Bertso udalekuen hamaikagarren edizioa da aurtengoa. guztira, bederatzi txanda eskaintzen dira Euskal Herri osoko hainbat txokotan. Gaur8 Aubixako barnetegian izan da, bertso udaleku bat barrutik ezagutu eta gozatu nahian
Izaskun Urbieta
2008ko Uztailaren 18a
Paraje zoragarrian dago Aubixa barnetegia. Elgoibartik 4-5 kilometrotara dagoen San Pedro auzoan, zehazki. Mendiz eta baserriz inguratuta dago. Autoarekin joateko bidea estua da eta baserria isolaturik dagoela dirudien arren, bertan denetarik topa daiteke.
Lehenengo ezagutu dugun pertsona bertako etxeko andrea izan da: Maritxu. Emakume jatorra, arduratsua eta sukaldari fina da. Guztientzat prestatzen du egunero jatekoa. «Denon ama da», entzun dugu bazkalorduan.
Begiraleak non dauden galdetu, eta aurrera pasatzeko gonbidatu gaitu Maritxuk. Horrela, egongelan topatu ditugu bertso udalekuak osatzen dituzten 21 gazte eta 5 begiraleak. Gaurko ekintza, erronka-goiza da. Gazteak 4 taldetan banaturik daude. Bakoitzak 100 puntu dituzte eta jolas bakoitzean apustuak egin beharko dituzte. Talde galtzaileak gela txukundu eta garbitu egin beharko du. Beraz, ez dago bromarik!
Erronka-goizari enigmekin ekin diote. Denetarik, zailak eta errazagoak, irakurri ditu Jon Martin begirale eta bertsolariak. Gazteen abilezia eta adimena jarri nahi zituen proban. Eta zergatik ez, gainerako begiraleena ere bai!
Ondoren, nahiz eta eguraldiak askorik ez lagundu, kanpora atera gara erronkarekin jarraituz. Bertan, lokotx bilketa, zelai-errea jokoa eta indar probak egin dituzte. Amaitzeko, beste enigmen saio bat izan dute. Azkenean talde galtzailea zein den jakin dute, eta horko taldekideak gela txukuntzera joan dira.
Horrela, bazkaltzeko ordua iritsi da. Goseturik, mahaia jarri, eta Ernestok (bertako langileak) janaria ekarri digu. Bazkari goxoa prestatzen du Maritxuk eta, gainera, ugari. «Hemen ez dugu goserik pasatzen, janaria belarrietatik ere ateratzen zaigu», esan du Lierni begiraleak. Musika ere jartzen dute bazkaltzeko garaian. Gaur, Sabina. Gazteek atsegin dute, eta askok dakizkite abestien hitzak.
Bertso saioa eta kantu afaria
Bazkaldu ondoren eta gonbidatutako bertsolariak etorri arte, pare bat orduz libre izan dira gazteak. Batzuk gelara joan dira lo-kuluxka egitera, beste batzuk musika entzuten eta berriketan geratu dira egongelan. Beste asko, aldiz, mahai-futbolean jokatzera joan dira. Arrakasta handia du mahai-futbolak. Ikusi besterik ez dago antolatutako lehiaketan nolako begiradak eta lehiakortasuna izan diren!
17:00 aldera etorri dira hiru bertsolariak. Aurten, Amaia Agirre, Iñaki Viñaspre eta Jokin Uranga izan dira bertan. Saioari 17:30 aldera ekin diote. Umoretsua, alaia eta zirikatzailea izan da. Gazteek prestatu dute agurra, baita gaiak ere. Horretaz gain, animatu denak, puntua jarri die bertsolariei.
Saioaren lehen zatia amaitzean, atsedenaldia egin, eta sagardoa eta txorizo egosia jateko aukera izan dute. Hori guztia trikiti doinuak lagundurik. Horretaz gain, Itxaso Payak gitarra hartu du eta bere ahots gozoaz abesten hasi da. Giro ona jarri dute guztiek. Ondoren, bertsolariak berriz igo dira oholtzara, eta saioa amaitu dute. Arratsaldea azkar igaro da eta konturatu orduko, afaltzeko unea iritsi da. Gose handirik ez zen, baina postre itzela zuen gorderik Maritxuk: soufflea. 22:00 aldera, denak elkartu dira irrika handiz egongelan. Zer dela-eta? Egunero bezala piropo-posta zabaltzeko unea iritsi dela-eta. Denentzat daude mezuak; baita begiraleentzat ere, noski.
Jarraian, abesti sorta banatu dute. Mikroa eskuan harturik, ausartenak binaka abesten hasi dira. Euskal abesti ezagunak kantatu dituzte, alai eta dantzagarrienetik, balada hunkigarrienera.
Bi orduz, gutxi gorabehera, eztarriek eman ahalak eman, eta guztiak lotara joateko unea iritsi da. Bihar beste egun bat izango da eta jada nekaturik daude.
Aubixan diren gazteak Euskal Herriko toki askotatik etorri dira. Euskara da guztien hizkuntza baina, era berean, bakoitzak bere hizkera erabiltzen du eta horrek harremanak aberasgarriagoak izatea ekartzen du.
«Bertsoak gustuko izatea ezinbestekoa da hona etortzeko, baina beste udalekuetan bezala, helburua ongi pasatzea da» dio Oier Aizpurua begiraleak. Lehendabiziko aldiz, begirale gisa etorri da zarauztarra aurten eta oso esperientzia oparoa izaten ari dela aitortu digu. Udaleku hauetan, bertsoekin loturiko ekintzak egiten dituzte baina hori ez da gauza bakarra. Beste hainbat jolas, irteera, ... ere beren planetan sartzen dituzte. Ez dira egun osoan bertsotan edo bertsoekin loturiko ekintzak egiten ari.
Horrez gain, bertso udalekuei esker, gaztetxoek beren arteko harremana sendotzeko aukera dute. «Bertso saio batera joan eta beharbada elkar ikusiko dute, edo eskolarteko txapelketaren batean ere bai. Hartara, ordurako ondo ezagutuko dute elkar», kontatu du Aizpuruak. Gazteak ere oso pozik daude Aubixako egonaldian. Maddi Labayen eta Inazio Vidalek, esaterako, espero baino hobeto pasatzen ari direla azaldu digute. Maddirentzat lehenengo aldia da. «Jendea ezagutzea da onena», esan du. Inazio iaz Sopelako udalekuetan egon zen, baina aurten Aubixara etorri da. Anaia, Beñat, begiraleetako bat da.
Bistakoa da ederki pasatzen dutela, edonor tentatzeko moduan.




