-

Neska atsegina da Maialen. Urduria eta lotsatia dela aitortzen du eta irribarre lotsatiz hartu bagaitu ere, galdera guztiei erantzuteko prest azaldu da. Zumaiako Itsas Kiroldegian aurkitu dugu. Hots, bere bigarren etxean. Udaran, piraguismo ikastaroak ematen dizkie haurrei. Horretaz gain, bertsolaria ere bada, eta nahiz eta neska lanpetua izan, GAUR8rekin hitz egiteko tartetxo bat egin du

Izaskun Urbieta

2008ko Uztailaren 18a

Piraguista ala bertsolaria? Derrigorrezko galdera egin beharrean aurkitu gara. Maialen Velardek ez du askorik pentsatu erantzuna emateko garaian. «Iaz, bertsolaria baino gehiago, piraguista nintzela esango nukeen. Aurten aldiz, bertsolaria gehiago sentitzen naiz». Izan ere, 19 urteko zumaiarra iazko irailean Gyorren (Hungarian) izan zen piraguismoko Munduko Maratoi Txapelketa jokatzen K-2 modalitatean, Itxas Gaineko Nere Lizeaga zumaiarrarekin batera. «Boladak dira. Batzuetan piraguista sentitzen naiz eta besteetan aldiz, bertsolaria. Gauza bat badut argi behintzat. Bi horiek gabe ezingo nuke bizi, biak behar ditut. Ondorioz, denbora eta nire egoeraren arabera, bata edo bestea aukeratzen dut».

Txikitatik izan da neska bizia eta geldirik egon ezin diren horietakoa. Kirola egitea gogoko izan du beti eta piraguismoan hasi zen 9-10 urte inguru zituela. Bere esanetan, piraguak kirola egin ahal izatea eskaintzen zion alde batetik, eta horretaz gain, sentimendu eta lagun aldetik laguntza handi bat. Bertsolaritza munduan ere adin horrekin hasi zen gutxi gorabehera. Bertsoak sentimenduak azaleratzea ahalbidetzen zion eta ondorioz, bi afizioei esker, alde fisikoa eta psikologikoa lotzen zituen. «Ez dut ezeren faltarik sumatzen. Piraguismoan, agian, alde psikologiko hori falta zitzaidan, bertsolaritzarekin uztartzen dut».

Piraguismoak eta bertsolaritzak, itxura batean, ez dute antzik. Hori dela-eta, ez dira oso bateragarriak. Maialenek adierazi digunez, «egia da, berez ez dute bata bestearen gaineko elkarreraginik, baina nik azkenean asmatu dut elkarrekin nola batu». Piraguismoa Espainiara begira jokatzen dela esan digu; bertsolaritza aldiz, Euskal Herrira mugatzen dela. Lasterketak asteburuetan jokatzen dira eta bertso saio gehienak ere larunbat edo igandetan izan ohi dira. Ondorioz, gertatu izan zaio bata edo bestearen artean aukera egin behar izatea. «Iaz, Mundiala zela-eta, piragua izan zen nire lehentasuna. Orain berriz, unibertsitatean hasi naiz arkitektura ikasten, bertsotan ere jende gehiago ezagutu dut, ... ezberdina da. Aurten zalantzak ditut bietatik zein aukeratu». Piraguismoan izan duen lorpenik handiena Munduko Txapelketa batera joatea izan da. Jomugan ez zuen, eta txikitatik ere amesten ez zuen helmuga bat zela aitortu digu. «Baina, ez banu bete edo ez banu joateko aukera izan, bete gabeko amets bat izango zen». Orain dela bi urte ere, beste bikote batekin, Ane Eizagirrerekin, parte hartzeko aukera handiak izan zituen eta azkenean ez zuten lortu kanporaketa proba pasatzea. «Pena bat izan zen, baina ni oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Esfortzu handia izan zen eta bakoitzak bere buruari asko exijitu zion. Nahiz eta sailkapen proba ez pasa, konturatu ginen lortzeko ahalmena bagenuela».

Azkenean, iaz, Nere Lizeagarekin (Eizagirre jadanik seniorretara pasa baitzen) mundiala jokatzeko txartela eskuratu zuen.

Lehenengoz, Gipuzkoakoan

Oroitzapen oso onak dituela esan digu Maialenek. Irailaren hasieran joan ziren bi zumaiarrak Espainiako selekzioarekin batera. Zazpi egunez egon ziren Hungariako Gyor herrian entrenatzen, eta bertan jokatu zuten finala irailaren 8an. «Uholdeak eta guzti egon ziren baina horrek ere, egonaldiari berezitasuna gehitu zion». Egun horiek azkar pasatu omen zitzaizkion, «konturatu gabe eta gertatzen ari zenaz ia jabetu ere egin gabe». Kontzentrazioko egun horiek guztiak urduri pasa zituela azaldu digu. Lasterketa eguna iritsi zen eta bere barnerako hauxe pentsatu omen zuen: «Urte osoko lan eta sakrifizio guztia, soilik momentu honetarako! Orain, «Go !» oihukatuko dute eta ateratzen dena izango da».

