EUSKAL PRESO POLITIKOAK -

Hogei urteko kondena osorik bete eta tunelaren bukaeran argia ikusten hasi zirenean, kaleratze data hamar urte atzeratu zieten. Senideek haserrea, ezintasuna, beldurra sentitzen dute, baina argi dute errepresioak ez dituela makurraraziko eta presoak babesten segituko dutela

Maider Iantzi

2008ko Irailaren 19a

Etxerat-ek emandako datuen arabera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 170 kide inguruk kalean behar lukete, baldintzapeko askatasunean, eta, hala ere, lau hormen artean jarraitzen dute. Horietatik 23k, gainera, Estatu espainolak ezarritako kondena luzeak osorik bete dituzte dagoeneko. Aske geratu behar ziren unean 197/2006 sententzia aplikatu, eta zigorra luzatu zieten. Ez da urteotan jasandako salbuespenezko neurri bakarra. Hor daude PPk espetxealdiari ezarritako 40 urteko muga; Zigor Goikoetxearen espetxeratzea, “mehatxuak” egotzita eta preso politiko baten anaia izatea datu larrigarritzat jota; Iñaki de Juanaren kasua; eta PSOEk proposatutako hogei urteko zaintza. Egoera krudela izan arren, aurrera jotzeko gaitasuna badaukatela eta horretarako borondate osoa dutela agertu du hainbat senidek. Esker ona adierazi diete era batera edo bestera laguntzen dieten guztiei

Miren Iturrate
Joseba Artolaren neska-laguna

«Nahiago dut egunean bizi, gainerakoan, kolpea gogorragoa izango delako»
Beraien herrian, Bilbon, elkarrizketa egiten ari garela, Miren Iturratek Joseba Artolaren deia jaso du Leondik, Mansilla de las Mulaseko espetxetik. «Nire istorioa guztion istorioa da –hasi zaigu presoa kontatzen–. Batzuek denbora gehiago izan dute jabetzeko. Ni gaizki harrapatu ninduen, kalea nuen buruan, eta kolpea jaso nuen, batez ere etxekoengatik, zain nituenengatik. Dena antolatuta zegoen kanpoan, ama bezalakoa den izeko zaharra jakinaren gainean zegoen, alaba ere bai... Kilometroak egiten jarraitu behar dutela esatea gogorra da, gogorrena».
Moduluko lagunek asko laguntzen diotela azaldu du, egoera bakarrik jasatea ez daki zer izango litzatekeen. Urte asko darama espetxe berean eta kartzelariek noiz aterako den galdetzen diote. «Presozain askok ez du ulertzen. Kafkianoa da. Babes helegitearen zain gaude, itxaropen handirik gabe, justizia aipatzen dutenean edozer izan daitekeelako justizia izan ezik. Irauten ari gara, eta konparatzen, gurea txarra baita, baina gaixo diren presoena okerragoa. Burua entreteniturik izaten saiatzen gara», agertu du.
Joseba Artolarekin ezusteko elkarrizketa hau izan ondotik, bere neska-lagunarekin eta zortzi urteko alabarekin, Eztizenekin, solasean segitu dugu. Iturratek kontatu digunez, hogei urte espetxean eman eta gero, 2006ko maiatzaren 18an utzi behar zuten libre. Baina kaleratze data 2016ko urriaren 10era atzeratu zioten, 30 urteko zigorra osorik bete arte. «Tunelaren irteera ikusten zuen, esaten zidan ez zitzaiola inoiz gertatu, kalean, gurekin bizitzen ikusten zuela bere burua, umearekin, ikastolara eramaten, udan igeri egiten erakusten, lagunekin... Etxean obrak egiten ari ginen, alabaren gela prestatzen, eta harrera ekitaldia eta omenaldia ere prest zeuden. Ez genuen inondik inora espero tunelaren bukaeran hau izango genuenik», adierazi du.
Gogorrena umeari azaltzea izan omen zen. «Aitatxo berarekin egongo zela esana genion, eta ez genekien nola azaldu azkenean ez zela hala izango eta, gainera, ez dakigula noiz etorriko den. Alde Zaharreko auzokideei eskerrik beroenak eman nahi dizkiet jo eta ke ari direlako gure alde lanean. Adibidez, Mansillara martxa bat antolatu zuten eta bi autobus joan ginen. Babesa, animoak eta mimoak ematen dizkigute».
Zigorraren luzatzearen albistea jaso zuten unera itzuliz, zera azaldu du Iturratek: «Auto bat jaso genuen eta bertan jakinarazten ziguten Parot doktrina aplikatuko ziotela. Ezin genuen sinistu. ‘Nola gertatu zaigu guri?’, galdetzen genuen. Kondena osoa beteta zuela dioen paper ofiziala eskuetan, ezintasuna eta amorrua sentitzen dugu. Ez dago geure esku, ez dago geure kontrolpean. Lehen zortzi ginen eta orain hogeitik gora gara egoera honetan. Ez da ezer gertatzen. Tokatzen zaionari tokatzen zaio eta ez dago inor geldiarazteko. Lehen data bat zeneukan; orain ez dakizu. Bi urte pasatu dira eta ez dakigu ezer».
Egoera beltz ikusten duenez, nahiago du ilusiorik ez egin eta egunean bizi, gainerakoan kolpea gogorragoa izango delako. «PSOEk ezarri nahi duen hogei urteko zaintzak ez du teorian atzeraeraginezko izaerarik, baina nahi dutena egin dezakete, dena debalde dute, ez dago justiziarik guretzat. Beste maila bat gara kate luze batean, agian ahulena. Errepresioaren bidez disidentzia guztia ezabatu nahi dute, eta beren eskuetan daudenak presoak dira. Baina hemen gaude eta hemen jarraituko dugu, ez ditugu bakarrik utziko, gure babesa, maitasuna eta animo guztia edukiko dute. Maite ditugu», esanez bukatu du.


