GABRIEL ARESTI -

Asteartean 75 urte beteko dira Gabriel Aresti jaio zela. «Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela", idatzi zuen bilboko artistak «Harri eta Herri"-n. Liburu hori mundu berri baten, ezkerraren eta pentsamendu librearen ikur bihurtu zen, Koldo Izagirreren hitzetan

Maider Iantzi

2008ko Urriaren 10a

Meli Estebanek, Gabriel Arestiren alargunak, gurasoei mutil euskaldun poeta bat ezagutu zuela kontatu zienean, «Pobrea seguru», bota omen zuen aitak. 48 urte gibelera eginda, Estebanek eta Arestik elkar ezagutu zuteneko garaira itzuli da GAUR8. Angel Zelaieta seminarioan zegoela ikasleak korridorean Bilboko idazlearen «luma madarikatuaz» solastatzen ziren aldira. Koldo Izagirrek 14-15 urterekin modu konpultsiboan irakurtzen hasi eta «gizon polemista bat, gaiak gordin planteatzeko ausardia zeukana» ezagutu zuen momentura. Baina Arestiri buruz hitz egitea ez da iraganera begiratzea soilik, testuek badute oraingo irakurketa. Brailez ere bai, Inma Arrietari eta Onceko bertze langile batzuei esker.

Meli ESTEBAN | Gabriel Arestiren alarguna
«Une batzuetan bakarrik sentitu nintzen, baina lagundu egin nion»

