sos arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeko ordezkaria amagoia.mujika@gaur8.info
Amagoia Mujika
2008ko Uztailaren 18a
Kasik hogei urte darama etorkinen eskubideen alde lanean Sos Arrazakeria Gobernuz Kanpoko Erakundean. Denbora luzea da, immigrazioaren fenomenoa asko aldatu da urte horietan, baina, bada bere horretan mantendu den zerbait: Estatu espainolak immigrazioaren aurrean duen jarrera. «Lan merkatuaren ikuspegitik begiratzen dio Estatuak immigrazioari. Ez ditu pertsonak ikusten, langileak baizik».
Europako immigrazioaren gaineko zuzentaraua onartu berritan, Unzurrunzagak garbi du neurri horiek denak etorkinen eskubideen aurkakoak direla, denak direla kalterako.
1990eko hamarkadan dagoeneko ikusi zenuten orduan berria zen immigrazioaren fenomenoak zeresan ugari emango zuela aurrera begira. Aurreikusi bezala joan al dira gauzak?
Aurreikusi genuen kopuruz handitu egingo zela, eta horretan asmatu egin genuen. Hortik aurrera, badaude betiko gauzak eta badaude gauza berriak.
Betikoa da Estatuak immigrazioarekiko duen funtsezko ikuspegia, hori ez du aldatu. 1985ean indarrean sartu zen Atzerritarren legea eta hortik aurrerako aldaketa guztiek ikuspegi berbera dute. Estatuaren begietara immigrazioa eskulan merkea da, Espainiako lan merkatuari lotuta egon behar duena eta horren inguruan antolatu behar dena. Oso dimentsio murriztailea da eta horrek arazoak sortzen ditu. Lan merkatuari atxikitako ikuspegi hori oso estua da eta kontuan izan behar dugu hor pertsonak daudela. Lana bizitzaren zati bat baino ez da, baina, bizitzak, aurpegi asko ditu, ez direnak kontuan hartu. Eta kontuan hartu izan direnean, modu okerrean egin da. Legeen aldetik jarraipena egon da, beti izan dira oso zapaltzaileak eta ikuspegi poliziala nagusi izan dutenak. Arauen eta legeen marko hori funtsean ez da aldatu azken hogei urtean. Eta, ez aldatzeaz gain, krisi ekonomikoarekin indartu egin da lan merkatuaren ikuspegia. Langileak ikusten ditu, baina, nolabait, erabilgarriak diren langileak. Krisi ekonomikoarekin aferarekin, esaterako, lan merkatua gaizki dagoela eta bertatik jendea atera behar dela ondorioztatu dute. Eta, horregatik jarri dituzte martxan aberriratze prozesuak. Plan horiek azken hogei urteotan aldatu ez den ideia bati jarraitzen diote.
Baina immigrazioaren fenomenoa berez asko aldatu da.
Duela hogei urteko etorkin kopurua eta gaur egungoa oso desberdina da. Egun, Estatu espainolean bost milioitik gora herritar etorkinak dira. Dagoeneko populazioaren % 10 atzerritarra da, eta datu hori ez da txantxetakoa. Pentsa, 90eko hamarkadan komunitate handiena Britainia Handiko herritarrena zen. Erretiroa hartu ostean Mediterraneoko kostara bizitzera joaten ziren ingelesak ziren immigrazioaren fenomenoaren ardatza. Hogei urtean hazkundea izugarria izan da, eta, batez ere, azken sei-zazpi urteotan nabaritu da. Europako estatuen artean gehien hazi dena da Estatu espainola. Fenomenoak, beraz, aurpegi desberdin asko ditu eta horiei guztiei aterabidea nola eman aztertu beharko da.
Eta azken hogei urtean boterean izan diren aldaketak ez al dira nabaritu immigrazioaren fenomenoa kudeatzeko orduan?
