kopuru hori 10.000 alera jaitsi zuen banaketa enpresa bat aurkitu zuten. Bost zenbaki banatu zituzten Estatu espainolean eta, Kinik azaldu duenez, saiakerak amildegi ekonomiko izugarrira eraman zituen; ixteko arriskuan ere izan zen kazeta. «Banaketa enpresek erabiltzen duten azpiegitura ez dago `TMEO' moduko aldizkari batentzat pentsatuta. Gure portadak eta edukiak ere agian ez ziren egokienak Estatu mailako banaketa aurrera eramateko. Saiakera horrek desagertzeko zorian utzi gintuen eta, ondorioz, bertan behera uztea erabaki genuen», azaldu du.
Beste behin, fotokopiak egiteko dirurik ez eta banaketa lanetan aritzen zen Patxiri esker lortu zuten aldizkaria argitaratzea. Istorioari «Patxiren galtzerdia» izena ematen diote, jasotako eskupeko guztiak galtzerdi batean sartzen baitzituen banatzaileak. Dirurik ez zutela jakin zuenean, bere galtzerdian begiratzeko komentatu zien Patxik, ea diru horrekin zerbait egiterik ba ote zuten ikusteko. «Galtzerdiarekin agertu zen Patxi eta han hasi ginen dirua kontatzen. Horra hor gure ezustekoa: 75.000 pezeta zenbatu genituen! Ale hori berari esker kaleratu genuen», gogoratu du Kinik.
Lotsa guztiz galtzen denean
«TMEO»ren ezaugarri bereizgarrienetarikoa beste argitalpen batzuetan zentsuratuak izan ohi diren gaiak lotsarik gabe tratatzearena da. «Monarkia, erlijioa edo sexua konplexurik gabe jorratzen ditugu. Horrek jendea eskandalizatzen du», argitu du. Baina fededunen kexez gain, noizbait kolektibo homosexual eta feministenak ere jaso dituzte. Kiniren aburuz, hala ere, gauzak bere testuinguruan interpretatu behar dira. Hori bai, horrelako kexez gain, mehatxu serioagoak ere jaso izan dituzte.
Marrazkilariak gogoratu duenez, orain dela urte asko, kazetaren hastapenetan, Jehovaren lekukoen aldizkari baten portada parodiatu zuten eta erakunde erlijioso horretako jarraitzaileei ez zitzaien gehiegi gustatu. «Abokatuak bidaliko zizkigutela mehatxu egin ziguten, azkenean kontua ezerezean gelditu bazen ere», gogoratu du. Handik gutxira, emakume baten gutuna jaso zuten. «Jakitun izan ez arren, deabruak gidatzen gintuela esaten zigun emakumeak», oroitu du irribarrez Kinik.
Askoz serioagoa izan zen, aldiz, Entzutegi Nazionalera joan behar izan zutenekoa. «Errege familiaren parodia bat egin genuen. Orain dela urte batzuk, pixa egiteko armiarma itxura zuten pegatina batzuk saltzen hasi ziren komunetan jartzeko. Guk, marrazkietan irudikatu genituen pegatina horiek errege familiako kideen aurpegiekin. Politikariak, telebistako pertsonaia ezagunak... ere agertzen ziren pixa egiteko pegatina gisa irudikatuta», argitu du. Hori dela eta, errege familia iraintzea egotzi zieten. «Ale berean, Norma Duval Intxaurrondoko kuartelean Guardia Zibilez jantzita ere irudikatu genuen. Madrilera egin beharreko bidaia ondo aprobetxatzeko, errege familia iraintzeaz gain, Guardia Zibila iraintzea ere egotzi ziguten» .
Horiek horrela, Madrilera joan beharra izan zuten. Gaiak ez zituen portadak bete; agian, Guardia Zibilaren eta Entzutegi Nazionaleko epaileen jakintza maila urria agerian geldi ez zedin. «Errege familiaren pixa egiteko pegatinak bilatzen hasi ziren, baina, parodia bat zenez, ez ziren existitzen», argitu du. Kontuak kontu, argi dago anekdotaz betetako beste 100 zenbaki beharko lituzketela TMEOlariek denak kontatu ahal izateko!