Oso pertsona langilea eta zintzoa zen. Gauzak aurpegira esaten zituen eta horrek etsai asko ekarri zizkion. Familiakoa zen oso, baina denbora gutxi ematen zuen etxean. Egia da euskarak familiarekin egoteko ordu asko kendu ziola, lehiaketak ez baziren Euskaltzaindiko batzarrak ziren edo Ipar Euskal Herrira joan behar zuen bileratara. Ni gustura nengoen, hala nahi nuen, hala nahi genuen biok. Ezagutu nuenean, erabat euskarari emana zegoen eta ez nuen onartuko gero uzterik.
Etxean beti egon da jende asko. Bioi gustatu zaigu hori, betidanik. Gauean, alabak oheratu, afaldu eta berandu arte luzatzen ziren solasaldiak. Euskaraz izaten ziren eta, nik ez nekienez, Gabrielek kontatzen zidan bata honen alde zegoela, bestea honen kontra, eta zer iruditzen zitzaidan galdetzen zidan. Beti eskatzen zidan iritzia, baita bertsoekin ere, eta nik esaten nion: «Hau gogor samarra da, zergatik ez duzu pixka bat aldatzen». Gauza batzuetan jaramon egiten zidan.
Maiatzaren lehenean ezagutu nuen. Lagun batekin atera nintzen dantza egitera "Deportivo"-ra, Rekalde zumarkalera. Han, pilotalekuan, ohitura zen bezala, neskok eserlekuan jartzen ginen eta mutilak erakusleiho baten aurretik bezala igarotzen ziren. Gustuko zutena dantzatzera gonbidatzen zuten. Horrela ezagutu nuen. Oso erakargarria iruditu zitzaidan, ederra, modernoa. Dantza egin genuen, gogoko nuen, berak ni ere bai, eta handik hilabete batera-edo elkarrekin ateratzeko eskatu zidan. 18 nituen eta niretzat oso pertsona desberdina zen, ez nengoen ohituta horrelako jendearekin egoten. Orduan, Zorrotzako itsasontzietan lan egiten zuen eta azaltzen zidan Gineatik ekartzen zutela egurra. Euskaraz idazten zuela esaten hasi zitzaidan. Etorkinen alaba naiz eta oso berria zen hori niretzat. Izugarri gustatu zitzaidan. Zur eta lur gelditu nintzen. Ateratzen hasi ginen eta nobioak izateko eskatu zidan. Kurtsia ematen ahal du, baina hala izan zen, orain dela 48 urte.
Poeta sentitzen zela esan zidanean, pentsatu nuen: «Hau bai berria!». Ez nuen inoiz pentsatua poeta batekin ateratzea! Gurasoei kontatu nienean, mutil euskaldun poeta bat ezagutu nuela, «pobrea seguru», bota zuen aitak. Eta ez zuen arrazoi faltarik.
Urtebetera Nerea etorri zen, alaba zaharrena, eta Gabrielen gurasoen etxean jarri ginen bizitzen. Justu urtebetera Guria jaio zen eta azkenik, bi urte geroago, Andere Bihotz. Izen hauek jartzeko apaizarekin eta gotzainarekin egin zuen borroka. Nahi zuena lortu zuen.
Lagunen laguna zen. Isekaria ere bazen eta ez zuten denek ulertzen. Bazirudien goiz hil behar zuela sentitzen zuela, euskara batzeko izugarrizko presa zuen, Mitxelenak ere hain azkar ez ibiltzeko esaten zion. Baina Gabrielek erabakita utzi nahi zuen gai hori. Nire ustez, gauzak oso argi zituen.
Lagun asko izan zituen mundu euskaldunean, baita hortik kanpo ere. Politikoki bakoitzak bere pentsaera zuen, baina etsai bat zuten denek, Franco, eta horrek batzen zituen. Gertatu zena zen pertsona batzuek alderdi politiko baten babesa izan zutela une txarretan. Gabriel ez zen inoiz alderdi politiko batean egon, alde horretatik bakarrik zegoen. Espainolentzat euskaldun separatista zen, eta, euskaldunentzat, gorri espainolista. Zerbait sentitzekotan, euskaldun sentitzen zen, eta horren froga ugari eman du.
Jendeak aipatu izan dit nolatan aldatu zen hainbeste aldiz lanez. Familia mantentzeko adina irabazi eta ordu gutxiago eman nahi zituelako lanean, irakurtzeko eta idazteko denbora izateko. Arnasa hartzea bezala behar zuen.
Burdina aurkitu zioten odolean. 41 urterekin hil zen, 1975ean. Puro handi bat gordeta zuen Franco hiltzen zenerako, baina, zoritxarrez, lehenago joan zen. Frankismoan bizitu zen eta hori nabarmentzekoa da. Urte gogorrak izan ziren, baina aitorpena izan zuen. Oroitzen naiz zein pozik etorri zen Durangoko azoka batetik 18 urteko mutil batek «Aresti, zurekin gaude» esan ziolako. Herriarengandik, bereziki sufritzen zutenengandik, hurbil sentitzen zen. Bera baino jende gazteagoa izan zuen inguruan: Nacho de Felipe, Angel Zelaieta, Xabier Kintana... Maite zituen eta maite zuten. Editore euskaldun batzuek ez zituzten bere lanak plazaratu nahi izan. Ez zuen editorial zenbakirik, eskatu zuen eta justu erietxean zegoenean, hil baino bi egun lehenago, eman zioten. Lagun ugarik eskaini zuen bere burua Gabrieli odola emateko, eta horrek erabat hunkitu zuen, sekulako poza hartu zuen. Bizi osoan eskertuko diet odola eman nahi izan zuten guztiei. Juan Marik, Gabrielen anaia zaharrenak, ere gogoratzea merezi duela uste dut. Harreman sinestezina zuten. Alabak eta ni izugarri maite gintuen. Dena gutxi zen gu hobeto bizitzeko. Nik denean babesten nuen eta bere lana errespetatzen nuen. Une batzuetan bakarrik sentitu nintzen, baina lagundu egin nion. Ez zitzaidan gaizki iruditzen lanera, bileretara, hitzaldietara joatea, baina beste gauza bat da gero gelditzen zitzaidan sentimendua. Bilbon ematen zituen hitzaldi askotan ondoan izan ninduen, nahiz eta euskaraz izan eta nik ez ulertu, ilusioa egiten zion. Pertsona ona zen.

 

Angel ZELAIETA | Idazlea
«Une oro, modu sinestezinean, euskara kontuetan zegoen»

