Iņaki Altuna
2008ko Urriaren 10a
Ezker abertzaleak jendetza bildu zuen joan den larunbatean, Bilbon, Euskal Herriak pairatzen duen «salbuespen egoera» salatzeko. 25.000 lagunetik gora izan ziren bertan, azkenaldian bata bestearen atzetik datozen estatuen erasoei erantzuteko. Manifestazio hark esanahi politiko handia du gaur egungo egoeran. Ilegalizazioak ilegalizazio eta arazoak arazo, errotutako mugimendu politikoa dela erakutsi zuen ezker abertzaleak, mobilizazio gaitasuna eta jende oinarri zabala duen mugimendu politikoa. Esan bezala, horrek esanahi politiko handia du une honetan; hain zuzen, Gobernu espainolak eta, gero eta gehiago, Gobernu frantsesak ezker abertzalea zokoratu nahi dutenean. Bilboko kaleetan emandako irudiak erakutsi zuen errealitatea ez datorrela bat Rubalcabaren, Balzaren eta enparauen hitzekin. Adierazgarria izan da manifestazioari buruz erreakziorik ez izatea. Isiltasuna izan da nagusi. Zer esanik gabe gelditu dira, antza, azken asteotan ezker abertzalearen erabateko txikiagotzea iragarri zutenak.
Halere, errepresio bortitzaren eragina ezin liteke gutxietsi, ez soilik pertsona askori kalte zuzena eta ikaragarria eragiten diolako (atxiloketak, tratu txarrak eta kartzela barne), ez soilik lan militante oro oztopatzen duelako, baizik eta ezker abertzalea politikoki baldintza dezakeelako ere bai. Aldaketa politikoa eragin nahi duen mugimendu batek unean uneko erasoei erantzun behar die, nahitaez; bestela, ez baitu gerorik izango. Ez du, horratik, ez bere erroak, ez bere egitasmo politikoaren etorkizuneko ikuspuntua galdu behar. Horixe da, seguru asko, ezker abertzaleak izan lezakeen arriskurik handiena, eta horixe da estrategia errepresiboaren helburu nagusia; alegia, mugimendu independentistak lortu duena alboratzea eta noraezean murgiltzea.
Azken hamarkadan gauza asko aurreratu ditu: «Euskal Herriak du hitza eta erabakia» izan zen Lizarra-Garazitik ateratako ondorio nagusia; Anoetako proposamenak, berriz, konponbiderako metodologiaren oinarriak jarri zituen; eta azken negoziazio prozesuaren haritik, lurraldetasunaren eta autodeterminazio eskubidearen gakoei eutsita, eremu demokratikora iristeko proposamen zehatzak egiteko gaitasuna erakutsi zuen ezker abertzaleak. Gako nagusiei eustea eta, aldi berean, proposamen egingarria plazaratzea izan zen eginiko aurrerapausoa. Lizarra-Garaziko garaian egindako proposamenak -hauteskundeak zazpi lurraldeetan- «ez bururik, ez hankarik» ez zuela erantzun zuen EAJk (estrambótico hitza erabili zuten). Oraingoan, ez EAJk, ez PSEk ez dute erantzun publikorik eman. Txintik ere ez zuten esan. Mahaitik altxa ziren, besterik ez; nonbait, halako prozesu demokratiko bati ateak irekitzeko beldur.
Ezker abertzaleak irudi erradikala du, eta halaxe da arlo askotan, baina, aldi berean, euskal gizartearen gehiengoaren atxikimendua lortzen duten (edo lor dezaketen) eduki eta proposamen politikoak egiteko gai izan da azken hogeita hamar urteotan (negoziazioaren beharra, marko juridiko-politikoaren aldaketa, eskubide guztien beharra...). Alde batetik, erradikaltasun horrekin frankismoaren erreforma egonkortzea galarazi du eta, beste batetik, proposamen politiko zehatzak (KAS alternatiba lehenik) egiteko gaitasunarekin aldaketa politikoaren ateari zabalik eustea lortu du. Biak ala biak egitea, horixe izan du dohain nagusia.
Halere, proposamenak proposamen eta aukerak aukerak, gatazkaren korapiloek askatu gabe segitzen dute eta, azken hilabeteotan, ziklo gordina ireki da. Argitzeke dago, ordea, zein fase politikotan gauden, edo, hobe esan, fase politiko berri bat ireki ote den. Ezker abertzaleak, orain dela ez denbora asko, aldaketa politikoa ate joka zetorrela zihoen, nahiz eta ohartarazi aldaketaren norabidea ez zegoela segurtatuta. Beraz, egiazko konponbidea edo iruzurra erdiets zitekeen. Zer dio gaur egun? Benetako aldaketaren aukera bertan behera geratu al da -eta, beraz, konfrontazio hutsaren fase luze batean sartu gara- edo, gaur egungoa ziklo oso gogorra izan arren, oraindik ere marko demokratikoaren eta, beraz, konponbidearen aukera landu al liteke? Egindako ibilbideak izan al dezake jarraipenik ala zerotik hasi behar al da? Akabo al dira Anoetako eta Anaitasuneko proposamenak, ala bertan ereindakoak gerora uztarik izango duela espero al liteke? Jakina, galderok erantzuteko eragile guztien gogoa eta jokabidea izan behar da kontuan, baita euskal gizartearena ere. Erantzun beharreko galderak dira, edonola ere.
Gaurko honetan, dena dela, argi bezain garbi dakusagu gatazkak bere horretan dirauela. Gatazkaren adierazpenak ere hortxe ditugu, egunero.
ETAk bonba bat zartarazi zuen Tolosako epaitegian, eta kalte material handiak eragin zituen. Aurreko hilabeteotan «garaipen poliziala» litekeena zela esanez ahoa bete du zenbait ordezkari politikok eta zenbait hedabidek. Enegarren aldiz entzun ditugu adierazpen berdinak. Borroka armatua gai «tekniko» moduan aipatzen dute askok. Ez dago ikusi nahi duen baino itsu handiagorik.
Gatazkaren adierazpen gogorra izan dugu Iruñerrian ere. Atxiloketa kate luzea egin du (egiten ari da) Polizia espainolak, eta berriro ere halako operazioen osagai likits guztiak azaldu dira: aldez aurretik hedabideen bitartez eginiko prestaketa, atxiloketak, inkomunikazioa, tratu txarrak... Helburu bikoitza antzeman zaio operazio horri: batetik, gazte mugimendua kolpatzea, ezker abertzalearen etorkizuna galarazteko; bestetik, mugimendu independentistaren indarrak, bereziki Nafarroan, xahutzea. Errepresioa ere ez da «teknikoa», politikoa baizik.




