Munduko Tximeleten Museoak, herrialde guztietako aleak eta horien arteko desberdintasunak ikusgai ditu. Erakusketa Irunen dago eta, hezetasuna eta tenperatura kontrolpean eduki eta tximeletek kalterik jasan ez dezaten, Manuel Agirresarobe bildumagileak gidatutako bisitak soilik baimentzen dira
2008ko Uztailaren 18a
Munduko Tximeleten museoak Euskal Herriko eta mundu osoko pinpilinpauxak ditu ikusgai Irunen. Manuel Agirresarobe irundarrak 50 urtez egindako lanaren adierazlea da bilduma. Izan ere, Euskal Herrian eta espainiar Estatuan bilduriko tximeleta guztiak bere eskuekin hartu, aztertu eta ezagutzera eman ditu irundarrak. Museoan, 7.000 tximeleta aurki daitezke. Denak sailkatu ditu Agirresarobek eta bakoitzari dagozkion ezaugarriak aztertu ditu. Irungo erakusketan tximeleta kopuru altua izan arren, bertan bildutako ale guztiak eguneko espezietakoak dira. Argi ordutan bizi direnak munduko tximeleta guztien % 10era ere ez dira heltzen, mundu osoko tximeleten gehiengoa gauez bizi baita. Gaueko tximeletak ikusi ahal izateko, Agirresaroberen bilduma pertsonala deskubritzeko gonbidapena beharrezkoa da.
Horiek horrela, museoko lehenengo aretoak Euskal Herriko espezie desberdinak biltzen ditu. Irundarrak azaldu duenez, Euskal Herrian 140 bat eguneko espezie jaso ditu; kontutan hartzekoa da, gainera, espainiar Estatu osoan eguneko tximeleten kopurua ez dela 200era heltzen. Manuelek azaldu digunez, Nafarroako Pirinioetako Irunberriko eta Arbaiuneko arroilek tximeleta aberastasun izugarria dute. Irundarrak Pirinioak aldetik aldera gurutzatu ditu pinpilinpauxa bila, gailur guztiak ezagutu ditu eta harro dago sarea eskutan Pirinio guztia oinez igaro izanagatik. Gehienak esperientzia politak izan badira ere, ezustekoren bat hartu du noizbait. «Gorlizko aterpera joan nintzen behin, eta han ibili nintzen gora eta behera bazkaldu gabe iluntzera arte. Alturako gaitza eman zidan eta han hilko nintzela uste nuen. Azkenean, hango guardek aurkitu ninduten; eskerrak haiek bazekitela zer nuen! Tximeleta pote guztiak galdu nituen. Hori bai, hurrengo eguneko goizeko 6etan jaiki eta berriro oinez alde egin nuen», oroitu du tximeletazaleak.
Euskal Herrian bilduriko pinpilinpauxa mota desberdinen artean, gehienak marroi kolorekoak dira eta ez oso tamaina handikoak. Aiako Harrien parke naturalean, gehiengoaren tamaina modu nabarian gainditzen duen espezie bat bildu zuen; hain zuzen ere marroi eta txuri kolorekoa da. Azken urteotan, tximeleta espezie asko galdu dira, gizakiek ingurugiroari eragindako kalteak direla eta; izan ere, zuhaitz mota askoren desagerpenarekin batera, hainbat tximeleta espezie ere galtzen ari dira.
Tximeletek elikadura ohitura bereziak dituzte eta espezie bakoitzak hosto edota landare jakin batzuk jaten ditu soilik. Horiek jateko aukerarik eduki ezean, hegalari ahul hauek hil egiten dira. Manuelek nabarmendu duen bezala, galdutako zuhaitzak berreskuratzeko politika gutxi daude indarrean egun eta, gainera, oso ohikoa da pinua landatzea arrazoi ekonomikoak direla eta. Horren ondorio zuzena dira pinuen inguruan ibiltzen diren beldar hori-marroixkak, Afrikatik etorritako espezie bati dagozkionak. Ildo horretan, kontuan izan behar da gaur egun, naturaren suntsipenarekin batera, geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari dela espezien migrazioa.
