-

Kukuma arte tailerrean beste arte mota bat ekoizten du Mikel Ibarzabalek; pertsonaia mitologikoak dira bere lan deigarrienak, baina bere irudimenak panpina mota askorekin probatzera eraman du

2008ko Uztailaren 18a

Mikel Ibarzabal bergararrak Urretxuko Kukuma arte tailerrean lan egiten du. Fantasia eta mitologiaz beteriko munduan bizi dela antzematen da; bertan sartu bezain laster, forma, kolore eta material ugarirekin topo egiten du Mikelek. Perretxiko erraldoien, zuhaitzen, txotxongiloen eta pertsonaia mitologikoen mundua ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du lantegiak.

«Era guztietako panpinak eta dekoratuak egiten ditut», aipatu du egileak. Horietako lan asko antzerki eta telebista munduan erabiltzeko sortzen ditu; hala ere, ezin albo batera utzi, herriko jaietarako prestatutako erraldoiak, buruhandiak, karrozak...

Bere burua nola definitzen duen galdetzerakoan, zalantzak sortzen zaizkio. «Esplikatzeko oso zaila da», aitortu du azkenean. Izan ere, arte tailer batean artea ekoizten da, eta artea ekoizten duen pertsona horri, artista esan ohi zaio. «Kiloka edo litroka erositako materialetatik, oinarrizkoak diren materialetatik, prozesu guztia egin eta forma duten gauzak sortzen ditut», azaldu du Mikelek. «Artista edo...», gaineratu du azkenean.

Buztinetik eratorritako pertsonaiak ekoitzi eta emaitza onak lortzen baditu, artista izango da bergararra. Ez edozein modukoa gainera; izan ere, aitortu duenez, bere artetik bizitzeko aukera du, eta hori ezin du edozein artistak esan.

Txotxongiloak, berezienak

Tailerrean sortutako pertsonaia eta obra guztien artean, bergararrak txotxongiloak bereizten ditu mirespenarekin. Zer ematen diote ordea txotxongiloek, egiten dituen mozorroen eta dekoratuen tamaina eta kalitatea ikusita? Mikelek pertsona jakin batentzako eginak daudela uste du; «nolabaiteko harremana egon behar da txotxongiloaren eta antzezlearen artean», nabarmendu du.

Mikelek esan bezala, txotxongilo bat egitea ez da bi trapu hartzea bakarrik; lehenik eta behin, sortzaileak bere buruari, zein panpina eskatu duenari, gogoeta momentu bat eskatzen dio. «Zertarako egin txotxongilo hau?», galdetzen du ondoren. Izan ere, bere aburuz, arrazoi konkretuak existitu behar dira txotxongilo bat ezaugarri jakin batzuekin sortzeko.

Arrazoiak argi ez daudenean, harreman ez egokia ematen da. Ondorioz, Mikelen ustez, antzerki talde askorentzako sortutako txotxongiloei ez zaie erabilpen ona ematen. Bergararrak uste duenez, antzezle askok panpinei % 50eko etekina besterik ez diete ateratzen. Sortzaileak, aldiz, % 100eko etekina ateratzeko gaitasuna dauka. «Manipulatzaile onena, egilea da eta, egile onena, manipulatzailea» nabarmendu du.

Hori dela eta bereizten ditu Mikel Ibarzabalek txotxongiloak gainontzeko arte lanen gainetik. Hala ere, gauza, material eta forma desberdinekin probak egitea maite du. «Oso arriskutsua da ordu asko behar direlako esperimentatzen eta, ondorioz, ez delako ekonomikoa», argitu du. Sortutako lan guztien artean errazenak estatikoak dira bere ustez; zailenak ordea, dinamikoak edo norberak jantzi behar dituenak, esaterako mozorroak. Memoriak behin bizikleta baten gainean ibiltzen zen herensuge bat egin zuela ekarri dio gogora Mikeli; ahoa eta lepoa mugitzen zituen herensuge horrek manipulatzailea bizikleta gainean zihoala.

Hankapaloak

Matraka Matraka hankapalo taldean piztu zen Mikelek artearen munduarekiko duen grina. Bertan, bere ibilbideari hasiera eman zion 12 urterekin; gogo handiz, gainera. Maskarak, jantziak eta hankapaloak nahiko izan ziren ibilbide emankor bati ekiteko.

