Feminismo Islamikoa -

«Feminismo» hitzaren ondoan «islamikoa» adjektiboa agertzea ez da beherapen baten pareko, ez du aldarrikapenaren maila jaisten. Borroka horren testuingurua zehazten du: herrialde musulmanak. Izan ere, Mendebaldekoa ez da feminismoa ulertzeko dagoen modu bakarra

Amagoia Mujika

2008ko Urriaren 24a

Feminismo islamikoa. Atentzioa ematen duen hitz elkarketa da, segur aski, munduaren begietara nahiko ezezaguna delako. Egunotan, Feminismo Islamikoaren Nazioarteko III. Kongresua ospatzen ari da Bartzelonan, Kataluniako Batzorde Islamikoak antolatuta. Atzotik eta astelehenera bitarte, mundu osotik etorritako hizlariak emakume musulmanen arazoen eta borroken gainean arituko dira Kataluniako hiriburuan.
Abdennur Prado Kataluniako Batzorde Islamikoko kidea eta kongresuko antolatzailea da. «Hirugarrenez antolatu dugu aurten kongresua eta helburu nagusia feminismo islamikoa ezagutzera ematea da. Emakumezko eta gizonezko musulmanek generoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana ezagutzera ematea», agertu du Pradok.
Eta zein dira, bada, feminismo islamikoaren aldarrikapenak? «Feminismo hitzaren ondoan islamiko adjektiboa erabiltzen dugunean ez dugu beherapenaren zentzuan egiten, ez diogu indarrik kentzen feminismoari. Feminismo islamikoaren erronka testuinguru musulmanetan emakumearen erabateko berdintasuna lortzea da. Islamikoa adjektiboa erabiltzen baldin badugu, borroka horren testuingurua kokatzeko egiten dugu batetik. Eta, bestetik, Mendebaldetik zenbait diskurtso feministaren gainean burutu nahi den hegemoniarekin hausteko. Badirudi feminismoa ulertzeko modu bakarra Mendebaldetik finkatzen dena dela, hirugarren munduan ezin duela existitu feminismoak. Eta hori ez da egia. Esaterako, Egiptoko mugimendu feminista asko Espainiakoak baino askoz lehenago sortutakoak dira», jarraitu du kongresuko arduradunak.
Hirugarren kongresu horretan gai nagusia emakume musulmanek jasaten duten bi norabideko zapalkuntza izango da: neoliberalismoaren eskutik sufritzen duten zapalkuntza ekonomikoa batetik, eta fundamentalismo erlijiosoaren izenean jasaten duten zapalkuntza politikoa bestetik.

Bi norabideko borroka
Feminismoa ez da fenomeno zurruna eta geldia, pertsonen egunerokoan txertatzen den mugimendu politiko eta soziala da. Hartara, bizi duen errealitatera moldatzen da. «Beren nortasun kulturaletik abiatuta, emakume musulmanek betidanik aldarrikatu dute berdintasuna», esan du Pradok.
Egia da, hala ere, testuinguru musulmanetan beste traba batzuk topatu izan dituela eta topatzen dituela berdintasunaren bidetik borrokatu nahi duenak. «Patriarkatua islamean oinarritzen saiatzen da eta erlijioarekin justifikatu nahi du bere jarduna. Eta, gainera, lan horretan sekulako aliatua topatu du: Mendebaldeko finantza korporazioak. Politika jakin batzuk martxan jarri ahal izateko patriarkatu hori elikatu beharra dute. Beraz, zapalkuntza bikoitza da, eta feminismoaren borrokak bi norabide horiek izan behar ditu kontuan. Ezin da fundamentalismo erlijiosoaren kontra egin ekonomikoa kontuan hartu gabe», jarraitu du.
Munduan barna, eta batez ere Lehen Munduan, emakume musulmanaren estereotipo zehatza zabaltzen da: menpekoa, otzana eta zapaldua. «Errealitatea plurala da, ez alferrik munduan 700 milioi emakume musulman daude. Eta, noski, horiek guztiak ezin ditugu estereotipo batera mugatu, Mendebaldeak egin duen bezala. Egoera oso desberdina da Saudi Arabian, Senegalen edota Afganistanen».
Errealitatea plurala da, baina, era berean, baditu tasun komun batzuk. «Herrialde musulman gehienak kolonizatuak izan ziren eta azken 30 urteotan amaitu gabeko prozesu batean bizi dira. Sektore kontserbatzaileenek islama aldarrikatu dute beren nortasun politiko eta kulturalaren ardatz bezala eta, ondorioz, fundamentalismo erlijiosora bueltatu dira. Hori emakumeen eskubideen aurkako urratsa izan da. Eta hori herrialde musulman askotan gertatu da. Kolonizazioaren kontra egiteko fundamentalismo erlijiosorantz jo dute». Horiek horrela, herrialde batean eta bestean bizi dituzten arazo berdin horien gainean arituko dira Bartzelonako kongresuan, indarrak batu eta irtenbideak jartzeko.
Kolonizazioak, beraz, ez dio mesederik egin feminismoari, eta bistako kontraesanak sortu ditu. «Kolonizazioa justifikatzeko erabilitako diskurtso askok bizirik diraute. Bushek esaten duenean zapalduta bizi diren emakume musulmanak askatzera dohala Afganistanera, emakumeen egoeraren erabilpen politikoa egiten ari da. Eta horrek ondorio larriak ditu. Zergatik? Bada herrialde askotan feminismoa kolonizazioarekin lotzen dutelako. Eta hori oso kaltegarria da».