TEKNOLOGIA -

Iratxe Esnaola

2008ko Urriaren 10a

Datorren larunbatean, hilaren 18an, egingo da Euskal Herriko bigarren BarCamp-a: Basquecamp. Lehena ekainaren 7an egin zen Larrabetzun, eta bigarrena Lapurdiko Bidarte herrian egingo da, Izarbel Teknopoliko ESTIA Unibertsitatean.

BarCamp

Modu kolektiboan antolatu eta egiten diren teknologia gaien inguruko topaketak dira BarCamp-ak. Hasiera-hasieratik, beraz, elkarlana da ekimen honen ezaugarri nagusia: antolakuntzatik hasi eta gauzatzeraino.

Euskarazko Wikipediak dioenaren arabera, BarCamp-a, «erabiltzaileek sortutako `deskonferentzien' -ekitaldi irekiak eta parte-hartzaileak- nazioarteko sarea da. Kolektiboki antolatzen da. Hitzaldi edo elkarrizketa sortatan antolatzen da eta edukia parte-hartzaileek prestatzen dute. Oro har, web aplikazioak, kode irekiko teknologiak eta protokolo sozialak izaten dira mintzagai».

Laburbilduz, ingurune ireki batean ezagutza partekatzeko eta besteengandik ikasteko gogoak bultzatzen ditu BarCampean biltzen diren pertsonak berau martxan jartzera.

BarCamp eta web 2.0

BarCamp ekimena Web 2.0 fenomenoari eskutik helduta dator. Nagusiki, sarearen bitartez antolatzen eta zabaltzen da, web 2.0 tresnak erabiliz. Edonork has dezake BarCamp bat, BarCamp-aren wikia erabiliz (http://www.barcamp.org). Wikiak edonork alda edo edita ditzakeen webgune itxurakoak dira. Edozein erabiltzailek alda dezake edukia (wiki teknologia da, hortaz, Wikipediaren oinarri teknologikoa).

Topaketa informala, baina...

Berez, ekimen erabat informala da, baina, arestian aipatu bezala, ezagutza partekatzeko eta besteengandik ikasteko gogoak bultzatzen ditu BarCamp-etako parte-hartzaileak eta, beraz, horrekin bat egiten duen edonor ongietorria da. Bertaratzean, beraz, partekatzeko prest agertu behar da, bai beste BarCampeko kideekin, baita munduko Internet erabiltzaileekin ere.

Alegia, eta printzipioz, ez dira entzuteko aukera bakarrik ematen duten hitzaldi arruntak. Partekatzean oinarritzen da ekimena eta hori aurrez barneratzea ezinbestekoa da.

Topaketa informala da, baina ekimenaren abiapuntua eta helburua diren partekatze eta elkarlan jarrerek berezi bilakatzen dutenez, kutsu ez serio horren baitan, baditu zenbait arau. Zehazki, zortzi arau aipatzen dira, «Borrokaren Kluba» eleberria eta filmeko arauak parodiatuz (beraz, ez hitzez hitz ulertu):

1. araua: BarCamp-az hitz egin beharko genuke.

2. araua: Blog bat badugu, bertan BarCamp-az hitz egin beharko genuke.

3. araua: zerbait aurkeztu nahi badugu, gaia eta gure izena jarri beharko ditugu, horretarako prestatutako lekuan.

4. araua: hiru hitzeko sarrera.

5. araua: ahal diren aurkezpenak soilik egingo ditugu, azpiegituren eta bestelako beharrizanen arabera.

6. araua: aurrez prestatutako aurkezpenik ez, ezta turistarik ere.

7. araua: aurkezpenek hurrengo aurkezpen tartera arte iraun dezakete.

8. araua: BarCamp batean parte hartzen dugun lehen aldia bada, aurkeztu egin BEHAR dugu. Ez da, berez, beharrezkoa, baina horretan laguntzeko norbait bilatzen saiatu behar dugu, edota gutxienez galderak egin, parte-hartzaile interaktiboa izan, alegia.

Horretaz guztiaz gain, produktu komertzialen edo enpresen promozioa helburu duten aurkezpenak BarCamp-etatik kanpo geratzen dira.

Hori guztia oinarri hartuta, AEBetan egin zuten munduko lehen BarCamp-a, Kalifornian, 2005eko abuztuaren 19tik 21era. Aste batean antolatu zuten eta 200 pertsona bildu ziren. Orduz geroztik, 31 herrialdetan egin dute eta, noski, baita Euskal Herrian ere.

BasqueCamp

Ekainaren 7an antolatu zuten lehen BasqueCamp-a (http://barcamp.org/basquecamp). Bizkaiko Larrabetzu herriko gaztetxean egin zen eta «batu, sortu, garatu, ikaso eta ondo pasa» esaldia jarri zuten topaketen berri ematen zuen deialdiaren barruan. Bertan, «herritarrak eta teknologia», «mapak eta herriak» eta «Wikipedia eta herriak» izan zituzten mintzagai, baita beste zenbait hitzaldi labur-labur ere. Hamabost bat pertsona bildu ziren eta interesak partekatzeko aukera paregabea izan zuten.

Baina badator bigarrena ere (http://www.barcamp.org/Basquecamp-2). Euskal Herriko BarCamp-a izaki, eta bertako web komunitatea batu eta hobekiago ezagutzeko, ezin zuen bestela izan: bigarren BasqueCamp-a Lapurdiko Bidarten izango da, hilaren 18an. Topaketak goizeko 09:00etan hasiko dira eta 20:00etan bukatuko dira.

«Barnekaldetik» blogean irakur daitekeenaren arabera (http://barnekaldetik.blogspot.com), ESTIAko sarrera nagusira iritsitakoan, parte-hartzaile bakoitzak bere burua gainontzekoei laburki aurkeztuko die. Ondoren, antolatzaileek oinarri nagusiak azalduko dituzte: parte-hartze aktiboa dela helburua, teknologia gaien inguruko edozein gai jorra daitekeela eta saioak auto-antolatu egin behar direla, besteak beste.

Parte-hartzaileek arbel zuri handi batean landu nahi dituzten gaiak idatzi beharko dituzte eta saio horiek 45 minutuko iraupena izango dute, gutxi gorabehera. Hasieran eta bukaeran egin beharreko lanak kontutan hartuta, saioak 10:00etan hasi eta 18:00etan bukatuko dira. Saioetako batzuk frantsesez izango direnez, itzulpen automatikorako sistema gaituko dute. Eta, bestalde, inguruko ostatu batean bazkaltzeko aukera ere egongo da.

Antolatzaileek zenbait aholku ere eman dituzte: aurrez gaia lantzea, garaiz iristea, batez ere arbel zuri handian leku bat izateko, parte hartzeko prestutasuna agertzea eta, bertakoez haratago, Interneten ere han partekatutako guztia banatzeko jarrera azaltzea.

Gehienez, 100 pertsonak har dezakete parte eta gaur bukatzen da izena emateko epea (begiratu «barnekaldetik» blogean).

Beraz, badakizu: teknologiak interesatzen bazaizkizu eta gune ireki batean jendea ezagutu, ezagutza partekatu, besteengandik ikasi eta topaketa berezi hauetan parte hartu nahi baduzu, datorren larunbatean duzu aukera: hemen da, BasqueCamp2.