Mikelen hitzetan, taldea garatzen joan zen heinean sortutako mozorroak ere garatuz joan ziren. Jantziak denen artean egin arren, bergararrak lan gehiena bere gain hartzen zuen. Denborarekin, inguruko antzerki taldeak, adibidez Elgoibarreko Taupada edota Bergara bertako Oihulari Klown, Matraka Matraka taldeko artistaren presentziaz jabetu ziren.

Hasieran antzerki taldeen eskariak jasotzen hasi zen Mikel Ibarzabal eta, denborarekin, Bergarako Udalaren enkarguak ere jasotzen hasi zen: jaietarako karrozak, inauterietako sardina, buruhandiak, erraldoiak... Eskari ugari zituela ikusita, azkenean ogibide horretan aukera ezin hobea ikusi zuen Mikelek.

Egun batean, Tan Tan antzerki taldearekin festibal batera bazkaltzera joan zen Mikel eta bertan Angel Calvante, Tau Baskoniako maskotaren diseinatzailea, ezagutu zuen. Andaluziarrak Aker maskota berritzekotan zirela komentatu ostean, baten batek bere burua lan horretarako aurkezten ote zuen galdetu zuen. Mikelek ez zuen zalantzarik izan; lana egiteko prest agertu zen eta erronka gisa planteatu zion diseinua bere buruari.

Lana ezin hobeto egin eta gero, Gasteizko saskibaloi taldeak hiru metroko goma-aparreko zapatilla bat eskatu zion. Tamaina normalekoen diseinu bera eduki arren, zapatilla izugarri handia zen. Hain zuzen ere, saskibaloiko zapatilla hori birrinketa lehiaketa batean oztopo gisa erabili nahi zuten. «Birrinketa lehiaketa hartan, jokalari batek salto egin behar zuen zapatilla horren gainetik eta, gero, uztaitik zintzilikatu», argitu du Mikelek.

Jaietako erreferente

Mikel jaietako ikur bihurtu zen hankapalo taldean hasi zenetik. Garai hartan, Bergarako Udalak erraldoi eskari desberdinak egiten zizkion; esaterako, erraldoi bikote jakin bat egitea... Esperientzia ez zen bere horretan gelditu, batez ere Urretxun Kukuma arte tailerra sortu zuenetik. Urretxuko Udalak bere berri izan zuen eta erraldoi bikoteak egiteko zein zenbaitzuk arintzeko eskaria egin zion. «Bikote erraldoi bat eraiki, beste erraldoi bat konpondu eta ondoren arintzeko eskatu zidaten; agian, 60 kilo edukiko zituen eta 20 bat kilo kendu nizkion», azaldu du Mikelek. Halaber, Euskal Herriko jaietan hain ohikoak diren buruhandiak ere landu ditu.

Aipatzekoa da Urretxun urtero antolatzen den «Paleontologia eta Mineralogia Astea» jardunaldietarako egindako lana ere. Hala, pixkanaka umeentzako parke bat prestatzen joan da jolas didaktikoekin; esaterako, historia aurreko margoak egin eta horiekin hormetan marrazteko aukera ematen duena, Urrearen Bila jolasa... «Lehen jolasean umeek harria hartu behar dute, txikitu, pintura egin eta, azkenik, paneletan marraztu behar dute. Bigarrenean, putzu batzuk daude lore eta harriekin apainduak. Umeek katiuskak jantzi eta bertan murgiltzen dira aberastasunaren bila», azaldu du.

Proiektu berriak

Etorkizunera begira, Mikelek proiektu gehiago ditu buruan, maite duen esparru «magiko» horretatik atera gabe. Ahots doinu serioa hartu du hemendik epe oso laburrera gauzatu nahi dituen egitasmoei buruz hitz egiten hasteko.

Txotxongiloak maite dituela komentatu du eta jarduera horretan jarraitzea du helburu. Izan ere, Bergarakoak Kontakatilu antzerki taldea sortu du Aitor Ormaetxea txotxongilozale bizkaitarrarekin.

