AEB / EKONOMIA -

AEBetatik herrialde industrializatu guztietara hedatu den finantza krisia, dolarretan neurtzeaz gain, isuritako odolean ere neurtzen hasiak dira. TomDispatch webguneak Nick Turse idazleak gaiari buruz idatzi duen artikulu ezin interesgarriagoa argitaratu du. Hona hemen testuaren laburpen bat

Nick Turse - TomDispatch

2008ko Urriaren 24a

Hilaren 4an, AEBetako Los Angeles hiriko Porter Ranch auzoan, arazo ekonomikoek itota zuten Karthik Rajaram izeneko gizonak andrea, amaginarreba eta hiru seme-alabak hil zituen tiroka, bere buruari tiro egin aurretik. Bere erabakia azaltzeko utzi zituen idatzietako batean, diru ugari galdu ondoren ekonomikoki lur jota zegoela adierazten zuen. «Uste dut lanik gabe geratu zela, burtsan egin zituen ahalegin guztiek porrot egin ondoren», Michel R. Moore Los Angeles hiriko poliziaburuak adierazi duenez.
Herrialde guztian, Subprime hipotekekin hasitako krisiak herritar ugari eraman ditu etsipenera. Azken bolada honetan, Associated Press, ABC News eta beste hedabide batzuek krisiari egotzitako biktimen berri ematen hasi dira, batez ere bere buruaz beste egiten dutenena. Edonola ere, suizidioa finantza hondamendiak eragiten dituen muturreko erreakzioetako bat besterik ez da. Badirudi krisia izan dela erreakzio horien katalizatzailea. Urte hasieratik asko ugaritu dira utzarazteen aurkako erresistentzia istorioak, autodefentsa armatua, hilketak, propio eragindako suteak, bere buruari eragindako zauriak eta, nabarmentzekoa dena, suizidioak. Batez ere hipoteken exekuzioek eragindako erreakzioak izaten dira. Horien berri asko eman dute hedabide txikiek, baina AEBetako komunikabide nagusiek ez dute fenomeno horren berririk eman.
Okerrera doa
Pertsona bat horrelako erabaki bat hartzera zerk eraman duen zehaztea ia ezinezkoa bada ere –erabat pertsonalak diren arrazoiak ere izaten dira tartean–, badirudi kasu gehienek finantza krisiarekin zerikusia dutela. Ez da harritzekoa! Estres, beheraldi edo depresio eta suizidio indizeek gora egiten dute beti krisi ekonomiko garaietan. «Suizidioek zerikusi handia dute ekonomiarekin», Kathleen Hall Atlantako Stress Instituteko sortzaile eta zuzendariak “USA Today” egunkariari nabarmendu zion moduan.
Finantza hondakinetatik ateratzen diren tragediak zerk eragin dituen aztertzeko garaia iritsi da, krisialdia luzea eta uste baino sakonagoa izango dela bazter guztietan entzuten hasi baita. Datozen urteetan kezkatzeko moduko joerak nagusituko dira, batez ere Afganistanen eta Iraken gerran ari diren ehunka mila beterano etxera itzultzen direnean, lanik gabeko errealitatera bueltatzen direnean. Horietako asko, gainera, etxebizitzarik gabe egongo dira.
Muturreko utzarazteak
Joan den otsailean udaltzain bat Colorado estatuko Greeley herriko etxe batera utzarazte agiria entregatzera joan zenean, bertako gizonak zainak moztuta zeuzkala ikusi zuen; odol putzu baten erdian zegoen. Berehala eraman zuten erietxe batera. Bizirik atera zen. Herriko agintariek ez zuten gertatutakoa krisiarekin lotu nahi izan. «Bere burua hiltzeko ahaleginak ez dauka zerikusirik utzaraztearekin, orain astebete esan baitzioten etxea utzi beharra zeukala», esan zuten, “Denver Post” egunkariaren arabera.
Martxoan, Florida estatuko Ocala herriko Roland Gorek zakurra eta emaztea hil zituen aurrena, gero bere etxeari su eman zion eta, azkenik, bere burua hil zuen. Apirilean, Robert McGuinness agentea Frank W. Conrad 82 urteko gizonari utzaraztea jakinarazteko agiria ematera joan zen, Marion Countyko (Florida) bere etxera. “Star Banner” egunkariaren arabera, Conrad hasiera batean oso abegikor zegoen, baina bisitaria zertara joan zen jakin zuenean, haserretu egin zen. Gelatik irten eta pistola batekin itzuli zen, McGuinnessi honako mehatxua egiteko: «Nire etxetik alde egiteko bi segundo dauzkazu erietxera joan nahi ez baduzu». Azkenean atxilotu egin zuten.
