GIZA ESKUBIDEAK / AEB / MEXIKO -

Gero eta bazkide gehiago ditu InfraGard taldeak. AEBetako azpiegiturak babestu nahi dituzte, «terroristek» omen dituzten asmoen aurrean, eta horretarako salatari lana egiten dute

Jose Angel Oria

2008ko Urriaren 10a

Giza eskubideak atzera egiten ari dira aspaldi honetan, eta ez dirudi joera hori aldatzeko aukera handirik dagoenik. Agintariek salatari bihurtu nahi dituzte herritarrak AEBetan eta Mexikon, nahiz eta konpondu nahi omen dituzten arazoek oso ezaugarri desberdinak izan: estatubatuarrek herrialdeko azpiegiturak babestu nahi dituzte, «terroristek» omen dituzten asmoen aurrean; eta mexikarrek azken urteotako hilketa kopuru ikaragarriari aurre egin nahi diote.

Enpresetako espioiak. AEBetan askoz ere aurreratuagoa dute herritarrak salatari bihurtzeko egitasmoa, Matthew Rothschild kazetariak «The Progressive» aldizkarian salatu duenez. Enpresa pribatuetako 27.000 ordezkari inguru ari dira FBI Ikerketa Bulego Federalarekin eta DHS Segurtasun Nazionaleko Sailarekin elkarlanean, AEBetako herritarrek dituzten lagunei buruzko informazioa jasotzen. Talde horri InfraGard deitzen dioteeta azken urteotan ikaragarri hazi da. Kideek gainerako herritarrek ez dituzten aukerak dituzte: «mehatxu terrorista» baten berri izaten dutenean, beraiei ematen diete aurrena, funtzionario askori baino lehen. Hori dio behintzat InfraGard taldeko kideei esaten dietenak.

«Zaintzaren gizartea». ACLU Askatasun Zibilen Batasun Amerikarraren arabera -aclu.org-, honelako egitasmo batek kezkatzeko arrazoi ugari ematen ditu. «TIPS Erabateko Informaziorako Egitasmo Korporatibotik oso gertu dago InfraGard. Milioika herritarren jarduera ikuskatzeko ahalmena duten konpainia pribatuak FBIren begi eta belarri bihurtuko dituzte», irakur daiteke ACLU gobernuz kanpoko erakundeak aurkeztutako «Zaintza industrialaren konplexua: Zaintzaren Gizartea eraikitzeko, AEBetako Gobernuak enpresak eta pertsonak nola biltzen dituen» izeneko txostenean.

Sekulako hazkundea. InfraGard 1996an hasi zen lanean, Cleveland hirian. Internet bidezko mehatxuak aztertzeko FBIk antolatu zuen bilera batean, AEBetako enpresa handienetako ordezkariek esku hartu zuten: «Fortune» aldizkariak prestatzen duen «Fortune 500» sailkapeneko (herrialdeko enpresarik handienak) 350 konpainia zeuden ordezkatuta. Phyllis Schneckek, InfraGardeko Kideen Aliantza Nazionaleko zuzendaritzako presidenteak, esan izan duenez, «geroztik FBIk ereduari eutsi dio». Schneck bera da InfraGardek izan duen hazkunde ikaragarriaren arduradun nagusia. 350 enpresarekin hasi zen egitasmoa, 11.000 bazkide izatera iritsi zen 2005ean, Robert S. Muller III.a FBIko zuzendariak orduan adierazi zuenez. «Une honetan, InfraGardek 11.000 bazkide ditu, AEBak babesteko misioan, 11.000 bazkide. Zuena, sektore pribatuarena, herrialdearen defentsa- ren lehen lerroa da», esan zuen Mullerek. Une honetan, 27.000 bazkide inguru ditu InfraGardek, sarean duen webgunean -infragard.net- irakur daitekeenez.

Erailtzeko «eskubidea». Matthew Rothschildek «The Progressive» aldizkarian idatzi zuen gauza batek oso urduri jarri zituen AEBetako agintariak. Kazetariaren arabera, InfraGardeko bazkideek beste pertsona bat hiltzeko tiro egiteko «eskubidea» dute, gerra-legea ezarriz gero. Salaketari ez zioten jaramonik egin AEBetako hedabide nagusiek. Bai, ordea, hainbat irratik, Air America eta Democracy Now! irratiek, adibidez. Baita FBIk berak ere. Shawn Henry FBIko Cyber saileko zuzendariak sinatutako agiriak esaten zuen artikuluak salatutakoa gezurra dela, eta InfraGardeko kideek gainerako herritarrek dituzten eskubide berberak dituztela, ez besterik. Rothschildek idatzi du «hiltzeko tiro egiteko» aukera hori estatubatuarrak InfraGard taldera erakartzeko erabiltzen dutela FBIkoek. Nolabaiteko saria dela, alegia.