Kontakatilu bikotea da oraingoz, baina, aurrera begira, taldean jende gehiago jasotzeko prest daude. Uneotan eskoletarako antzerki txiki bat prestatzen ari dira txotxongilo bidez.

Bira didaktikoaren muina, ikasleek bost antzerki teknika eta horien lagungarri diren bost ipuin ikastea da. «Bost teknika ezberdin irakatsi eta komeni zaiena aukera dezaten nahi dugu», argitu du. Xedea, haurrek antzezle teknikak menperatzea baino, umeek txotxongiloak sentimendu eta kezkak kanporatzeko erreminta edo bide bezala erabiltzea da. «Arrazismoa edo emakumeen egoera bezalako auzien inguruan sentsibilizatu nahi ditugu haurrak txotxongiloak erabiliz», esan du adibide moduan. «Txotxongilo baten onena adierazteko aukera ematen dizula eta zuk ezer esan ez duzula dirudiela da», gehitu du. Horiek horrela, datorren ikasturtean talde osoa martxan jartzea espero du Mikelek haurren komunikazioa eta giza baloreak lantzeko.

 

«Galtzagorriak, Mikelats, jentilak, Tartalo, Basajaun, Akerbeltz, Mari... denak!»

«Inoiz ez dut propagandarik egin, ez dut banatzeko inongo panfletorik atera, ez naiz inora joan... ezer ez. Lehendabizi, Tau Baskoniako Aker maskota egin nuen; gero, zapatilla eta, ondoren, Takolo, Pirritx eta Porrotxek deitu ninduten. Aker ikusi zutenean, «Kintxo Barrilete» ikuskizun berria zuten. Bertan, Anttoni ahuntza ateratzen zen, galtzerdi bat jaten ari zela. «Zuk egin al duzu Aker akerra?», esan zidaten eta nik baietz erantzun nuen. «Guk antxume bat behar dugu», gaineratu zuten. Antxumea egin eta gero, haien ikuskizunetan ateratzen hasi zen.

Irurtzungo Orritz dantza taldeko kideak Pirritx eta Porrotxen ikuskizun batean izan ziren eta, estilo horretako panpinak egiteko interesa zutenez, Mikel Ibarzabalekin harremanetan jarri ziren. «Doministiku egiten dudan 17. panpina da. Sei-zazpi urtean, pertsonaia mordoa egin dut, denak mitologikoak: Galtzagorriak, Mikelats, jentilak, Tartalo, Basajaun, Akerbeltz, Mari... denak! Oso erakargarriak dira: bakoitzak berezitasun bat du, eraikitzeko eta esperimentatzeko era ezberdin bat. Horrek nahi nuena egiteko aukera eman dit. `Tartalo behar dugu' esaten zidaten; nik egin egiten nuen eta, oso jatorrak direnez, denak gustatzen zitzaizkien. Nahi nuena egiteko askatasuna nuen eta hori baliatu dut. Izugarri esperimentatzeko aukera izan dut sei-zazpi urtean», esan zigun.

Horrekin batera, beste gauza batzuk egiten ere joan da. Donostian eta Irunen erraldoiak eta buruhandiak egiten dituen gizon bat ezagutu zuen. Betiko moduan, zuzenean joan zen berarengana: «`Kaixo, Mikel naiz eta honako hau egiten dut, nahi izanez gero, ikus itzazu argazkiak', esan nion eta tipoa interesatuta agertu zen. Harekin erdibana egin dut lan orain; adibidez, Donostiako beldurrezko filmen festibaleko fatxadaren dekoratua egin nuen; armiarma erraldoi bat, robot baten modukoa. Ez zen mugitzen, baina, irudimenari esker, mugitzen zela zirudien. Lan hori, Donostiako lagun horren bitartez lortu nuen».

Telebistan ere gauza bera egin zuen. «Behin ETBko egoitzara joan eta `aizu nik hau egiten dut' esan zion bati. `Ados, ados', erantzun zidan. Pixkanaka-pixkanaka deitzen hasi ziren eta orain telebistarako gauza ugari egiten ditut. «Vaya Semanita», «Trikitraka Trikitron», «Wazemank»... bezalako saioetan agertzen diren attrezzoko gauzak nik eginak izaten dira!», amaitu zuen Mikel Ibarzabalek.