60ko hamarkadan "Hierro" egunkarian artikuluak idatzi zituen. Bizi-bizirik ageri da Aresti. Adibidez, Hauspoak bertsolarien liburu bat atera zuen eta Arestik iruzkina egin zion; Euskaltzaindiak lexiko kontuak aztertzeko bilera bat egin zuen eta Arestik artikulu bat egin zuen. Testu arestiarrak ziren beti. Bizkaian bada Lugaresaresti abizena, berak bazekien hori, eta jokoa egiten zuen: Lugar es de Aresti. Arestiren garaia da. Hori modu tragikoan sinesten zuela iruditzen zait. «Dovstoieski tormentatu batek eskribitua», esan zuen.
Une oro, modu sinestezinean, euskara eta poesia kontuetan zegoen. Kontabilitatean lan egiten zuen, eta hala ere lehiatu ahal zuen garaiko edozein poetarekin. Berak esan ere egiten zuen apaizek abantaila zutela, ez baitzuten zapatuan eta domekan baino lan egin behar.
Behin, bilera bat egin genuen nire jaiotetxean, Mallabian, eta nire anaiak bazekien han bildu ginela zenbait idazle edo halako jende deigarria, baina batez ere Arestik eman zion arreta. «Zure lagun poeta, Bilbokue», esaten zidan, eta nik berari kontatu nion. «Angelen anaiarentzat ni poeta naiz», agertzen zuen. Txantxetan ari zela zirudien arren, Dovstoieskiren zentzua zeukala uste dut, Lugar es Aresti. Esan ere egin zuen: «Hemen gauza handiak gertatzen ari dira eta zenbait jende ez da konturatzen».
Gaztetan, ia umetan, seminarioan sartu nintzen, eta bertako giroa neurri batean euskaltzalea zen. Aresti estimatzen genuen, beti zekarrelako haize berriren bat edo tentsio berriren bat. Uda batez, zoriz, beste arrazoirik barik, Juan San Martin bisitatzen joan nintzen Eibarrera. Gabriel orduan han ari zen lanean eta arratsalde horretan San Martinen etxean zegoen. Hirurok afaldu genuen. Eurak ni baino zahartxoagoak, biak gorbatadunak, trajedunak, eta afari denboran, ostera, berbetan kabroia, ostia eta halako hitzak esaten zituzten normal. Motorrean eraman nuen ostatu hartua zuen etxera. Agurtzerakoan esan zidan: «Oroi zaitez gizon zorigaiztoko bat ezagutu duzula». Adiskide egin ginen, eta bere emaztea eta nirea ere oso lagun egin ziren. Berriki emaztea eta alarguna elkarrekin ibili dira erosketak egiten.
Beharbada, hil aurretxoan Atxagari egin zion eskutitza nabarmenduko nuke. Bazekien gaixorik zegoela eta bere alabez oroitu zen, emazteaz. Hori gogoratuko nuke.

 

Inma ARRIETA, Onceko langilea
«Gabriel Arestiren biografia brailez kaleratu dugu»

Angel Zelaietaren ikasle izan nintzen. Ikusmen arazoak ditut eta Oncen lanean ari naiz; euskal testuak brailez jartzen ditugu, horien artean, Gabriel Arestiren biografia. Lau liburuki dira, bolumena handitu egin da ikaragarri, ukimenarekin irakurtzen den braile alfabetoak leku gehiago eskatzen baitu. Gauza berriak egiten ari gara, batez ere, irakurle euskaldunek argitaratzen dena irakurtzeko aukera izan dezaten. Itsu batek baditu beste lagun batzuk eta horiek ez dakit noren azkenengo eleberria irakurtzen badute berak ere aukera hori izan dezan. Baina, horrekin batera, oinarrizko liburutegi bat sortu behar dela uste dugu, klasikoekin. Ez daukagu oraindik irizpide finko-finkorik; interesgarriak iruditzen zaizkigun lanak egiten ditugu, batzuetan berriak eta besteetan zaharragoak, eta Gabriel Aresti bada idazle garrantzitsua euskal kulturan. Orain dela urte bi Oncek eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu zuten liburuak braileratzeko eta grabatzeko. Ordura arte oso gauza gutxi zegoen euskaraz, eta itsu euskaldunek ez zeukaten irakurtzeko aukerarik ia. Madrilen eskatuta egiten ziren. Gainera, Once egitura egina da eta euskara hortik kanpo geratzen da. Horregatik, orain dela urte bi itsu euskaldun bat, Manu Agirre, gose greban egon zen Durangoko Azokan. Euskaraz irakurtzeko gai garen pertsonak ez gara asko eta itsuak eta ikusmen urrikoak, zorionez, gutxi gara. Eta horien artean brailez irakurtzeko gai direnak, gutxiago. Horregatik, oso jende gutxirentzat da lan hau, baina uste dut irakurle bakarra egonda ere egin behar dela. Nahiz eta dirua kostatu, bideak badaude egiteko.