Entrenamendua. George Bush AEBetako presidenteak iazko maiatzean sinatu zuen aginduaren arabera, Segurtasun ministroak koordinatu behar ditu sektore pribatua eta AEBetako azpiegitura «kritikoaren» arduradunak (erasoetatik babestu nahi dutena), larrialdi egoeran beharrezkoak izango dituzten zerbitzuak emateko. Amy Kudwa DHSko eledunak esan izan duenez, InfraGardeko kideak prestatzeko egin izan dituzten bilera batzuetan, ehunka lagunek esku hartu dute. InfraGardeko kide guztiek «liburu txiki beltz» bana izatea da FBIkoen helburua. Salatarien liburuxka.

Bi mailatako herritarrak. ACLU erakundeko kideen arabera, ez da bidezkoa InfraGard taldeko kideek gainerako estatubatuarrek baino eskubide gehiago izatea. Jay Stanley eledunak honela esan zion kazetariari: «FBIk ezin du tratu berezia lortzen duten estatubatuarrekin klase pribilegiodun bat eratu. Legearen aurrean, ezin da onartu batzuek besteek baino eskubide gehiago izatea. FBIk korporazioetako 22.000 lagunei -erantzun zuenean bazkide kopuru hori zuen InfraGardek- emateko moduko informazioa baldin badauka, zergatik ez du plazaratuko herritar guztiek horren berri izan dezaten? Herritarrak ez al dira, bada, erakunde publikoei kontuak eskatu behar dietenak? Sekretuak ez dira gure lagunei mesede egiteko erabiltzeko moduko tresna». InfraGarden web guneak dioenez, FBIrekin eta DHSrekin duen komunikazioa ez dago herritarren esku eta, Informazio Eskubidearen Legea erabiliz informazio hori eskatuta ere, interesatuak ez du ezer lortuko, «merkataritza sekretutzat» hartzen baitute informazioa.

Hedabideei zer esan? Ez da harritzekoa InfraGardekoek hedabide aurrerakoienekin harremanik ez izatea. Salatari taldeko arauen arabera, herritarren aurrean edo hedabideekin hitz egin behar duten bakoitzean, esan beharrekoa ondo prestatu behar dute, zer esan daitekeen eta zer ez aldez aurretik erabaki. Web gunean bertan irakur daitekeenez, «taldeko kide ez direnekin hitz egin behar denean, InfraGarden interesak babestu behar dira. Prentsarekin egin beharreko elkarrizketetan, oso zaila izan daiteke InfraGarden irudia egoki azaltzea. Nahasteko arriskua murriz dezakegu, elkarrizketak egoki prestatuta. InfraGardeko arduradunek eta FBIkoek kazetariak prestatutako galdeketa aztertu behar dute, nola erantzun adostu eta erantzun horiek nork emango dituen erabaki. Gai korapilatsuei buruzko galderak saihestu egin behar dira». Zeintzuk dira «gai korapilatsuak»? Honako adibide hau ipini du bere web gunean Juan Gelmanek, Argentinako idazle eta kazetari ezagunak: «Adibidez, gerra egoera batean enpresaburu batek, beharrezkotzat joz gero, beste norbait hiltzeko duen eskubideari buruzko galderak -idatzi du www.juangelman.com web gunean-. James Bond izatea gustatuko litzaioke bati baino gehiagori».