Eric Minshew Katrina izeneko erremolke batean bizi zen New Orleans hirian, orain urte batzuetako urakanak bere etxea suntsitu egin baitzuen. Ibilgailua utzi beharra zeukala esatera joan zitzaizkion agenteak mehatxuka hartu zituen ekainaren 3an. Polizia hurbildu zen orduan, eta horiek ere mehatxuka hartu zituen, eta suntsitutako etxearen hondakinetan babestu zuen bere burua. Poliziakide talde berezi bat joan zen orduan, arma eta taktika bereziak erabiltzen dituzten horietako bat. Gas negar-eragilea erabili zuen Poliziak Minshew menderatzeko ahaleginean. “Times-Picayune” egunkariari lekuko batek esan zionez, «poliziakideek adierazi digute inoiz ez zutela ikusi horrenbeste gas botata bereari eusten dion inor». Ordu batzutako borroka Swateko kideak etxera sartu zirenean bukatu zen. Minshew-ek tiro egin bazuen ere, agenteek goiko pisuan setiatu zuten gizona. Arma uzteko asmorik ez zeukanez, tiroka hil zuten.
“Los Angeles Times” egunkariak argitaratu berri duenez, Rich Paul ValueOptions Inc. gaixotasun mentalak tratatzen dituen konpainiako presidenteordeak esan du azken urtean finantza krisiak eragindako estresarengatik jasotzen duten dei kopurua asko igo dela; %200 Kalifornian.
Gaixotasun mentalak
Era berean, Mason Turner San Frantzisko hiriko erietxe bateko psikiatria buruak jakinarazi duenez, «joan berri den abuztuan laukoiztu egin ziren gure erietxean arazo mentalak zituzten gaixoen harrerak. Horietako %60ak adierazi du bere arazoak finantza estresak eragindakoak direla». Ekonomiak izaten dituen krisiekin zerikusia duten biktima askok ez du inolako tratamendurik jasotzen.
“Sacramento Bee” egunkariaren arabera, bertako poliziakideei bi aldiz gertatu zaie aurten gauza bera: hustu beharreko etxera agiria ematera joan, eta jabeak bere buruaz beste egitea. Beste kasu batean, «Poliziak idatzi bat aurkitu zuen hustu beharreko etxean. Bertan esaten zitzaion jabearen gorpua non aurkitu». Egunkariko zuzendaritzaren arabera, honelako kasuak gehienetan ez dira aipatu ere egiten hedabideetan eta, horrexegatik, ezinezkoa da AEBetan tankerako zenbait tragedia gertatu den kalkulatzea.
Kasu esanguratsu bat. Carlene Balderrama Tauntoneko (Massachusetts) herritarrak oharra helarazi zion bere etxeaz jabetu behar zuen konpainiari, utzaraztea egiterako hilda egongo zela jakinaraziz. «Senarrarekin eta semearekin nirekin baino jatorrago portatuko al zarete!» idatzi zuen, errifle handi bat hartu eta bere buruari tiro egin baino lehen. John senarrak Associated Press agentziari zera adierazi zion: «Nik ez nekien ezer. Emazteak egiten zituen diru kontu guztiak. Konpainiak bidaltzen zituen eskutitz guztiak ezkutatu egiten zizkidan. Bere azken idatzian jakinarazi zigun berarentzat esperientzia hori erabat jasangaitza izan zela». «Hartu aseguruaren dirua eta etxea ordaindu», idatzi zien senarrari eta semeari.
Beste kasu batzuetan, konpainien azken orduko erabaki batek tragedia saihestu izan du. Addie Polkek 90 urte ditu. Etxerik gabe geratzera zihoala-eta, bere burua hiltzea erabaki zuen. Robert Dillon auzotarrak zerbait entzun zuen eta Polken etxera leiho batetik sartu zen. Ohean etzanda aurkitu zuen: «Niregana mugitu zen zertxobait eta orduan odola ikusi nuen. ‘Polk andereak bere buruari tiro egingo zion’, esan nuen nire artean». Polk erietxean zegoela, Brian Faith Fannie Mae konpainiako eledunak jakinarazi zuen bere burua hiltzeko ahalegina egin zuen emakumearen zor guztiak barkatzea erabaki zutela. Etxeari eutsi dio Polkek.
Leihoetatik jauzi egin
“Slate” aldizkariko irakurleek honako galdera hau egin zuten joan den irailean: «Finantza krisia hain txarra eta larria baldin bada, nolaz ez da gehiago entzuten konpainietako exekutiboek leihoetatik jauzi egin dutela?».
Nina Shen Rastogi idazleak ezin hobeto erantzun zuen: «Egungo krisiak exekutiboen finantzatan beste krisi batzuek baino kalte txikiagoa eragin duelako. 1929ko krak ikaragarriak –eta, neurri txikiagoan, 1987kok– exekutibo batzuk bere buruaz beste egitera eraman zituen. Kasu gehienetan, pertsona horiek zuten guzti-guztia galdu zuten merkatuek lur jo zutenean. Orain, berriz, esperientzia horiek kontuan hartu dituztelako, inbertsioak oso dibertsifikatuta edukitzen dituzte, akzioek behera eginez gero ezer gabe ez geratzeko».
Agian horrela izango da. Orain arte bederen, badirudi Wall Streeteko suizidioak beste leku batzuetara esportatu dituztela, exekutibo horiek inoiz ezagutuko ez dituzten auzoetara. Horietan, AEBetako kaleetan, Wall Streetek eragindako finantza hondamendia dolarretan neurtzeaz gain, isuritako odolean ere neurtzen da.
 
