Madagaskarreko basoetako bioaniztasuna galtzeko arriskuan dago, Kanadako Sherritt konpainiak bertan abian jarri nahi duen nikel meategiaren eraginez. Munduko handiena izango da
Lucie Peytermann - France Presse
2008ko Urriaren 10a
Moramangan, Madagaskarren, hondeamakinak sekulako arrastoa uzten ari dira. Jatorrizko basoaren koloreek, garapena ekarriko omen duen gorritasunari utzi diote lekua. Uharteko zati horretako bioaniztasuna ezohikoa den arren, aditu guztiek goraipatzen duten arren, aurki bertan egongo da munduko nikel meatzerik handiena. Ikaragarrizko tutua ere sartzen ari dira Sherritt konpainiak kontratatutako langileak. Uharteko ingurumenean eragingo duten kaltea atzeraezina izango da, adituen iritziz.
Antananarivo hiritik ehunen bat kilometrora dago Andasibe. Bertatik kilometro gutxira aspaldi honetan ari dira lanean. Hondeamakinak eta langileak, basoan hogei metroko zabalerako zauria utzi duen tutua egoki ipintzeko. Beheraxeago, ibaiak likido gorria darama. Meategia ez da lanean hasi oraindik, baina bazter guztiak kutsatzen hasia da. Nongo bazterrak gainera! Torotorofotsy-ko hezegunearen garrantzia munduko aditu guztiek goraipatzen baitute. Edonora begiratuta ere, basoak, mendiak eta errekak. Eta lasaitasuna, lemure baten garrasiak apurtzen duen arte. Ugaztun hori da Madagaskarren beste inon aurkitu ezin daitekeen abereetako bat, uharteak duen bioaniztasunaren adierazle. Madagaskarreko lurreko ugaztunen % 98 uharte horretan bakarrik daude. Gauza bera gertatzen da uharteko narrastien % 92arekin eta landareen % 80arekin. Hau da, endemikoak dira.
Ambatovy da meatokiaren izena. Leon M. Rajaobelina da AEBetako Conservation International elkarteko Madagaskarrerako taldeko presidenteordea. Berak jakinarazi duenez, «meatokia jatorrizko basoaren erdi-erdian dago, Gobernuak aurki ezarriko duen gune babestutik oso gertu». Hala ere, Madagaskarrek dituen premien eraginez, Estatuak Kanadako Sherritt konpainiari bertan nikel meategi bat eraiki dezan baimena eman zion. 2006an hartu zuen erabakia eta munduko nikel meatzerik handiena izango da. 4.000 milioi dolarreko inbertsioa, sekulako pobrezia duen herrialdean. Zenbat balio du galduko den bioaniztasunak? Hori kalkulatzerik ez dago.
Moramangan dago meatzea, Andasibetik hogei kilometrora. Oinez, lau ordu behar dira. Nikela ateratzeaz gain, Sherritteko buruek kobaltoa eta amonio sulfatoa ere atera nahi dute, 2010etik aurrera. Hogeita zazpi urtez gai horiek ateratzeko baimena dute konpainiakoek.
Conservation International elkarteak egindako kalkuluen arabera, jatorrizko basoak hektarea asko galduko ditu, gutxienez 1.300 eta, 1.700, kasurik txarrenean. Eremu horietan 1.378 lore espezie omen daude. Gainera, inguruetan bizi ziren nekazari batzuek alde egin beharra izan dute.
Orain jartzen ari diren tutueriak meategitik ateratzen den gaia Tamataveko kaira eraman behar du, 220 kilometroko ibilbidea eginda. Gaia bertan finduko dute, nikela eta kobaltoa lortzeko.
Proiektuari argi berdea eman aurretik egin zen inpaktu-azterketaren arabera, eremu horretan daude munduan beste inon aurkitu ezin diren 47 lore espezie. Madagaskarreko Mitsinjo elkarteko Rainer Dolch kideak esan duenez, espezie horiek, desagertzeko arriskuan daudenez, uharteko hezeguneetan babestu beharrekoen zerrendan ageri ziren. Dolchen arabera, proiektuak ingurumenean duen inpaktuari buruzko azterketan eta ondorengo prozesuan ez dute nahikoa datu bildu, arriskuan dauden espezieei buruzko datuak, batez ere.
Mitsinjo elkarteak kudeatuko du Torotorofotsyko eremu babestua. Eskualde horretan ehunen bat igel espezie daude, endemikoa den urre-kolorekoa barne. Lemure espezieak ere asko dira, hamalau. Horietako batek, prolemur simus izen zientifikoa duenak (banbua jaten duena), dauka arrisku handiena. Mitsinjoko kideen ustez, lemure banbujale horiek tutueriak izango duen ibilbidean bizi dira. Beraz...
Ingurumenari egindako kaltea ez da hain larria, Gerard Rakototafika Meatze Saileko zuzendariaren arabera. Bere ustez, meategiari esker, ingurumena hobeto babesteko aukera izango du Estatuak.