Mercedes-Benz Argentinan. Juan Gelmanek InfraGard taldeari buruz idatzitako «Empresarios 007» artikuluak nabarmentzen du talde hori Eliza Katolikoa bezain zabala dela eta FBIk egiten duen gauza bera egiten duela: AEBetako gizarte zibila espiatu, alegia. Idazleak gogora ekarri du Robert Muller FBIko zuzendariak orain hiru urte egindako bilera batean esan zuena. Entzuleei eskatu zien bizilagunen baten jarduera susmagarriren bat sumatuz gero, edo ezohiko gauzaren bat sumatuz gero, FBIri hots egiteko. «Jarduera susmagarri» horien artean daude lanpostuan gustura ez dauden langileenak, «lanean ikasitakoa enplegu-emailearen interesen aurka erabil dezakete-eta». Argentinako diktadura garaian gertatu ziren gauza batzuk ekarri dizkio gogora Gelmani Mullerek esandakoak: «Mercedes-Benz bezalako konpainia erraldoietako langileekin diktaduran gertatzen zena gogorarazi dit. Dagoeneko erabat frogatuta dago Mercedeseko jabeek lantegian konforme ez zeudenekin zer egiten zuten, baita soldata txikiegia zela-eta protesta egiten zutenekin eta sindikatuetako kideekin ere: pozik ez zeuden langile horien zerrenda militarrei entregatu, eta langile horiek `desagertu' egiten ziren». Argentinako idazleak nabarmendu du InfraGard taldean esku hartzen duten konpainietan ehunka mila pertsonak egiten dutela lan. Argentinako esperientziatik begiratuta, InfraGard eta azken urteotan abian jarritako beste ekimen batzuk, enpresaburuei sarraskiak egin ditzaten ateak zabaltzea da.

Mexikoko erradiologoa. AEBetan milaka salatari, eta Mexikoko politikariek azkenaldi honetan aipatutako aukera aurrera ateraz gero, herrialde horretan milioika. Fernando del Pasok «La Jornada» egunkarian aste honetan bertan salatu duenez, Estatuak gaizkileak harrapatzeko eta zaintzeko nahikoa kemen ez duenez, «herritarrek egin beharko dute lana, mehatxupean». Egileak gogorarazi du Xocoko erietxeko erradiologoa atxilotu berri duela PGR Poliziak, Angel Cisneros bahitzaileak ihes egin ondoren. Hiru agente omen zeuden Cisneros zaintzeko, baina erradiologoa atxilotu dute.

Etxea alokatzea, arriskutsu. Del Pasok erantsi du Mexikoko PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko diputatu batzuek delitugileei aurre egiteko ekimen bat aurkeztu berri dutela: bahiketa batean edo legez kontrako drogak saltzeko etxebizitza bat erabiltzen badute, gaizkileei etxe hori alokatu diena zigortu nahi dute PRIkoek. Tamalez, ezkerrekoa omen den PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko ordezkari batzuek -Marcelo Ebrard hiriburuko eleduna aipatu du egileak- bat egin dute ideia horrekin. «Nori alokatu ondo aztertzeko» eskatu omen die Ebrardek Mexiko DF-ko biztanleei. «Eta nola jakin dezake herritar batek -galdetu du Fernando del Pasok- bere pisura sartuko den maizterra narkotrafikatzailea edo bahitzailea ote den? Itxuraren arabera? Delitugile askok ez dute gaizkile itxurarik, eta inolako errurik ez duten herritar askok bai. Esaterako, politikari askok gaizkile itxura dute nahiz eta gaizkile ez izan. Beste batzuk, itxura hori ez duten arren, gaizkileak dira. Azkenik, delitugile itxura izan eta gaizkile diren politikariak dauzkagu».

«Ez naiz delitugilea». «La Jornada» egunkariko artikuluak umorea erabiltzen du Mexikoko politikarien asmoak salatzeko. Nola bereizi gaizkilea eta gaizkilea ez dena? Galdera horren inguruan makina bat ateraldi eskaini ditu Del Pasok. «Ez naiz delitugilea» dioen letreroa eraman behar al dute herritarrek? «Droga saltzailea naiz», bestela? Aurrekari penalak ez dituela frogatzeko agiriak ere aipatzen ditu, aukera hori ere berehala baztertzeko: Poliziak banatu beharreko ziurtagiriak ere faltsutu daitezke eta herritar gehienek inoiz ez dute ikusi benetako ziurtagiririk; delitugile askok ez dute aurrekari penalik, ez dituztelako inoiz harrapatu; beste batzuek oraindik ez dute deliturik egin, baina alokatutako etxean has daitezke, nahiz eta ziurtagiriak aurrekari penalik ez aipatu; gainera, maizter guztiei ziurtagiriak eskatzea, milioika lagun iraintzea litzateke.