Gobernu desberdinak izan dira, baina ikuspuntua, berdina izan da. Gaur egun indarrean dagoen legea popularrena da, baina sozialisten babesarekin onartu zuten. Alde horretatik batzuen eta besteen artean ez dago desberdintasun handirik, funtsean ados jartzen dira immigrazioari dagokionean.
Gero, ikusten da desberdintasunen bat. Azken hauteskundeetan, esaterako, Alderdi Popularrak salto kualitatibo bat eman duela uste dut, salto politiko garrantzitsua. Lehendik zegoen xenofobia difuso bati forma politikoa eman zaio eta xenofobia aldarrikapen politiko bihurtu da. Alderdi politiko handi batek bere eskuan hartu du aldarrikapen hori eta oso larria da kontua, ez bakarrik hamar milioi boto dituelako, baita erakundeetan sekulako presentzia daukalako ere. Horregatik da larria Alderdi Popularrak eman duen saltoa. Lehen formarik ez zeukaten gauza batzuek orain, forma politikoa daukate. Eta, finean, eskuin muturraren aldarrikapen historiko batzuek forma politikoa hartu dute.
Baina, desberdintasun guztien gainetik, lehentasun nazionalaren printzipioak primeran funtzionatzen du. Horretan ados jartzen dira sozialistak eta popularrak. Esaterako, lehenengo lan baimena lortzeko katalogo moduko bat dago eta etorkinak ezin du lan egin bere alorreko lanetan edo nahi duen lanetan, Estatuak markatzen dituen lanetan baizik. Gainera, Estatua beti agertzen da bertako langileen babesle modura.
Politikoki zuzenaren marra aise pasatzen al da immigrazioari buruzko gaietan?
Guztiek egiten dituzte arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako adierazpen orokorrak eta halakoak. Baina, gero, arazorik gabe onartzen da arrazakeria instituzionala eta zilegitzat jotzen da milaka pertsonak diskriminatuta bizi beharra gure herrian.
Zerk aldatu beharko luke diskriminazio egoera horrekin amaitzeko?
Gauza asko, dudarik gabe. Horietako bat, nire ustez, irregulartasunaren iraupena da. Irregulartasunak fenomeno estrukturala izaten jarraitzen du. Kasu honetan, Gobernu espainolak joko bikoitza egiten du; alde batetik, irregulartasunaren fenomenoa mafiekin lotzen du, eta ezkutatu egiten du bere benetako garrantzia, eta, bestetik, azken bizpahiru urteetan irregulartasuna ez dela hain handia eta kontrolatuta dagoela nabarmentzen ari da. Finean, mafiari lotutako gutxi batzuen kontua balitz bezala saltzen du. Bi ikuspuntu horiek faltsuak dira; irregulartasuna fenomeno estrukturala da. Gaur egun etorkinak irregulartasunetik erregulartasunera pasatzeko araubide orokorra eta sustraitze soziala erabiltzen dira eta ez dira nahikoak. Lanari lotutako beste neurri batzuk hartu behar dira. Jendeak lan egiteko aukera daukanean erregulartasunerako pausoa berehala emateko aukera eskaini behar zaio.
Horrez gain, lan eta erresidentzia baimenen erregulazioa oso korapilatsua da, ezta?
Halaxe da eta horrek arazo larria dakar, langile mota bat eraikitzen duelako, soziolaboralki oso ahula dena. Pentsatzen dut sindikatuak hasi direla onartzen alor horretan arazo handi bat daukatela. Etorkin horiek lan baimen baten menpe daude eta, gainera, paperak berritu ahal izateko arau multzoa dago. Baldintza asko dituzte eta ez badituzte betetzen, paperik gabe gera daitezke. Ondorioz, langile atzerritarrek behin-behineko lan eta erresidentzia baimena daukate denbora guztian -legalki bost urteko epeaz ari gara-, gainkarga administratibo astuna daukate gainean. Eta baldintza horiek sindikatuen ikuspuntutik eta aldarrikapenen ikuspuntutik oso ahula den langile mota eraikitzen dute.
