Gorka Elejabarrieta
2008ko Urriaren 10a
Herri Batasuna 70eko hamarkadaren bukaeran sorturiko alderdi politiko abertzalea da. 1977an Altsasuko Mahaiaren sorreraren ostean, 1978an jaio zen HB. Alderdi politiko ezkertiar eta abertzale ezberdinek parte hartu eta proiektu berri horren aldeko apustua egin zuten.
Ezker mugimenduetan orokorrean, eta alderdi politikoetan bereziki, apurketak batuketak baino maizago gertatu izan dira. Horregatik bada ere, Herri Batasunaren eredua eredu esportagarria eta baliagarria dela deritzot. Herritar mugimendua modu eraginkor batean egituratzeko esperientzia aberatsa. Ezkerrak, Europako hainbat herri eta estatutan antzeko prozesua bizi izan du azkeneko urteetan. Ezker tendentzia ezberdineko taldeak elkartu eta alderdi edo hauteskunde zerrendak elkarrekin osatu dituzte.
Europako Iparraldeko Herriak
Europa osoan gertatu dira horrelako prozesuak, baina nik Iparraldean gertaturikoak aipatu nahiko nituzke. Nire ustez, herri eta alderdi hauen ezaugarriak, gure herri eta herritar mugimenduarekin parekotasun handiena dutenak baitira. Irlandako salbuespenarekin noski.
Suedian, Vansterpartiet (Ezkerreko Alderdia), tradizio komunista luzeko alderdi baten ondorengoa da. 1990ean Vansterpartiet Kommunisterna (Ezkerreko Alderdi Komunista) barne eztabaida baten ondoren Vansterpartiet alderdi gisa birfundatu zuen bere burua. 1998tik 2006ra Suediako Gobernuan egon da alderdi sozialdemokratarekin batera.
Norvegian, Sosialistisk Venstreparti edo Ezker Alderdi Sozialista, 1975ean sorturiko alderdia da; Herri Batasunaren kasuan bezala, alderdi politiko ezberdinak bultzaturik. 1972an Norvegia Europar Batasunean sartu edo ez erabakitzeko erreferenduma izan zen. Ezetzaren aldeko kanpainan hainbat mugimendu eta alderdi ezkertiar batu egin ziren. Hor hasi zen SV alderdia sortuko zuen prozesua. 2005etik Norvegiako Gobernuan dago sozialdemokratekin batera ere.
Finlandian ere Vasemmistoliitto (Ezker Aliantza) sortu zen 1990ean. SKDL (Finlandiako Herritar Liga Demokratikoa), SNDL (Finlandiako Emakume Liga Demokratikoa) eta SKP (Finlandiako Alderdi Komunista) alderdien batuketaren ondorioz. 1995etik 2003ra Finlandiako Gobernuan egon dira.
Danimarkan, Enhedslisten (Aliantza Gorri eta Berdea) 1989an sortu zen. Finlandian gertatu bezala, hainbat alderdi ezkertiarrek bultzaturik.
Islandian, aldiz, apurketa baten ondorioz sortu zen ezkertiar alderdi berria. 1999an Alderdi Sozialdemokrata, Herritar Aliantza, Emakumeen Aliantza eta Mugimendu Nazionala alderdiek alderdi ezkertiar berri bat osatzea erabaki zuten, Samfylkingin (Aliantza sozialdemokrata). Alderdi hau sortzearekin ados ez zeuden ezkerreko militante batzuek Mugimendu Gorri eta Berdea izeneko alderdia bultzatu zuten. Azken hauteskundeetan bozen %14,3 jaso dituena.
Aipaturiko alderdi hauek oso esperientzia interesgarria bizi izan dute azken urteetan. Gehienak gobernuan eta oposizioan egondakoak dira. Nire ustez, guri, hauen jarduera aztertzea komeniko litzaiguke, bereziki gobernuan izan dituzten esperientziak.
Europako mendebaldean badira antzeko esperientzia izan duten alderdi asko. Esperientzia hauetariko batzuk positiboak izan dira, eta beste batzuk, aldiz, oso negatiboak.
Nahiko zuhurra eta diplomatikoa naizenez (beste batzuk koldarra esango didate), ez ditut azkeneko hauek aipatuko, baina Euskal Herritik ez oso urrun aurki ditzazkegu nire ustez negatiboak izan diren esperientzen gehiengoa.
Oraindik ere
Baina hau ez da amaituriko prozesua. Aurreko urtean, 2007an, Die Linke alderdia sortu zuten Alemanian. Oraindik goiz da azterketa sakonik egiteko, baina datozen urteetan ikusiko da alderdi berri honen sorrerak eragingo dituenak. Hala ere, geroztik egon diren hauteskundeen emaitzak ikusirik, esan daiteke, PDS Alemaniar Ekialdeko alderdia izatetik, Die Linke Alemania osoan kontuan hartzeko alderdia izatera pasa dela.
Estatu frantsesean Olivier Besancenot-ek zuzentzen duen LCR alderdi berri bat sortzeko prozesuan guztiz murgildurik dago. Nouveau Parti Anticapitaliste izena hartuko du alderdi berriak, eta haien helburua dauden talde eta joera ezkertiar ezberdinak batzea da. LCR-ko lider historikoek, Alain Krivinek kasu, begi onez ikusten dute aldaketa hau. Argi dago hala ere, Frantziar Alderdi Komunista ez dela alderdi berri honetan sartuko.
Alderdi berri hauen inguruan, eta antzeko prozesuan murgildurik dauden alderdien inguruan ere, eztabaida sutsuak izan dira ezkerreko aktibisten artean.
Alderdi berri hauek aurrekoak baino eraginkorragoak al dira jende eta bereziki militante gehiago aktibatzeko? Gizartea eraldatzeko? Edo alderdi hauek, ezkerreko oinarrizko balio eta filosofiari traizio egiten al diote?
Nik ez daukat iritzi argirik. Kasuz kasu aztertu beharrekoa da.
Argi daukadana da Europan neoliberalismoa guztiz ezarrita dagoela, eta ezkerrak ez duela orain arte eredu hau eraldatzerik lortu.
Bide horretan, eta purismoak alde batera utzita, eraginkorrak izatearen aldeko hautua egin behar dela uste dut.
Herri Batasunaren sorrera Euskal Herriarentzat eta mugimendu abertzale eta ezkertiarrarentzat oso onuragarria izan zela deritzot. Duda izpirik gabe.




