ITALIA / DEMOKRAZIA -

Italiako iparraldean dagoen Vicenza hiriak ez dauka bertan eraiki nahi duten estatubatuarren base militar berriaren beharrik. Horrela esan dute igandeko erreferendumean esku hartu zutenek

2008ko Urriaren 10a

Vicenza hiriak 114.000 biztanle inguru ditu. Joan den igandean Dal Molin izeneko aireportuan egin nahi duten AEBen base militarrari buruzko erreferenduma egin zuten bertan, nahiz eta Estatu Kontseiluak Udalak ofizialki antolatu nahi zuen kontsulta bertan behera utzi zuen. Hala ere, basearen aurkakoek aurrera jarraitu zuten eta, nodalmolin.it webgunean azaltzen dutenez, 24.094 herritar joan ziren botoa ematera, hau da, erroldaren %28,5. Horiek guztiak intsumitu direla esan daiteke, agintariek debekatutako ekimenean esku hartzea erabaki baitzuten. Kontsulta antolatu zuten elkarteen arabera, «Estatu Kontseiluak egin duen despotismo erakustaldiaren ondoren, Vicenzan jokoan zegoena ez zen hiriko berdegunerik handienaren etorkizuna, demokrazia bera eta bizitza politikoan esku hartzeko herritarrek duten eskubidea baizik».

Goizeko zortzietan zabaldu zituzten txukun-txukun prestatutako 53 hauteslekuak. Ilunabarreko bederatziak arte izan zuten herritarrek beren iritziaren araberako botoa emateko aukera. Ehunka boluntario aritu zen lanean. Erreferendumean parte hartu zuten askorentzat oso egun berezia izan zen, bi urte egin baitituzte amerikarren proiektuaren aurkako mobilizazioak antolatzen.

«Egunsentian, bozketa ofizialetan hauteslekuak egoten diren instalazioen aurrean, mahaiak antolatu genituen, botoemaileek guztia prest aurkitu zezaten. Benetako erreferenduma izatea nahi genuen, eta lortu dugula esan daiteke -diote No Dal Molin plataformakoek-. Hauteskundeetan erabiltzen diren hautesle zerrendak genituen, mahai bakoitzak bere presidentea, boto zenbaketa begiztatu behar zuten ordezkariak... Botoa eman ahal izateko, hauteslekura joateaz gain, nortasun agiria eraman behar zen. Piazza Castellon jarri genuen prentsarentzat prestatutako eremua». Esku-hartzaileek duten Udalak aireportuko lursaila erostea eta, beraz, base militarra hor ez egitea nahi al duten esan behar zuten.

Vicenzako gatazkak izan du eraginik Italiako politikan, batez ere iaz, Berlusconiren Gobernuaren aldeko koalizioa hankaz gora botatzen lagundu zuten faktoreetako bat izan baitzen. Ez da harritzekoa, beraz, Gobernuak AEBen base militarren handitzeari buruzko ordezkari berezia izendatu izana: Paolo Costa.

Gobernukoen irakurketa

Gobernuak Vicenzako erreferenduma bertan behera uzteko ahaleginak egin baditu ere, Paolo Costa ordezkari bereziak igandeko kontsultari buruzko irakurketa propioa egin du. Botoa ematera joan zirenak %28 inguru izan zirenez, berak adierazi du gainerako %72a base militarra handitzearen alde dagoela. No Dal Molin plataformakoek erantzun dute ez dela bidezkoa Costak egin duen irakurketa egitea. Vicenzan basearen alde zenbat biztanle dauden jakiteko, beste erreferendum bat egitea proposatu diete proiektuaren aldekoei. «Ordura arte, hiri honetako 906 botoemaile besterik ez daude base militarraren alde, igandeko erreferendumean ezezkoa eman zutenak hain zuzen», adierazi dute.