Orain arte Debagoieneko musika lehiaketa zen Danbaka hirugarren aldiz egingo dute, urriaren 17an hasita. Aurten, Durangaldeko eta Debabarreneko musika taldeek parte hartuko dute. Lehenengo postua eskuratzen duenarentzako saria disko bat grabatzea eta banatzea izango da
Rebeka Parras
2008ko Urriaren 10a
Danbaka Musika Lehiaketa hirugarren aldiz egingo dute, datorren ostiralean, hilaren 17an, abiatuta. Aurten, gainera, ez da Debagoieneko musikariei bakarrik zuzenduta egongo. Izan ere, 2008an, Goiena Komunikazio Kooperatibak eta Elgetako Espaloi Kafe Antzokiak bultzatutako egitasmoak, Durangaldea eta Debabarrena bailaretako artistei parte hartzeko ateak ireki baitizkie.
Bi urtean behin antolatzen dute musika lehiaketa eta aurreko bi aldietan jasotako harrera onari esker, aurrera jarraitzea erabaki dute antolatzaileek. «Lehenengo lehiaketa zelan irteten zen ikusteko egin genuen. Oso harrera ona izan zuenez, bigarren aldian lehiaketa sendotuta zegoela ikusi genuen; hau da, bailarako talde asko lehiaketari begira zeudela, kanta berriak egitera animatzen zirela...», azaldu du Iker Barandiaranek, Danbaka musika lehiaketako koordinatzaileak. «Giroa bazela ikusi genuen», jarraitu du, «eta beste pauso bat ematea pentsatu genuen: Debagoienarekin altueran muga egiten duten Durangaldea eta Debabarrena lehiaketan sartzea».
Guztira, hiru eskualdeetako estilo orotariko 24 musika talde entzun ahalko dira. Konzertuak bi astean behin izango dira eta, bakoitzean, lau taldek joko dute. Talde bakoitzak hiru abesti aurkeztu behar zituen parte hartu ahal izateko. Taldeek irabazi ez badute eta finalera heldu ez badira, hurrengo aldietan parte har dezakete, baldintza bakar batekin: kanta berriak aurkeztu behar dituzte.
Partaideak eta sariak
Aukeraketa probetara aurkeztutako 39 taldetatik, epaimahaiak 23 aukeratu ditu. Guztira, 24 taldek parte hartzen dutenez, azkenekoa entzuleek www.danbaka.com web gunean astebetez irekitako bozketan aukeratu zuten. Aurten, Soraluzeko Revelphone taldea aukeratu dute, nahiz eta Internet eta e-posta bidezko bozketa prozesuetan gertatu ohi denez, tranpen polemika azaleratu den. ««E-mail bat, boz bat» lelopean egiten dugu, baina jendeak beste kontu batzuk sor ditzake eta, orduan, tranpak egiteko tarte bat agertzen da», azaldu du Barandiaranek.
Aurtengo zabalpen prozesuaren ondorioz, talde partaideen kopurua 20tik 24ra igotzea erabaki dute antolatzaileek. Halere, igoera hori ez da oso neutrala. Iker Barandiaran koordinatzaileak argitu duenez, Danbaka Debagoienan, bertako herritarrentzat sortutako elkartea da eta, beraz, ezin dute albo batera utzi bertakoek lehentasuna izatea. Lehentasun hori bi modutara emango diete. Alde batetik, Debagoieneko 14 taldek parte hartuko dute eta Durangaldekoak eta Debabarrenakoak, aldiz, 10 izango dira. Bestetik, epaimahaiak aukeratutako irabazlea azken bi zonalde horietako batekoa bada, ez dute talde hori bakarrik sarituko (diskoa grabatzea eta banatzea da saria), baita Debagoieneko talde onena ere. Aurkakoa gertatzen bada, Debagoieneko musika talde bat bakarrik sarituko dute. Grabazio lanak Arrasateko Shot! Estudioan egingo dituzte eta banaketa Gaztelupeko Hotsak eta Danbakaren artean erdibana aurrera eramango dute.
Beraz, 2008. urteko Disko Sariaz gain, atal horretan ere hainbat aldaketa gertatu dira. Izan ere, bi irabazle izan daitezkeela aurreikusi ondoren, aurreko urteetako bakarlari onenaren saria bertan behera gelditu da. Entzuleek iritzia eman dezakete e-posta edota sms bidez, baita kontzertuetarako sarrerak Espaloia Kafe Antzokian kokatuko dituzten postontzietan sartuz ere. Aurreko aldietan bezala, boz gehien jasotzen duen taldeak Ikusleen Saria jasoko du. Azken horrek Arrasateko Lazkano Musika Dendan 1.300 ¤ gastatzeko txekea jasoko du sari gisa.
Hedapena bilatuz
Oñatiko Sharon Stoner taldeak lehenengo lehiaketa irabazi zuen eta Bergarako Aby Kemek bigarrena. Barandiaran koordinatzaileak azaldu duenez, ez da Danbakari esker bakarrik izan, baina eskualdeko taldeen aldeko ekimena da. «Badakigu dena ez dela Danbakarekin hasten eta bukatzen, baina ahalegin bat da eta, egia esan, Sharon Stoner eta Aby Kemez gain, beste talde batzuk ere izan dira. Adibidez, Belceblues, 2007ko Kilometroak jaialdiko kantua egin eta orain disko berria atera behar duena, edo Mute, dagoeneko bigarren diskoa atera duena, eta Potemkin...», azaldu du koordinatzaileak.
