Zarauzko Inurritzan igaro zuen haurtzaroa eta bertara itzuli zen erretiroa hartu zuenean. auzoari buruzko liburu bat idatzi du. Bertan bizi diren edo uda pasatzen egoten diren artisten eta jende ezagunen galeria bat, baina ikastolako haurrek Oteitzari egindako gorazarrea ere bai. Hartaz eta honetaz mintzatu zaigu
Joxean Agirre
2008ko Urriaren 10a
Musikariak ibiltariak direla esaten dute eta margolariak egonkorrak, paisaia bati lotuak. Izan liteke. Juan Luis Mendizabal Mendi margolaria behintzat paisaia bati loturik bizi da. Ia goizero bere trepetak etxetik atera eta lau metrora duen hordartza ertzean jartzen ditu, margotzen hasteko. Argiñano jatetxeko sukaldariek begiratzen diote, zigarro bana erretzen duten bitartean, edo goizean ordu horretan bertatik pasatzen direnek. Mila aldiz margotu duen Getariako San Anton mendia agertzen da, itsasoz inguratuta.
Alessandro Bariccoren «Ozeanoa, itsasoa» liburuan agertzen den margolari bat ekartzen du gogora, beti itsasoa margotu nahian ari dena, baina bere oihala inoiz zikindu gabe, itsasoa margotu ezina delako. Mendi ere itsasoa margotzen ari da etengabe, baina Moilarriko haitzak, zamatokia edo Santa Barbara edo, askoz ere gehiagotan, Getariako San Anton eransten dizkio. Eta guztietan itsasoa ezberdina da, argia eta tonua ere egunero ezberdin direlako.
Bere lanak bukatu eta zakurrarekin joan ohi da hondartzatik barrena itzuli bat egitera. Bere itxura urrundik ere ezagutzeko modukoa da. 1,82 metro neurtzen zuen soldaduskan. Orain, adinak makurtu egin du pitin bat. Bizar zuri ondo moztuarekin eta buruaren gainean bisera klasikoa, Ernest Hemingwayren antza hartuko diote askok eta ez luke inolako arazorik izango haren imitatzaileek Key West-eko taberna batean antolatzen dituzten lehiaketetan parte hartzeko. Gizon sendoa izateaz gain, jantzia da, ikasia. Bere zakurrak ere, Fanyk, nagusiaren gustuak bereganatu ditu. Goizean hondartzatik barrena itzulia egin eta etxeratzen denean, musika klasikoa edo jazza nahi izaten omen ditu, nagusia egunkariak irakurtzen ari den bitartean lo kuluska egiteko.
Aitaren etxea
Hainbeste egonkortu da mendi Iñurritzan, bertako paisaiaren zati bihurtu baita. Artean umea zela egin zuen aitak etxea auzo horretan. Oraindik ere zutik dago, Gipuzkoa kalearen hasieran. «Aita indianoa zen, diru pixka batekin itzuli zen Perutik. Lekeition ezkondu zen eta ni jaio nintzen. Indianoek elkarrekin biltzeko ohitura zuten, bazkaltzeko askotan, eta Gernikako frontoira joaten ziren gero. Jan-edanak kalte egiten ziola uste zuen amak eta lekuz aldatzeko planak egin zituzten. Donostiara zihoazen batean, trenak matxura izan zuen Zarautzen. Makinistak hiru bat orduko lana zutela esan zien eta paseatzera atera ziren. Bidean baserritar bat ikusi zuten lanean. Hizketan hasi eta jorratzen ari zen lur-saila erosteko tratua egin zuten. Gizon hori Salbatore Mitxelena idazlearen aita zen», kontatu du Mendik.
Orduan Ameriketatik 200.000 pezetarekin itzultzea aberastuta etortzea zen. Hiru solairuko etxea egin zuen Juan Mendizabalek, Juan Luisen aitak, Inurritzan eta 66.000 pezeta kostatu zitzaion. Oraindik gordetzen du Mendik aitak etxearen gastuen kontularitza apuntatzeko erabili zuen koaderno lodikotea.