 
Utzarazteen aurkako ekintzaileak ezer ez dutenei laguntzeko
Finantza krisiak, oraingoz, behartsuenei egiten die kalte AEBetan. Hipoteka ordaindu ezinik geratu direnek, etxea utzi beharra izaten dute; kasu gehienetan, inolako laguntzarik gabe. Hala ere, AEBetan badaude pertsona horiei laguntzeko eta utzarazteak oztopatzeko sortutako elkarteak.
“Boston Globe” egunkariak irailaren 5ean argitaratutako informazioaren arabera, «Roxbury auzoko etxe batean bizi zen emakume baten utzaraztea oztopatu nahian ari ziren lau manifestari atxilotu egin dituzte. Atzealdeko eskaileratan kateatuta zeuden ekintzaileak». Bank of Americako ordezkariek Paula Taylorri etxea uzteko agindu zioten. Aldi berean, kalean, berrogei manifestari ari ziren oihuka. «Gure zortzigarren ekintza da eta orain arte ez genuen atxiloketarik izan», adierazi zien kazetariei Soledad Lawrence City Life –www.clvu.org– elkarteko kideak.
Irailaren 25ean, Washingtongo agintariak finantza erakundeei nola lagundu eztabaidatzen ari ziren. Egun berean, Boston hiriko Polizia Ana Esquivel irakaslearen eta Raul senarraren etxea hustera joan zen, biak berrogeita hamar urtetik gorakoak. Bertan ziren City Life elkarteko berrogei ekintzaile. Bikoteak Poliziak bidalitako sarrailagileak etxera hurbiltzeko aukerarik izan ez zezan ekintzaileek egindako ahaleginak ikusi zituen. Kasu honetan lau pertsona atxilotu zituzten. «Bankuak suntsitu gaitu –esan zuen Esquivelek, negarrez–. Guk aurre egin ahal izateko handiegia da bankua». Esquivelek etxea utzi beharra izan zuen, baina City Lifekoen arabera, aurten bederatzi utzarazte saihestu dituzte beraien protestekin: «Gure ekintzek arrakasta dutenean, etxeen jabeek denbora gehiago lortzen dute beste alternatiba bat aurkitzeko».