-

Hamar aldiz egin du Santiago bidea eta nekeak sentimenduak azaleratu egiten dituela uste du. «Bidea nire bigarren etxea da", esan zigun. Baina azken hamar urteotan gehien landu duen harremana, tibetarren errefuxiatu eremuekikoa izan da. Ez da budista, baina hango kultura eta gizartea ondo ezagutzen ditu

Joxean Agirre

2008ko Uztailaren 18a

Maiatzean egin du hamargarren aldiz Santiago bidea eta gogoeta guztiz interesgarriak egiten ditu oinez ibiltzeak dituen bertuteez eta nekeak izpirituari ekartzen dizkion onurez. Hamar aldiz egin du bidea; horietako birritan Donibane Garazitik abiatuta eta beste bitan Orreagatik. Behin Pauetik abiatu eta negurik beltzena egokitu zitzaion eta etxera itzuli behar izan zuen gaixoturik. «Nik malko asko ikusi dut bidea egiten ari direnen begietan eta hori oso barruan geratzen zaizu. Jendea zabaldu egiten da eta kontatu egiten ditu bere barruko kontuak. Nik ez dakit zergatik, baina jendeak sufritu egiten du mundu honetan. Santiago bidean, sufritzen duen jende gehiago aurkitu dut ondo bizi dena baino. Hori da nik dudan irudipena. Horrekin ez dut esan nahi alaitasunik ez dagoenik, baina alaitasuna askotan beste gauza batzuk estaltzeko edo beste modu batean agertzeko jantzi berezi bat besterik ez da», esan zigun Juan Ramon Llavorik.

Frantses bidea hamar aldiz egin duen arren, aldioro lekuak aldatuta ikusi ditu. «Argitasuna, eguraldia, paisaiak sortzen dizkigun sentimenduak... beti ezberdinak dira. Herri txikiak aldatu egiten dira, ondarea berreskuratzen ahalegin handia egiten delako. Bidean egokitzen zaizun jendea ere beti ezberdina da. Egia da bideak baduela ukitu turistiko bat, baina badago hor turismotik kanpo dagoen zerbait, gauza oso bereziak gertatzen dira, gauza hunkigarriak. Gazteak arrosarioa errezatzen ikusi ditut edo, orain dela hamabost egun, alemaniar talde bat kantuan ikusi nuen. Oso gauza sakonak ikusten dira. Gogoeta egiteko bidea da hori. Goizean goiz jaiki, motxila hartu eta ibiltzea da egiteko bakarra. Hori da gizakiak egiten duen lehen gauza. Hizketan ikasi aurretik ikasten du ibiltzen. Santiago bideak lurrarekin dugun harreman hori berreskuratzeko balio digu. Baina ez da hori bakarrik. Egunaren bukaeran sortzen diren harremanak oso garrantzitsuak dira. Nekeak sentimenduak azaleratu egiten ditu. Jendeak hitz egiten du eta ez da hitz egiten eguraldiaz edo futbolaz. Beste pertsona batzuei ateak zabaltzen ikasten duzu», esan zuen.

Nekearen onurak

Hala ere, Juan Ramon Llavoriren gogoetarik interesagarrienak nekeari buruzkoak dira. «Harrigarria dira nekeak martxan jartzen dituen mekanismoak. Buruari martxa berezia ematen dio. Nekatutako pertsona ispilu baten aurrean bezala aurkitzen da eta ispilu horretan bere bizitza osoa ikusten du; zure bizitza epaitzeko aukera ematen dizu horrek. Hori da Santiago bideak eskaintzen duen gauzarik ederrena: zure bizitza epaitzeko aukera. Ez da epaiketa mingarria. Nekeak eta sufrimenduak sorrarazten du aberastasuna. Ez du zerikusirik masokismoarekin. Nire bigarren etxea bidea da eta, egunen batetan erretiroa hartzen badut, bidean laguntzen bukatzea espero dut, ematen duenak jaso egiten baitu», bota zuen Llavorik.