Taldeek edukitzen duten jarraipenaz pozik agertu da Iker eta, aipatu duenez, partaide askok uste baino jarraitzaile gehiago dituzte. Bere esanetan, emanaldi bakoitzean, 300 eta 400 pertsona artean biltzen dira Espaloia Kafe Antzokian. Hainbat musika mota nahasten dituztenez, estilo ugaritako zaleak biltzen dituzte. «Musika mota asko nahasten saiatzen gara eta, orduan, agian metalzale bat etortzen da, musika elektronikoa maite duen beste bat eta folkzale bat eta denek denen kontzertuak ikusten dituzte. Hori aberasgarria dela uste dugu», adierazi du Barandiaranek.
Partaide guztiei buruzko informazioa eskuratzeko atari digitala beren hedabidea da: www.danbaka.com. Web gunean, lehiaketan parte hartzen duten talde guztien fitxak daude ikusgai, baita horiei zein musikari buruzko berriak ere. Lehiaketara aurkeztu beharreko hiru kantak mp3 formatuan entzun daitezke eta, beraz, bozgorailu gisa, musika talde, musikazale eta kazetarientzako baliagarria suertatzen da ataria. «Nahiz eta irabazle bakarra izan, datu guztiak jasotzen ditugu, euskarri bat behintzat izan dezaten. Jendea talde horiei buruz gehiago jakiteko sartzen da. Nahiz eta ez sailkatu edo ez irabazi, ezagutzera emateko modu bat da», esplikatu du koordinatzaileak. Halere, ez da partaideak ezagutzera emateko modu bakarra, herriko aldizkariekin lehiaketaren jarraipena egin dezaten hitzarmen bat lortu baitute.
Txapelketak irauten duen bitartean, pantailan lekua edukiko dute musika taldeek, tokiko telebisten bidez igorriko baitituzte kontzertuak. Hasieran aipatu bezala, antolatzaileetako bat Goiena Komunikazio Kooperatiba da eta horrek Goiena Telebista hartzen du bere baitan. Halaber, kate hori Tokiko izeneko Euskal Herriko tokiko telebisten elkartean bateratuta dago eta, ondorioz, taldea osatzen duten beste herri telebistek kontzertuak igorriko dituzte. Horrela, Debagoienaz gain, Goierri, Zarautz, Ttipi-Ttapa, Urdaibai eta Xaloa tokiko telebisten bitartez emitituko dituzte. «Gure ustez, taldeen aldeko plus bat da. «Goienkaria»-n, berriz, parte hartzen duten taldeei buruzko informazioa kaleratzen dute. Irabazleei diskoa ateratzen eta ezagutzera ematen laguntzeaz gain, lehiaketari oihartzun apur bat ematen ere saiatzen gara», esan du Ikerrek.
Bailara emankorra
Dena prest dute Danbakako antolatzaileek aurtengo lehiaketari hasiera emateko. Urtetik urtera, musika talde ugarik beren buruak aurkezten jarraitzen dute, Debagoienan musika mugimendua badagoen adierazle. Iker Barandiaran koordinatzaileari zer nabarmenduko lukeen galdetuta, musika talde eta mota kopurua erantzun du. «Zentzu horretan, bailara dinamikoa dela antzematen da. Talde horiek gero jarraipen bat dute eta kontzertuak ematen dituztela ikusten dugu. Hori oso pozgarria da», esan du.
Lehiaketan parte hartu duten musika taldeen hedabide moduan funtzionatzeaz gain, iragan hilabetean II. lehiaketako DVD-CDa aurkeztu zuten. «Danbaka: II. Musika Lehiaketa» izena du bildumak eta elkarrekin lehiatu ziren 20 taldeen abesti bana biltzen du, ordu beteko iraupena duen CD batean. DVDak zera dakar: Espaloi Kafe Antzokian grabatutako talde bakoitzaren zuzeneko abesti bat, emanaldia hasi aurretik entzuleei zuzendutako bakoitzaren aurkezpen bideoa, argazkiak... 2004an antolatutako lehenengo lehiaketaren bilduma kaleratzen saiatu badira ere, soinuaren kalitate ezak proiektua gelditzera eraman ditu. Halere, lehenengo lehiaketako Sharon Stoner irabazlearen akustiko ezezagun bat berreskuratu eta bertan publikatu dute. Aurtengo lehiaketak luze joko du eta garailea ezagutzeko urtarrilera arte itxoin beharko dute partaideek eta zaleek.
Hiru eskualdetako estilo orotariko 24 musika talde entzun ahalko dira. Konzertuak bi astean behin izango dira eta, bakoitzean, lau taldek joko dute
Koordinatzaileak argitu duenez, Danbaka Debagoienan, bertako herritarrentzat sortutako elkartea da eta, beraz, ezin dute albo batera utzi bertakoek lehentasuna izatea




