-

Mikel Olasagasti

2008ko Uztailaren 18a

Esklusiba bat zabaltzera nator gaurkoan. Ziur nago ez dela inon agertu... baten bat ohartu al da Apple-en iPhone famatua estatuko dendetan salgai jarri dela? Ziur ezetz. Ziur guztiok honetaz ohartzeko Apple-ek milioika euroko publizitate kanpaina bat egin beharko duela, eta hala ere, inork ez du nahiko produktu hori.

Gainera zailtasunak izango ditu horren berri emateko telebistan edo prentsan, beste produktuen pareko zerbait delako, ez beste mundukoa, eta dagoeneko ohituta gaude. Kaka zaharra.

Non ez da agertu honen berri? Nork ez du publikatu honen berri? Zenbat aldiz galdetu didate ea erosi behar dudan?

Apple-ri jokaldia primeran irten zaiolakoan nago, eta bide batez marketin munduan ikastaldi bat emateko aukera izan duela ere pentsatzen dut, baina hau ez denez nire eremua, norbaitek intrusismoz hitz egin aurretik, siliziozko «diamante» honi ikuspuntu tekniko-praktiko-filosofiko batetik begiratzea hobe.

Lehenik eta behin esan beharra dago produktu erakargarri bat egiteko gai izan direla, erabiltzailearentzat erabiltzeko oso erosoa den interfaze batekin «goi» mailako prestazioak eskainiz. Berau lortzeko bi urteko kontratu luze eta garesti bat enpresa «jator» batekin sinatu beharra ez omen da arazoa erabiltzailearentzat -«mileurismoa» Apple-n elizan ez dute ezagutzen, antza denez-. Eta esklabutza «txiki» horren truk, moda-modako aparatua, amari etxera afaltzera berandu noala-eta deitzeko aukerarekin eta punta-puntakoa den teknologiaz armatua gainera, nahi dudan guztia egin ahal izateko. Nahi? Ja.

Nire portatilean musika jarri nahi badiot, agendaren kopia bat egin edo aplikazioren bat instalatu nahi badut ez dut aukerarik izango, beraiek «doan» banatzen duten iTunes izeneko aplikazio baten beharra dagoelako, beraien sistema eragilean eta Windowspean soilik dabilena. Baina Linuxpean ere erabiltzerik banu, zergatik erabili beraiek eskainitakoa, eta ez nire mahaigainekoan integratuko den bat, arinagoa eta librea?

Bi urteko kontratua nahikoa ez, eta orain beraien programa erabili behar, beste erremediorik gabe, gainera, aparatuaren bizitza labur osoan.

Baina orain saiatu gaitezen eskuko telefono horrek zertarako balio dezakeen aztertzen, alegia, zergatik eragin duen horrenbesteko zalaparta ulertzen saiatzen. Telefono terminal dotore bat izateaz gain ordenagailu txiki bat ere bada, lehen PDA izenez ere ezagutzen genituenen antzera. Hauei aplikazio berriak gehitzeko aukera izaten da, baita garatzekoa ere.

Garapen hauek erabili ahal izateko lehendabizi Apple-ek onartuak izan behar dira, azken finean, beraien aplikazioaren bitartez banatu behar direlako, eta beste biderik ez dagoenez, ez da beraiek esandakoa besterik egitea geratzen. Ezaugarriak gehiago aztertuz, aparatuak gaur egungo guztiek bezala bluetooth teknologia ere badakarrela ikusiko dugu, baina hau ere beraiek kontrolatua, hau da, ez dute utziko beste terminalek egiten dituzten gauzak egitea, hala nola atera berri dudan argazkia edo abesti soil bat terminal betetik bestera pasatzea.

Eta beste ezaugarri batzuk aztertzen jarriz gero, GPSa edo musika-irakurgailuaren funtzioak nabarmenduko nituzke. Lehena pseudo-gps bat denez, oraingoz behintzat behar-beharrezkoa da Internetera konektatuta egotea mapak jasotzeko, eta, bigarrenaren kasuan, DRMaren aldeko apustu bat egiteaz gain, formatu libreak alde batera uzten ditu.

Hau guztia ikusita izugarrizko aparatua izan zitekeena apurtutako jostailu garesti bat besterik ez dela ohartzen naiz. Hautabidea, zorionez, merkatuan badira nahi ditugun guztiak, batzuk ez nahi bezain irekiak barrutik, baina behintzat erabiltzaileari aukerak izatea ahalbidetzen dizkiotenak, esate baterako, Openmoko proiektupean atera berri den Neo FreeRunner terminala, non dena irekia den, zirkuitutik hasi eta azken programara arte, eta, hala, edonork bere etxean egiten hastetik interfazeko itzulpen bat zuzentzen bukatu arteko aukera zabala eskaintzen duena.

Beraz, hainbat aldiz iPhonea erosiko ote dudan galdetu didazuenoi, esan, ez dudala asmorik teknikoki zein legalki lotuta edukiko nauen aparatu bat erosteko beste aukera erosoagoak, merkeagoak eta libreagoak dauden bitartean.