-

Jose Angel Oria

2008ko Urriaren 10a

Maldivetako Errepublikan presidentetzarako hauteskundeak egin dituzte aste honetan. «Historikoak» izan dira, begiraleen arabera, oraingo honetan alderdi politikoek esku hartzeko aukera izan baitute, 2005. urtera arte legez kanpo egon ondoren.
350.000 biztanle besterik ez dituen artxipelagoa, bertan dauden luxuzko hotelengatik eta paradisuaren tankerako paisaiengatik da ezaguna gure artean. Baina paradisutik oso urrun dago maldivarrek egunero duten egoera. Efe agentziaren arabera, 2004ko abenduko tsunamiak oso eragin kaltegarria izan bazuen ere, bertako ekonomiak gora egin du urteotan eta herrialdeak ere gora egin du bizi-kalitatearen araberako munduko sailkapenetan. Turismoa da, arrantzarekin batera, bertakoen diru-iturri nagusia. Munduko herrialderik pobreenen zerrendatan ageri izan den herrialdea, Asiako hegoaldeko aberatsena da, France Presseren arabera. Biztanlegoa musulmana da, sunia gehienbat, eta suniak ez direnek ez daukate hauteskundeetara aurkezterik. Analfabetismo txikiena duen herrialde musulmana da.   
Paradisu itxura izan nahi duen herrialde horretako hauteskundeak iruzur salaketa artean egin dituzte: oposiziokoen arabera, Gayum presidentearen aldekoek nortasun agiri faltsuak erabili dituzte, beraien aldeko boto kopurua puzteko. Aldi berean, oposizioaren aldeko batzuek ez dute botoa emateko aukerarik izan, izena ez zelako zentsoan ageri. Asteazkenean egin zituzten Maldivetako bozak eta, arratsaldean, hedabideetan egin zituzten salaketen eraginez, Hauteskunde Batzordeak berak prentsaurrekoa eman behar izan zuen, bozak ontzat ematen zituztela esateko, bertan behera uzteko aukera aipatu izan baitzen.
Iruzur handirik ez dute egin egungo presidentearen aldekoek, lortutako emaitzei erreparatuz gero behintzat. Botoen % 40 besterik ez du lortu Maumun Abdul Gayum presidenteak, garaipena bigarren itzulia egin gabe emango liokeen % 50etik oso urruti. Beraz, aurki hauteskundeak egin beharko dituzte berriz, eta baliteke Guyamek 1978an eskuratu zuen agintea utzi beharra izatea, batez ere oposizioko indar guztiek Mohamed Nasheed-ekin bat egiten badute.
Nasheedi «Maldivetako Nelson Mandela» deitzen diote jarraitzaileek, Gayum presidentearen aurkaria izateagatik askotan preso eduki baitute. Orain emaitza onak lortu ditu, botoen % 25 baino gehiago. Berak aldaketaren mezua sal dezake, itsasoaren erasoen beldur bizi den artxipelagoan. minivannews.com web gunearen arabera, Nasheedek botoen % 25,14 lortu du, hirugarren postuan geratu den H. Saeedek baino % 8,60 gehiago. Beraz, Nasheedena izango da aldaketaren itxaropena bazter guztietara eramateko ardura.
Oposiziokoen arabera, Gayum diktadore hutsa da. Hautagaiek Male hiriburuan eta inguruko uharteetan egin dute kanpaina, batez ere, France Pressek bidalitako kroniken arabera. Maldivetako presidente izan nahi dutenak ur-hegazkinez joaten ziren batetik bestera.
Nasheed preso politikotzat zeukan Amnesty International erakundeak. MDP Maldivetako Alderdi Demokratikoa sortu zuen, alderdi politiko guztiak legez kontrakoak zirenean. Bere ustez, Gayum presidenteak horrenbeste goraipatzen duen ametsetako turismoaren atzean, arazoz betetako herria dago, asper-aspertuta bizi den gazteria, droga-menpekotasunek sekulako kaltea egindako gazteak, lanpostu duinik aurkitu ezin dutenak. Eta agintariak ez daude hobeto Nasheeden arabera, erabat ustelduta baitaude. Bere jarraitzaileek «hogeita hamar urteko diktadurari amaiera emateko» presidente berria behar dela nabarmentzen dute. Hussain Omar dendariak ez dio botorik eman, edozein gauza eginda ere Guyamek presidente karguan jarraituko duelakoan baitago: «Guyamek denbora luzeegia darama agintzen eta edozein gauza egingo du karguan jarraitzeko», esan zion France Presseko kazetari bati.
Iazko eraso islamista bat eta horrek utzitako kezka ekarri ditu gogora France Presseko Stefan Smith kazetariak. Aipatutako atentatua artxipelagoko lehenegoa izan zen. 2007ko irailaren 29an gertatu zen, eta hamabi turista zauritu zituen: zortzi txinatar, bi japoniar eta bi britainiar. AEBetako FBIkoen laguntzarekin, Maldivetako Justizia Adminbistrazioak hiru islamista atxilotu zituen. Ikerlariek esan dute hiru horiek bonba bat leherrarazi izana onartu zutela. Kaxmirreko talde armatuekin zerikusia izatea leporatu zieten. Hamabost urteko kartzela zigorra ezarri diete. Smithek nabarmendu du eraso horrek sekulako kaltea egin diezaiokeela turismoari, eta horrexegatik oso kezkatuta dabiltzala agintariak. •