Urriaren bigarren hamabostaldian Atlas mendiak zeharkatzera doa bertako asto txiki bat lagun hartuta. Bidenabar, argazki erreportaje bat egingo du. Hori bai, Juan Ramon Llavorik benetan barru-barruan daraman herrialdea Tibet da zalantzarik gabe.

Bigarren bizialdia

Juan Ramon Llavori ez da oraindik Tibeten egon, baina Medicus Mundik eskaini zion aukera bat baliatuz Indiako Dharamsala herrira, Dalai Lama dagoen lekura, joan zen orain bederatzi urte; geroztik harreman oso estuak izan ditu Tibeteko kausarekin. «Gasteizko sendagile bat zegoen han lanean eta 1999an harekin ibili nintzen han dauden tibetarren errefuxiatu eremuak bisitatzen. Oso esperientzia ederra izan zen. India, Nepal eta Bhutan artean pare bat milioi tibetar errefuxiatu bizi dira. Hor ezagutu nuen tibetarren egoera zuzenean lehen aldiz eta hor hasi zen nire bigarren bizialdia», esan zuen herrialde horrekin duen harremanaz hitz egiten hasteko. Bere ingeles urria eta irribarre handia baliatzen omen ditu tibetarrekiko harremanetan.

Geroztik tibetar errefuxiatuei laguntzen saiatu da Llavori, egiten dituen bidaia gehienak kausa horrekin lotuta baitaude. Gizarte hura ulertzeko budismoa ikertu behar izan du. «Ez naiz budista, baina ezagutzen dut budismoa. Astebetez Dalai Lamarekin ibiltzeko aukera izan nuen, esate baterako. Spity Valleyn dauden eremuetako monasterioak bisitatu genituen. Bizkartzainekin joten da eta oso zaila da berarengana hurbiltzea. Nik bere ondoan ibiltzeko aukera izan nuen. Monjeekin bakarrik ez, jende arruntarekin biltzea gustatzen zaio. Mendebaldeko gizartea ere oso ondo ezagutzen duen pertsona da. Oso pertsona irekia da, beti zabalik dagoen pertsona bat, munduan gertatzen denarekin kezkatuta dagoena. Beti irribarretsu dago eta hitzaldi guztietan entzuleek barrezka amaitzen zuten, nahiz eta nik, bistakoa denez, ez nituen txisteak ulertzen», esan zuen.

Bederatzi urte darama errefuxiatu eremuekin harremanetan. Darhamsalako, SpityValleyko, Lalakeko eta Nepalgo egoerak ezagutzen ditu. «Tristea da esatea, baina azken aldiko istilurik gogorrenak Katmandun izan dira, Nepalen. Sekulako egurra jaso dute bertako tibetar errefuxiatuek. Gobernu berrian maoistak nagusitu dira, Txinatik laguntzak jasotzen dituzte eta gogortu egin dute errepresio politika. Umeak ere atxilotu zituzten manifestaldi baten buruan. Nazioarteko ordezkariek parte hartu behar izan dute ume horiek espetxetik ateratzeko. Nepalgo egoerak okerrera egin du», hasi zen eta Tibeteko egoeraz mintzatu zitzaigun luze eta zabal. Sahararekin konparatu zuen Tibeteko egoera eta oso ezkor agertu zen etorkizunaren inguruan. «Joko Olinpikoak bukatzen direnean, jendea ahaztu egingo da Tibetekin», esan zuen.

Bere bidaia horietan ateratako argazkiekin erakusketak egiten ditu. «Bizpahiru erakusketa ditut eta deitzen didaten lekuetara joten naiz. Orain dela gutxi Debagoienako herrietan egin zen Mundumira jaialdian erakusketa handi bat egin genuen eta milaka pertsona pasatu ziren bertatik», esan zuen.