Talde internazionalistek edari beltzaren aurkako deia atzerritik euskal herrira iristea eta bertan hedatzea lortu dute, coca cola-ren aurkako nazioarteko eguna euskaldunen artean finkatuz
2008ko Uztailaren 18a
U ztailaren 22an Coca Cola-ren aurkako nazioarteko eguna izango da. Euskal Herrian ere, munduko bazter gehienetan bezala, gehiegikeriak bultzatzen dituen transnazional erraldoiaren aurkako ekimenak gauzatuko dira; aurten, lehenengo aldiz. Oraingoz, 60 elkarte, taberna, gaztetxek... bat egin dute euskal boikotarekin eta beraz, jarraipen bat ematea espero dute Askapena talde internazionalistako kideek.
Manifestua euskal lurralde guztietan sinatu dute hainbat erakundek. Ipar Euskal Herrian, Pausuko Xaia Ostatua, Kanttu hendaiarra eta Baiona Ttipiko hainbat tabernek bat egin dute. Bidasoaren beste aldean, azpimarratzekoa da Sakanan atxikipena agertu duten 18 taberna eta elkarteen artean, «Kebab» bateko jabeak ekimenaren alde agertu izana. Iruñeko hainbat tabernek ere izenpetu dute agiria. Bizkaian Bilbo, Ondarroa, Barakaldo, Larrabetzu... eta beste hainbat herritako 20 taberna, elkarte eta taldek parte hartzea erabaki dute; Arabari dagokionez, Aramaioko sagardotegi batek, Gasteizko sei tabernak eta bertako gaztetxeko kideek bat egin dute; eta amaitzeko, Gipuzkoan, boikota berretsi duten herrien artean, Azkoitia, Tolosa, Irun, Bergara eta beste hainbat aurkitzen dira.
Ekimen ugari antolatu ez badira ere, datozen urteetarako abiapuntu gisa finka daiteke. Horrela, Galdakaoko Coca Cola lantegiaren aurrean, arratsaldeko 19:30ean biltzeko deia egin dute; bestalde, Gasteizen ere, arratsaldeko ordu berean, ekimenaren bultzatzaileek «Farolon»-en elkartzeko eskatu dute. Olaztin aldiz, uztailaren 25erako atzeratu, eta ostiral horretan, Coca Cola-ren aurkako jaia ospatzea erabaki dute.
Sentsibilizazio kanpaina
Horrela, kanpaina honi erreferentzia egiten dion webgune bat martxan jarri zuten talde internazionalistek, www.cocacolariez.org helbidean. Bertan, edari beltzik gabeko Euskal Herriko mapa bat eratzen hasi ziren eta mapa hedatuz doa. «Alde batetik, jendea sentsibilizatu nahi dugu, gehiegikeriak ikusaraziz; eta bestetik, gure inguruko taberna, kafetegi, txosnetatik, eta abar, Coca Cola kentzea nahi dugu» azaldu du Ruben Santxezek, Askapeneko kideak.
Era askotako eragileek arazo horren gaineko ardurak hartzea lortu dute Askapena eta Kamaradak taldeek. Esaterako, 2008ko ekainean, Elorrion antolaturiko jardunaldi internazionalistetan, gazte mugimenduko hainbat esparrutako kideek, egoera amaitzearen aldeko apustu finko eta zuzena egitea lortu zuten.
Munduko Gizarte Foroak, 2003an abiarazi zuen kanpaina, Coca Cola-k garapen bidean dauden estatuen aurka gauzatutako erasoak salatzeko asmoz. Ekimena emankorra izaten ari bada ere, ezin albo batera utzi, Kolonbian paramilitarrek Coca Cola-ren agindu eta soldatapean, Sinailtrainal-eko bederatzi sindikalista hil eta beste hainbat mehatxatu izana; edota Indiako urtegiak kutsatzearen ondorioz, edateko urik eta lurrak ureztatzeko aukerarik ez izatea... Erraldoiak berarekin dakarren zerrenda luze eta bere edaria bezain beltza.
«Kolonbian paramilitarrek Coca Cola-ren agindu eta soldatapean, Sinailtrainal-eko bederatzi sindikalista hil eta beste hainbat mehatxatu izana ez da albo batera utzi behar»