Irteeran arraunekin jo zieten eta ondorioz atzean geratu ziren baina pixkana hobetuz joan, eta gainerako aurkariak atzean uzten hasi ziren. Azkenean 7. postua lortu zuten. «Emaitza berdin zitzaigun. Gu oso gustura geunden hasieratik. Urte osoan egindako lana handia izan baitzen. Gainera, Espainiako beste bikotea atzean utzi genuen, eta horrek poza eman zigun».

Aurten senior mailara igo da eta orain gauzak aldatu egin dira. Piraguismoa disfrutatzeko eta ikasketek sortzen dioten estresetik askatzeko bide gisa erabiltzen du. «Iaz, azkenerako, piraguismoak estresa sortzen zidan. Obligazio bat bezala hartzen nuen. Denbora asko kentzen zidan bai ikasketetatik, eta bai lagun eta familiarekin egotetik. Aurten berriz, ondo pasatzeko aukera dut. Entrenatzera ahal dudanean etortzen naiz, lasaiago ibiltzen naiz eta hemengo lagunekin ederki pasatzen dugu. Beste erritmo bat da».

Kirolean ez ezik, bertsotan ere ondo moldatzen da zumaiarra. Horren erakusle dira, Zumaiako Bertso Txapelketan irabazi dituen bi txapelak. Lehenengoa duela bi urte irabazi zuen, eta bigarrena aldiz, apirilean. «Bereziena beharbada, lehenengoa izango da. Espero gabekoa izan zen eta polita. Ez nintzen irabaztera joan eta ezustean harrapatu ninduen».

Iaz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen lehen aldiz. Ataungo kanporaketan abestu zuen eta nahiz eta gutxigatik izan, ez zuen sailkatzea lortu. Hala eta guztiz ere, oso gustura abestu zuela esan digu. «Niretzat Ataunen kantatzea erronka handi bat zen. Esperientzi polita izan zen eta jendearen erantzuna ere garrantzitsua». Maialenek ez du, beste bertsolari batzuen modura, bertso saio askorik. Lagun artean izaten ditu gehienbat, baina ederrenak ere horiek direla adierazi digu.

Idatzia edo bat-batekoa, ea zein gustatzen zaion gehien galdetzean, erantzuna argia da; bat-batekoa. «Idatzian denbora gehiago dago pentsatzeko, baina niri ez zait gustatzen denbora asko izatea. Bat-batekoa, gainera, biziagoa da eta jendearen aurrean, zuzenagoa. Elkarrizketa bat bezala da. Gainera, bertsolariaren ahotsa, kantatzeko modua, jendearen txaloak, ... politagoa da». Maialenek berak ahots ederra du, goxoa. Guk hori esatean lotsatu egiten da, hala ere. «Bertsoek duten politena, musikarekin hitzak nola esaten dituzun da. Bertsolari batzuek, adibidez, oholtza gainean beharbada ez dute horren dotore egiten hitza, baina duten kantakerarekin luzitu egiten dira».

Proiektu berrietan murgilduta

Joan den ikasturte honetan arkitektura ikasketak egiten hasi da Maialen. Horretarako Donostiarako bidea hartu du. Herrietako bertso eskoletan dabiltzan pertsona askok utzi egiten diote joateari karrera bat ikasten hasten direnean. Hori dela-eta, proiektu berri batean sartu dira bertsolari batzuk. Hala nola, Aitor Urbieta, Oier Aizpurua, Aritz Casabal eta Maialen Velarde bera. Unibertsitatean, EHUko Donostiako campusean, hain zuzen ere, bertso eskola bat sortu dute. «Oraindik ez da ofiziala baina amaitu den ikasturte honetan bertsotan jarduteko asmoz ostegunero elkartu izan gara zenbait».

Ofiziala egitekotan dira 2008-2009 ikasturtean. EHUk baldintza bakarra jarri zieten ofiziala izateko, hau da, irekia izatea eta horrenbestez edonork parte hartzeko aukera izatea. «Aurten bi hasiberri izan ditugu eta hurrengo kurtsoan ere berriz bertan izango direla esan ziguten». Behin ofiziala egiten denean, EHUko laguntzak izango dituzte, gela bat eta materiala erosteko aukera ere bai. Hots, benetako bertso eskola batek bezala funtzionatuko du. Parte hartzeko EHUko ikaslea izan behar da eta aitortu digunez, «ez dakit funtzionatuko duen ala ez; dakidana da, gure artean behintzat, baietz».

Elkarrizketa amaitzeko, ea zerbait gaineratu nahi duen galdetu diogunez, Maialenek eskerrak eman nahi izan dizkie lagundu duten pertsona guztiei. Jakina, bai piraguismoan eta bertsolaritzan.