Lau urteren buruan lortu zuen ikastea. Yokohoman bizi da eta bere buruarekin euskaraz hitz egiten du maiz eguneroko bizimoduan. Sei hizkuntza dakizki, baina gehien maite duena euskara da
Joxean Agirre
2008ko Urriaren 10a
Yokohaman jaio zen eta bizi da, Tokiotik 50 bat kilometrotara dagoen hiru milioi bizilaguneko hirian. Zientzia Politikoak ikasi zituen, baina bere benetako pasioa hizkuntzak dira. Ingelesa, frantsesa, alemana, italiera eta gaztelania ezagutzen ditu. Orain, kaukasiar hizkuntzekin dabil liluratuta, baina guztien artean gehien maite duena euskara da.
«Neure buruarekin asko hitz egiten dut euskaraz. Eta Euskadi Irratia entzuten dut Interneten. Hori ezinbestekoa da niretzat. Entzun dut euskaldunen batzuk badirela Yokohaman, baina oraindik ez ditut aurkitu», esan zuen.
Irailaren azken egunean etorri zen Euskal Herrira. Lagunak besarkatzeko astia izan du ozta-ozta, Talai Berri txakolindegiko mahastietan aritu da astebetez lanean eta astelehenean itzuliko da berriro etxera. Yokohaman du familia, gurasoak eta anaia gazteagoa. Berak 34 urte beteko ditu aurki. Ikasketak bukatu zituenean hasi zen mundua korritzen. «Orain zazpi urte, 2001ean, hiru hilabetez gaztelania ikastera etorri nintzen Burgosera. Nik ez nekien euskararik bazenik ere. Euskal Herriaren entzutea banuen, terrorismoari buruzko betiko topikoak tarteko, baina ez nuen ezagupide gehiagorik. Unibertsitatean gaztelania pixka bat ikasita nentorren. Atzerriko bigarren hizkuntza gisa ematen zuten, ingelesaren ondotik. Eta ustekabean egin nuen topo euskararekin. Oso gaizki bada ere, ETBren seinalea iristen zen Burgoseraino eta hotsa ere zerbait entzuten zen. Ea hizkuntza hura nongoa zen galdetzen hasi eta seguru asko euskara izango zela erantzun zidaten. Jakin-minarekin geratu nintzen. Etxera itzuli nintzelarik, euskarari buruzko liburuak begiratzen hasi nintzen, euskara eta Euskal Herria interesatzen hasi zitzaizkidan eta hizkuntza ikasi behar nuela erabaki nuen. Udazken horretan bertan etorri nintzen Gasteizera eta hasi nintzen ikasten», hasi zitzaigun Shinohara Gakuji kontatzen.
Gasteizen gaztelania ikasten jarraitu zuen Unibertsitatean eta euskara ikasten hasi zen Hizkuntza Eskolan. Tarteka esapide bitxiak erabiltzen ditu. «Nik artean totelka-motelka hitz egiten nuen», esan zuen edo Ipar Euskal Herrian egin zuen egonaldi bateko arrastoak geratu zaizkio «serios», «kontent», «ukan» eta horrelakoetan. Lau urtean egin zuen ibilbidea, baina hainbat lekutan egonez, Gasteizen urtebete eman ondoren, Lazkaoko barnetegian eta Bilbon egon baitzen. «Bilbon ere gaztelaniako klaseak hartu nituen Deustuko Unibertsitatean eta euskara ikasi nuen AEKn. EGA prestatzeko klaseak hartuz bukatu nuen egonaldi hori», aitortu zuen.
Gaztak egiten Garazin
Bilbotik Beizamako Leunda Berri baserrira joan zen. Talde bat bizi da baserri horretan eta geroztik harreman estua du bertakoekin. Udazkenero egiten ditu egun batzuk bertan. «Hasieran arazo larriak nituen euskalkian ari zirenei ulertzeko, baina praktika kontua da. Bilbokoa bukatu eta Japonian urtebete eman ondoren, 2005ean, Donibane Garazira joatea erabaki nuen. Ez nuen han inor ezagutzen. Ni abenturazalea naiz eta apaizaren etxean bukatu nuen. Oso ondo hartu ninduen. Ordaindu gabe egin nuen lo haren etxean artzain batekin lan egiten nuen bitartean. Gaztak egiten laguntzen nion. Urtebete eman nuen lan horretan», jarraitu zuen.
Azken bost urteotan, gainera, mahatsa biltzera etortzen da Zarauzko Talai Berrira, Beizamako lagunekin.
«Baditu japoniarrak euskararekin parekotasun batzuk, esaldiak batzeko moduan batez ere. Latinetik datozen hizkuntzek oso hurrenkera ezberdina dute. Erlatiboa, esate baterako, euskaran bezala osatzen da gure hizkuntzan, baina hor bukatzen dira parekotasunak», esan zuen. «Nik murgilketa sistema erabiltzen dut hizkuntzak ikasteko, baina hasieran oso gogorra da, moldatzen hasi arte nekagarria da, baina hori da biderik onena. Hogeita sei urterekin hasi nintzen kanpora irten eta batetik bestera ibiltzen», erantsi zuen. Hizkuntza kaukasiarrekin ari da orain, baina euskara maite du gehien. «Nire izaeraren zati bat euskalduna da. Hemen lagunak aurkitu ditut eta asko gustatzen zaidan bizimodu bat. Irakurri ere gero eta gehiago egiten dut euskaraz». Lehen Hezkuntzan egiten du lan, baina ez du baztertzen egunen batean japoniera erakutsiz Euskal Herrian bizitzea. «Horreterako prestatzen ari naiz», esan zuen.