Gotzone Amilibia
Antxon Lopezen bikote-laguna

«Gizarte usteldu honi buelta emateko eredu bat eraikitzen ari gara presoei esker»
Estatuen politika zapaltzailearen beste zati bat dira presoak Amilibiaren arabera. Eta unea zenbat eta gogorragoa izan, orduan eta argiago ikusten du aurrera jarraitu behar dutela, tinko, harrotasun osoz, arrazoi bat badaukatelako. «Herri bat eraikitzen ari gara eta denak merezi du horretarako». Zortzi urteko seme bat daukate, Oinatz, eta asko laguntzen die, ilusio berriak ematen dizkie, itxaropena. «Berarekin bizitzak merezi du, krudeltasun hori barne. Zer gertatzen den ikusten du, amorrua sentitzen du, baina ez dakigu nola azaleratuko duen hazten doan heinean. Biok joaten gara Puerto III.era bisitan, gogotsu, indarrarekin, lehenengo aldia balitz bezala beti! Oso gustura egiten ditu bidaiak, oso ondo jasaten ditu, eta hori froga handia dela uste dut jakiteko aitaz harro sentitzen dela. Badaki alaitu behar duela, eta kantak, bertsoak, txisteak, ikastolan ikasitako guztia erakusten dio. Bisita polita egiten dugu, nahiz eta egoera gogorra izan», kontatu du.
Azaldu duenez, ez zuten modu garbian jakin Antxoni zigorra luzatuko ziotela. «Komunikabideak gauzak esaten hasi ziren... 2006ko ekainaren 23a edo 24a genuen irteerako data, eta ilusioa sortu zitzaigun. 'Zergatik ez?', galdetzen genion geure buruari. Baina era berean bagenekien zaila zela, ezin genuen sinistu. Hala ere, kolpea hartu genuen behin eguna etorrita ez zegoela ezer ikustean. Gogorra da, latza, oso injustua. Ez genuen jakin nahi zigorra beste hamar urte luzatuko ziotena, hori gertatu ez balitz bezala egin nahi genuen aurrera, gure ibilbidea segitu, gure bizitza eratuta baitaukagu bera preso egonda ere, bizitza paraleloa antolatua dugu, gure itxaropenekin eta ilusioekin. Horri esker jotzen dugu aurrera, gaitasuna badaukagu».
«Presoak sufritu zuen, badaki etsaiak nola jokatzen duen. Elkartasun handia sentitzen du, ordea, eta horri esker konturatu da merezi duela aurrera jotzea, herriak bat egiten duela beraien proiektuarekin eta borrokarekin. Herriaren partaide sentitzen da, horrek egiten du gogor. Oso harro sentitzen dira, zenbat eta egoera gogorragoa, orduan eta harroago, estatuen ezintasun handia ikusten dutelako. Ez dakite zer erabili, noraezean daude. Hala ere, presoek aurrera jotzen dute. Orokorrean oso indartsu ikusten ditut. Barruan duten gordintasunak, errepresioak, pertsona bereziak egiten ditu. Eredu bat dira gizarte honetan. Pertsona eredu bat ari gara eraikitzen beraiei esker, gizarte usteldu honi buelta emateko».
«Badute itxaropena elkarrizketak bakarrik konponduko duela egoera, gobernuak berriro eseri beharko duela negoziatzeko. Hori sinistuta daude, nahiz eta errepresio hau guztia egon. Itxaropentsu daude zentzu horretan, herriarengan indar handia ikusten dute, geldiezina. Burugogorkeriak alde batera utzi eta zentzuak har dezala ordezkoa».
Amilibia harro dago. «Ez dut inongo damurik. Bizi dudan egoerak pertsona berezia egiten nau, indar bat daukat barnean, lagunekin, lantokian... Gizartearen beste ikusmolde bat daukat, beste balore batzuk, eta hori aberatsa da», agertu du.