Aita baserritarra zen, baina gaztetan, Perura joan baino lehen, Gasteizko katedradun baten etxean egin zuen denboraldi bat eta hark txukun idazten erakutsi zion. El Callaora emigratu zuen, itsas kapitain izan nahi zuelako, baina zorabiatu egiten zen eta lehorrean saiatu behar izan zuen. Nabigazio eguneroko bat utzi zuen, hala ere, txukun-txukun idatzia eta dokumentu hori Donostiako Itsas Museoari eman berri dio semeak, Mendik. Inurritzan pasatu zuen, beraz, Mendik haurtzaroaren zati nagusia, gerra aurretik eta ondoren, 1928an jaio baitzen. Aita abertzalea izaki, gorriak pasatu zituzten gerra ondoan. Urrezko bitxiak saltzera iritsi ziren, jango bazuten.
Inurritza, liburuan
Donostiako Kutxan lan egiten eman zituen 40 urte. Tarte horretan sei urteko txangoa egin zuen Perun eta han ezkondu zen Isabel Gonzalezekin. Hiru seme-alaba izan dituzte. Hirurogei urterekin erretiroa hartu zuen eta berehala itzuli zen Inurritzara. Han bizi da geroztik. Haurtzaroa eta erretiroa bertan igaro dituelako-edo, goitik behera ezagutzen du auzoa, bai lehengoa eta bai oraingoa. Berak dioenez, munduan ez da Inurritzan adina artista eta jende ezagun biltzen duen auzorik. «Ez dago munduan beste leku bat kilometro koadro batean hainbat artista eta famatu bildu duenik», esan zuen. Gehiegikeria da, noski, hitz egiteko modu bat. Bertan bizi izan zen Jorge Oteitza. Bertan ibili zen Didier Petit de Meurville margolaria, joan den mende hasieran, etorri zen Alfonso XIII.a Golfa inauguratzera, eta uda pasatzera behin eta berriz Belgikako errege-erreginak, Balduino eta Fabiola. Bertan bizi dira Argiñano eta Anjel Lertxundi eta bertan jaioa dira Txiliku eta Salbatore Mitxelena. Bertan egoten ziren Apellaniz eta Izeta margolariak eta bertan bizi izan zen Kaperotxipi ere. Bertan eduki omen zuten preso Mateo Mujika gotzaina, gerra garaian. Claudio Rodriguez poeta ere auzoan izaten omen zen. Bertako elizak baditu Xabier Egaña margolariaren lanak. Bertakoa zen Santos Leunda bertsolaria eta Mendik dagoeneko buruz dakien zerrenda ez da amaitzen, auzoari buruzko liburu bat egin berria baitu. Ikastola ere auzoan dago eta hango haurrekin lanean hasi zen orain urte batzuk. Ikastolako haurrek eta irakasleek protagonismoa izango dute, beraz, liburu bitxi eta mardul horretan.
Ez da Mendik argitaratu duen lehen liburua, aurretik erretiroa hartu bezain azkar egin zuen Santiago Bideari buruzko eguneroko bat argitaratu baitzioten, faksimilean eta, margolari baten egunerokoa ere bai, orain urte batzuk.
Museo bat etxean
Zaila da jakiten, baina gerrari buruz hizketan hasten denean, miliziano anarkistekiko sinpatia nabari zaio. Inurritzari buruzko liburuaren azalerako egin duen margolanean ere bi bandoak ageri dira borrokarako prest eta, milizianoak, biltegietan gordeta zituzten bakailao lehortuak banatzen, kalean pasatzen zirenen artean. Bere etxean ere halako anarkia sanoa nabari da. Hori bai, mende oso bateko kultura dago hormetatik zintzilik. Egongelan bakarrik Gaspar Montesen lan bat, Vazquez Diazen beste bat, bere maisu izan zen Aszentsio Martiarenaren beste batzuk, Jaime Basianoren bat edo Beorlegiren «El ruido de las espadas» daude, batzuk baizik ez aipatzearren. «Kutxakoei esaten diet Beorlegirekin eta Ameztoirekin frankismoari buruzko erakusketa ederra egin daitekeela», esan zuen eta segidan Vazquez Diazen edo Martiarenaren errepublikazaletasunaz pasadizoak kontatzen hasi zen. «Vazquez Diazen lan hori erosteko mailegu txiki bat eskatu nuen. Nobela bat idatz daiteke maileguen inguruan», erantsi zuen. Oraindik ez gara Oteitzarengana iritsi. «Abagune ederra galdu genuen Malekoia egin zenean Oteitzaren hamar bat eskultura bertan jartzeko. Munduan erreferente izango zen», esan zuen kexu. Elkarrizeta bukatzerako karpetaz, argazkiz eta dokumentuz inguratuta nengoen. Eta, beti bezala, eskuetan zerbait neramala atera nintzen etxetik.