Baina, kontzienteki sortutako egoera da, ez da kasualitatez ematen dena. Langile etorkinak, dauden egoeragatik, esplotatzeko errazagoak dira eta horrek borroka sindikala ahultzen du. Baina, sindikatuek ez dute behar bezala borrokatzen berdintasunaren alde eta garbi dago irtenbidea langileen arteko eskubide berdintasuna dela. Zure ondoan eskubide gutxiago dituen gizatalde bate jartzen baldin baduzu, derrigor arazoak sortuko dira. Horregatik ez da zilegia egoera horren erantzuleak langile etorkinak direla esatea.
Egoera soziolaboral ahulean daude eta, gainera, egoera pertsonala ere maiz ez dute samurra izaten.
Familiak elkartzeko dituzten arazoak oso garrantzitsuak dira. Egiten diren inkesta guztietan beti beren beharren zerrendan lehen tokian agertzen da bere senideekin bizitzeko nahia. Beraien arazo larriena hori da, gertukoekin bizi ezina. Norberaren erlijioa praktikatzea, norberaren kultura eta hizkuntza erabiltzea eta halakoak zerrendan askoz atzerago agertzen dira beti. Etorkinentzat arazo afektiboak dira garrantzitsuenak eta horiei erantzuteak lehen mailako eginbeharra izan behar du, kultura, hizkuntza, erlijioa eta halakoen gainetik.
Europako atzerritarren gaineko zuzentaraua «lotsaren zuzentaraua» bezala definitu duzu. Bistan da ez duela egoera konponduko.
Europa osoan eman den ibilbide luze baten ondorioa da. Momentu honetan horra iritsi dira. Finean, egoera irregularrean dauden etorkinen aurkako neurriak onartu dituzte. Egia da neurri batzuk adostu egin dituztela, baina modu okerrenean. Eredu onenak hartu beharrean txarrenak hartu dituzte. Europako leku batzuetan ez zegoen irregularrak zentro berezietan atxilotuak edukitzeko denbora mugarik. Baina, hemezortzi hilabeteko epea jartzea astakeria bat da.
Irregulartasuna beti delituaren mugara eramaten da. Irregulartasuna, finean, hutsegite administratibo bat da eta Estatu espainolean epaileak-eta ulertzen hasi dira irregulartasuna ezin dela kanporatzearekin zigortu. Isuna jarri beharko zaio pertsona horri, baina ez kanporatu. Eta horrelako zuzentarau bat onartuz, indartu egiten da jendea kanporatu egin behar denaren ideia. Bestela, zentro berezi horietako batera eraman behar direla esaten da. Eta hor ere oso-oso arriskutsua den atea irekitzen da. Izan ere, zentro horietan tokirik ez baldin badago, jende hori kartzelaratzea onartzen da.
Adin txikikoen egoera ere aldatu egiten da. Orain arte adin txikikoak estatu bakoitzaren ardura zirela ulertzen zen eta, beraz, babestu egin behar zirela. Orain, zuzentarau horren arabera, posible da adin txikikoak kanporatzea. Sekula ez dute hitz hori erabiltzen, «familiara itzultzea» eta halakoak esaten dituzte baina, finean, kanporatzeaz ari dira.
Beste ate bat oso-oso arriskutsua ere zabaltzen dute, posible baita jendea ez kanporatzea bere jaioterrira, transitoko herrialde batera baizik. Eta orain artean baziren populazioaren zati batzuk modu berezian babestuta zeudenak, haurdun zeuden emakumeak, adinekoak, elbarriak eta halakoak. Bada, babes neurri horiek ere ezabatu egiten ditu zuzentarau berriak. Finean, Europako zuzentarauak ate oso-oso arriskutsuak zabaltzen ditu eta horrek arazo handiak ekar ditzakeela uste dut.




