GIZARTEA -

Jose Angel Oria

2008ko Urriaren 24a

Betiko zigor estrategiak ez du lortu Mexikon legez kontrako drogen kontsumoak behera egitea. Alderantziz, gora egin du azken urteotan, datu ofizialen arabera. Gainera, legez kontrako drogak saltzen dituztenen arteko borrokek, eta Poliziaren aurkakoak, gero eta erailketa gehiago eragiten dituzte. Ez da harritzekoa, beraz, bertako politikariak irtenbide berriak aurkitzen saiatzea. Orain aste batzuk herritar guztiak salatari bihurtzeko PRD ezkerreko alderdiko kide baten ekimenak aipatu genituen GAUR8n. Orain, berriz, alderdi bereko parlamentari batek kontrako bidetik doan proposamena mahaigaineratu du, eta Felipe Calderon presidenteak berak ere drogen kontsumoa ez zigortzeko aukera defenditu du.

Zerbait asmatu beharrean dira. Mexiko osoan, 2007an, 3.042 pertsona hil zituzten narkotrafikoarekin zerikusia omen zuten istiluetan, datu ofizialen arabera, bonsaidelainformacion.wordpress.com webgunean argitaratutako artikulu batek gogorarazten duenez. Aurten fenomenoa gaiztotu egin omen da, bertako hedabideek egin dituzten kalkuluen arabera: 3.000tik gora hildako urtearen laurdena falta zenean. Segurtasun faltak herritarren mobilizazioak ere eragin ditu makina bat hiritan.

Felipe Calderon PAN Ekintza Nazionalerako Alderdiko buru eta Mexikoko presidenteak, alde batetik, eta Victor Hugo Cirigo PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko parlamentariak, bestetik, mahaigaineratutako proposamenek eztabaida bizia eragin dute. IPS agentziako Diego Cevallosek idatzi duenez, «eztabaidak argi utzi du drogen aurkako borrokan nagusi den zigor politika berraztertzea komeni dela, Mexikoren kasuan ez baitu lortu ez salerosketa murriztea, ez indarkeriak behera egitea, ez kontsumoa gutxitzea, estatistika ofizialen eta ikerketa independenteen arabera». Kazetariak galdetu zion Cirigori ea zer iruditzen zaizkion bere proposamenak jaso dituen aurkako iritziak: «Horixe behar dugu; eztabaida ongi etorria izan dadila».

Cirigok Mexiko hiriburuko Parlamentuan aurkeztutako proiektuan irakur daitekeenez, ekimenaren asmoa «Estatu politika berria ezartzea da; narkotrafikatzaileen aurka tiroka aritu beharrean, marihuanaren kontsumoa eta salerosketa legeztatuz, horien negozioa erabat ahuldu behar dugu behingoz». PRDkoaren proposamena aurrera ateraz gero, pertsona helduek hogeita hamar gramo marihuana eramateko aukera izango lukete, legea urratu gabe; baimen bereziak izango lituzketen dendatan salduko litzateke; eta etxean bost landare haztea ere baimenduta egongo litzateke. Wellington Medrano adituak IPS agentziako kazetariari jakinarazi dionez, bera ere kalamua legeztatzearen aldekoa da, «baina hori ezinezkoa da une honetan, ideiak babes politiko txikia duelako, indarkeriarengatik, beste herrialdeek duten aurkako jarrerarengatik eta herritarren artean eragingo lukeen erreakzioarengatik. Edonola ere, ideia horiek egoera aldatu dadin giroa prestatzen dute, eta ez da baztertu behar nazioartean zigor politikek droga batzuen legeztatzeari leku egitea hemendik urte batzuetara».

Calderonek marihuana, lobelar, heroina, LSD eta kokaina dosi txikiak soinean eramatea legeztatu nahi du. Droga horiekin harrapatzen dutena, «botiken menpeko» kontsideratu eta «errehabilitazio prozesuan» sartuko lukete.