«Txurdo»
Kepa Rezabalen anaia

«Egoera edozein izanda ere, beraiekin egongo gara eta babesa emango diegu»
«Sakabanaketak, errepresioak oro har, ez gaitu makurrarazi. Honek ere ez. Egoera edozein izanda ere, beraiekin egongo gara eta babesa emango diegu familia garenez, laguntza ekonomikoa, materiala, psikologikoa, oinarrizko beharrizanak asetzeko. Horretarako borondate osoa eta agortezina dugu. Amildegi psikologikora eraman nahi gaituzte. Lau hormen artean bizirik lurperatzea da beren praktika ankerra. Baina ez dute lortuko», nabarmendu du Txurdo lasartearrak.
Anaia 2006ko Gabonetan askatu behar zuten. Idatzi bat jaso zuten epailearen erabakiaren berri ematen zuena eta bertan 2016 irakurri zutenean tipografia akatsa zela pentsatu zuten. Neska-lagunarekin bizitzera joateko gertu zegoen; prestaketa materialaz gain, emozionala eta psikologikoa ere egina zuen. Zigorra hamar urte luzatu zioten, ordea. «Hasieran ezin genuen sinistu, gero ahoa bete hortz geratu ginen. Haserrea, ezintasuna... Ez dakit nola definitu sentimendua. Kolpe morala jaso genuen, shock antzeko bat. Hogei urteko kondena oso-osorik beteta zuenean Gobernuak eragindako irizpide judizial berri bat etorri zen etorkizun beltza iragartzera, preso politiko ugariri biziarteko kartzela ezartzera», adierazi du.
«Kepak eta senideok psikologikoki egokitu behar izan dugu. Asteak, hilabeteak pasatu dira eta errealitatera hurbiltzea lortu dugu. Estatuen mendeku goseak ez du mugarik; orain guri tokatu zaigu, baina ez badira gauzak konpontzen beste batzuen txanda izango da. Preso eta senideak kondena erantsi bat betetzera zigortzen gaituzte, etsipena eta egonezina eragiteko asmoz», erantsi du. Horren aurrean, argi utzi nahi izan du «ez ditugula presoak bakarrik utziko». Hala, Jerez de la Fronteran, Algecirasen, Tenerifen, Galizian, dagoen lekuan dagoela ere laguntza ematen diote anaiari, bidaia luzeetan nekatu, dirua gastatu eta bizitza arriskatu arren.
Egoera hau gainditzeko, herri sektore ahalik eta zabalenak kontzientzia hartzea komeni dela azaldu du. Bere ustez, jendeak jabetu behar du errepresioak ez duela gatazka politikoa konponduko, eta aurre egin behar dio, salatuz, borrokatuz, neurri horiek bertan behera gera daitezen.
Nekane Cid eta
Markel Azkargorta