 

Koldo IZAGIRRE | Idazlea
«Bera gabe tristeagoa litzateke euskal pentsamendua»

Gazterik, 14-15 urterekin, hasi nintzen euskaraz irakurtzen, era konpultsibo batean esku artean nuen guztia irensten. Prentsa, aldizkariak eta, batez ere, literatura, nire zaletasuna hori zelako. Gabril Aresti artikuluetatik ezagutu nuen, liburuetatik, “Harri eta herri” lanetik. Gizon polemista bat ezagutu nuen, gaiak gordin planteatzeko ausardia zeukana, pentsamendu bakarra batere maite ez zuena. Gorrotatzen nituen pertsonek eta pentsamendu politikoek izugarri gorrotatzen zuten bera. Beraz, berehala, uste dut gure belaunaldiko gehienoi sortu zitzaigula halako miresmen bat, sinpatia bat Gabriel Arestirenganako. Bere poesiaren kalitateaz aparte, bere jarrera publikoak asko erakutsi zigun. Jakin genuen intelektualak baduela konpromiso bat eta ezin egon litekeela isilik zenbait gauzaren aurrean, nahiz gustukoa ez izan edo iritzi publikoaren edo gehiengoaren kontrakoa izan. Horri euskaldun berria eta bilbotarra zela gehitu behar diogu. Horrek guztiak figura publiko garrantzitsu bihurtu zuen, eta guretzat ere hala zen, nahiz planteamendu poetikoetan ados ez egon, edo beste bide batzuetatik jo, edo beste zaletasun batzuk eduki. Guk ez genuen Arestiren bidea jarraitu, baina mugarri bat izan zela ezin dugu ukatu, eta orduan ere hala ikusten genuen.
Orduan oso atzerakoia zen gure ingurua, ia euskal mundu guztia apaizen esku zegoen nola edo hala, elizaren armadakoak izan edo laikoak izan oso erreakzionarioa zen euskararen mundua oro har, eta Arestik astindu handi bat eman zion eta horregatik bildu zituen hainbat gazte inguruan. Bere heldutasun poetikoa eta ETAren sorrera aldi berean gertatu ziren, eta gazteria berria batu egin zitzaion.
Arestiren zoritxarrerako “Harri eta herri” liburuak beste guztiak tapatu zituen. Hori ere egia da. Belaunaldi berri baten, mundu berri baten, ezkerraren eta pentsamendu librearen ikur bihurtu zen. Harrigarrizko erraztasuna zeukan koplak eta bertsoak egiteko, oso ondo ezagutzen zuen herri tradizioa eta horregatik egin zituen horrenbeste kantu Oskorrirentzat. Horretan ere oso miresgarria zen. Liburuetatik ikasi zuen euskara, klasiko guztiak aztertu zituen, baina aldi berean belarria oso emana zeukan herriaren hizkerari. Oso gauza ederrak utzi zizkigun, esan liteke herri tradizioa berreskuratu zuela nolabait, batez ere “Egun da Santimamiñe” eta horrelako kopla zaharren bitartez. Idazle proteikoa zen, denetik egin zuen, non zegoen hutsunea hartan saiatzen zen. Intelektuala zen, formazio linguistiko klasikorik eduki gabe izugarrizko sena zeukan hizkuntzan. Hiztegigintzan aritu zen, azken urteetan editore izan zen, antzerkia landu zuen, poesia, itzulpena, narratiba, laburra, artikulugintza, kantugintza... Oso zaila da ezer nabarmentzea, batez ere figura hori zen. Iparragirrek “Gernikako Arbola” egin zuen bezala eta bizitza publiko engaiatu bat eduki zuen bezala, Gabriel Arestik “Harri eta herri” eta bere kantagintza utzi zigun. Mugarri bat izan zen. Iparragirre baino askoz ere poeta hobeagoak egon ziren, baina berak konektatu egin zuen garai hartan herriak zituen sentimenduekin, eta Arestiren kasuan ere berdina da. Konektatu eta Euskal Herriak 1960-70eko hamarkada horietan zituen kezkak eta desioak islatzen jakin zuen. Horregatik da, nire ustez, Iparragirreren ondoren gure poeta zibil handiena. Jendeak entzun nahi ez zituenak azaleratzeko ausardia eduki zuen. Horregatik egin zuen hainbeste mesede. Arestirik gabe euskal literatura eta euskal pentsamendua ere askoz tristeagoa izango litzateke.