Nazioarteko bilduma
Erakusketak aurrera jarraitu ahala, espainiar Estatuan bildutako espezieak ikusgai daude. Horiek lortzeko Europako Mendietan (Asturias), Sierra Nevadan, Gredosen eta beste hainbat paraje berdetan izan da irundarra. Beti gainera, eme eta ar kopuru bera bilduz.
Bigarren aretoa lehenengoa baino handiagoa da eta bertako bilduma mundu osoko tximeletekin osatuta dago. Euskal tximeleten tamaina erraz gainditzeaz gain, kolore biziak gela argitzeaz arduratzen dira. Hezetasuna, tenperatura eta argia kontrolatzen ditu hemen bildumagile irundarrak, bestela kalte handiak pairatzeko arriskua izan baitezakete hegalari hauek.
Egia da behin ukituta tximeletek berriz hegan egiteko aukera galtzen dutela dioen istorioa, eta, aldi berean, egia da tximeletei ezkatek ematen dietela kolorea eta, esku artean edukita, galdu egiten dituztela; ondorioz, kolorea betirako desagertzen da. Hori dela eta, arreta handia eskatzen du intsektu hauek guztiak erakusgai jartzeko prozesuak.
Agirresarobek mundu osoan zehar bildu ditu Irungo erakusketako tximeletak; gainera, inoiz herrialde horiek ezagutu gabe. Izan ere, trukeak eta salerosketak arruntak dira tximeletazaleen artean.
Pinpilinpauxen tamaina handia eta kolore bizien zergatia ere arrazoitu digu egileak. Azaldu duenez, orbita ekuatorialetik gertu kokaturiko herrialdeetan aurki daitezke tximeleta koloredunak: berdeak, urdinak, moreak.... Bertako klimaren egonkortasuna, argitasuna eta tenperatura epelak dira morfologia aldaketa horien arrazoia. «Linea ekuatorialetik zenbat eta iparraldera igo edo zenbat eta hegoaldera jaitsi, tximeletak orduan eta urriagoak dira, baita txikiagoak eta ilunagoak ere», argitu du irundarrak.
Udalaren esku
Hasieran ekimen pertsonala bazen ere, orain dela lau urte erakusketa aretoa Irungo Udalaren esku gelditu zen. Manuel Agirresarobe museoko bisitak gidatzeaz eta aretoko baldintzak mantentzeaz arduratzen da soilik. Tximeleten museoa orain dela hamaika urte inauguratu zen udaletxe azpian kokaturiko alde zaharreko kale ezagun batean. Zazpi urte igaro ziren Udalak interesa agertu arte; konkretuki, Oiartzungo Udalak Manueli museoa bertara eramateko eskaintza bat egitean azaldu zen interes hori. Irungo Udalak orduan, hainbat kontu konpontzeko hitza eman zuen, baita museoa lekuz aldatzekoa ere, ondoko eraikinean egiten ari diren lanen ondorioz kalte ugari jasan baititu aretoak. Lokalak, geroz eta hezetasun arazo handiagoak ditu eta hormetan arrailak agertu dira. Momentuan zin egindako leku aldaketa, inoiz iritsiko ez delaren susmoa du Manuelek. «Egoera prekarioan dago aretoa, eta kezkatuta nago, hitza eman eta ez baitute bete», agertu du. Espezie bakoitza metakrilato barruan dago eta bizitza osoa mantendu beharko litzateke lehortutako moduan. «Ondo mantenduz gero, betiko beharko luke», esan du. Izan ere, tximeletak ez dira ohiko eran disekatzen; kloroformorekin lokartu ostean, lehortu egiten dira. Jarraian, paper artean hegalak irekirik jarri eta forma hartzen dute betirako.