Luis Mari Azkargortaren emaztea eta semea

«Mugitzeko esango genieke herritarrei, egoera uste baino larriagoa baita»
Zaragozan, Zueran dago Luis Mari Azkargorta bergararra. Hogei urte darama preso, eta 2007ko urriaren 10ean kondena osorik beteta ateratzekoa bazen ere, data hamar urte atzeratu diote. Jakitean kolpe handia hartu zuten berak eta senideek, beldurra sentitu zuten, ezintasuna... «Noraino?», galdetu zioten beren buruari. «Ezin da biziarteko kartzelari buruz hitz egin, Estatu espainolean ez dago halakorik teorian, baina errealitatea bestelakoa da», hasi dira ama-semeak azaltzen. Noiz irtengo den ez jakiteak eta gauza berriak asmatzeak amorratzen ditu. Ezin dute berekin planik egin. Txotxongilo sentitzen dira. «Bahiketa da azkenean, eta erreskatea ordaintzen ari gara geure bizitza errepideetan arriskuan jarrita. Ez dago justiziarik, eta politikariak oso eroso daude, ez dugu ulertzen zeren zain dauden. Gainera, norbaitek laguntzen bagaitu, zigortu egiten dute. Elkartasuna adierazten duena kartzelara doa, edo isuna ordaindu behar du... Laguntza daukagu, eta batzuetan errudun ere sentitzen gara jendea hain solidarioa delako», aitortu dute.
Zigorra horrela luzatzea ez zaie legala iruditzen, ezta konstituzionala ere. «Ezustean harrapatzen ditu denak. Hala ere, guk ikusten genuen zer gerta zitekeen. Ez joateko esaten zigun Luis Marik. 2003an baldintzapeko askatasuna eman zioten. Hamaika hilabete egon zen kalean, eta agindu bezala, hilero-hilero joaten zen Martutenera sinatzera. Baina Madrilen bera eta beste lagun ugari barruan sartzea erabaki zutela abisatu ziguten. Azalpena zera izan zen: ez zeudela ados agindua eman zuen epailearekin, Ruth Alonsorekin», ekarri dute gogora.
«‘Nola egin diezaiekegu min gehien?’, pentsatzen dute. Presoak beren esku dituzte, eta trukerako txanpon gisa erabiltzen saiatu izan dira, politikaren norabidea aldatzeko. Ezingo dituzte garaitu,  ordea, indarra eta ziurtasuna baitaukate, beste kasta bat. Kolektiboak kolektibo izaten jarraitzen du. Ez dute inoiz lortu banatzea edo ahultzea. Eta orain arte bezala babesa jasotzen jarraituz gero, gobernuek mugitu beharko dute zer edo zer. Herri bat da, ez lau zoro», azaldu dute. Herriarengan dute esperantza, ez politikariengan eta instituzioengan. «Euskal Herrikoek ez badute ezer egiten, Estatu espainolekoek eta frantsesekoek gutxiago. Hitz politak bakarrik. Mandela pila bat dago hemen; kartzeletako egoera gero eta okerragoa da; neurriak gogorragoak dira. Baina ez da inor asaldatzen», kexatu dira.
«Mugitzeko esango genieke herritarrei, egoera uste duguna baino larriagoa delako. Hor daude preso gaixoak, kondena beteta izan arren kartzelan dauden lagunak. Horrelakoak ezin dira salatu gabe utzi, edozeini tokatu dakioke, errepresioa sinesgaitza da. ‘Mehatxuak’ leporatzen dizkizute, senidea izatea delitu izan daiteke... Hala ere, familiarengatik eta herriarengatik borrokan segituko dugu, ‘porrota’  hitza ez dago gure hiztegian. Esperientzia gogorrak dira, eta bide horretan gu bezala dagoen jende asko ezagutu dugu. Elkar laguntzen dugu, beti dago jendea gu babesteko prest, eta gure esker ona adierazi nahi genieke hemen laguntzen diguten guztiei. Laguntzeko modu asko dago, gainera. Presoei, berriz, animo mordoa eta besarkada handi-handi bat bidaltzen diegu. Ekarriko zaituztegu! Badakizue beti hor izango gaituzuela».