-

Irailetik aurrera egunero sukaldaritza programa egingo du sukaldari gazteak. Datorren astean hamabi lekutan grabatutako ordubeteko `road movie' bat eskainiko du kate horrek aurkezpen gisa. De Jorge Martin Berasategi taldeko irudi eta promozio arduraduna da gaur egun

Joxean Agirre

2008ko Uztailaren 18a

Datorren astean, astelehenetik ostegunera bitartean eta gaueko ordurik onenetan, sukaldaritzari buruzko «Cocina sin bobadas» izeneko road movie bat eskainiko du ETBren bigarren kateak gaueko orduetan. Egilea David de Jorge da, datorren irailetik aurrera egunero kate horretan izen bereko programa egingo duen sukaldari gaztea. «Niri asko gustatu izan zaizkit sukaldaritzari buruzko telebistako programa onak. Umetatik ikusi izan ditut eta gogoa nuen aproba egiteko. Azken urteotan estudiotik kanpoko grabaketak egiten ari ginen eta horien laburpena izango da datorren astean eskainiko den saioa. Irailean hasiko gara estudioan egindako programarekin», esan zigun.

Hanka hutsik hartu gintuen Martin Berasategiren taldeak Groseko Galtzada Nagusian duen bulegoan. Hanka hutsik belarretan ibiltzea bizitzako plazerik handienetakoa dela uste duen horietakoa da David. Sarrerako alfonbran bandera pirata baten hezur gurutzatuak ikus daitezke, sukaldariak jarrera akratak gogoko dituen seinale.

Hamabi herritan barrena

Pedro Subijana izan zen ETB-2n lan egin zuen azken sukaldaria. Urte piloa eman zuen lan hori egiten eta hutsune bat etorri zen gero. «Pedrok egin duen bezala, sukaldaritzari buruzko programa egunero egitea Kilimanjaro igotzea baino askoz ere zailagoa da. Baina hori irailetik aurrera probatuko dugu. Datorren asteko lana road movie gisa definitzen dute, autoa hartu eta hamabi bat lekutan izan baikara grabaketak egiten. Leku horietako bakoitzean produktu bereziren bat egiten duen ekoizle batengana jo dugu. Hendaian, esate baterako, José Arruabarrena harakinarekin egon ginen. Behi-esnearekin eta arrautzarekin hazitako txahal haragia saltzen du. Bearnen bada ekoizle bat txahal horiek hazten dituena eta istorio hori kontatzen dugu saioan, baina bakoitzari minutu eskas batzuk baino ez dizkiogu eman. Halako jendearekin ibili gara herriz herri. Izarrez beteta dauden sukaldariengana joan gabe ere programa bat egin daitekeela frogatu nahi genuen, Juan Marirekin, Martinekin, Pedrorekin edo Andonirekin hitz egin gabe alegia», hasi zitzaigun sukaldaria. David de Jorge bere liburuengatik ezagutuko dute askok. Hasier Etxeberrirekin batean «Mila eta bat errezeta» liburu bikaina argitaratu zuen eta «Porca memoria» ere bai, nolabait bere pentsaeraren bilduma gisa irakurri daitekeena. Martin Berasategiren taldeko irudi eta promozio arduraduna da, eta taldeak kaleratu dituen liburu asko ere berak egosi ditu.

Sukaldari, idazle baino lehen

David de Jorge sukaldari izan zen, ordea, idazle baino lehen. Inazio Zelaia, Felix Altolagirre, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Michel Gerard eta Jacques Chibois bezalako maisuak izan zituen eta Estatu espainoleko Sukaldari Gazte Onenaren saria irabazi zuen birritan. Bere izaeraren ezaugarri nagusienetako bat erabiltzen duen umore zorrotza eta gordina da. Datorren asteko saioa iragarriz prestatu duen txostenean ere sukaldaritzaren inguruan dagoen antzerkia kritikatzen du behin eta berriz. Ea bere umore gordin samar horrek telebistako programan lekurik izango al duen galdetu genion.

«Nik ez dut asmorik inori erasotzeko, baina komunikabideek sukaldaritza nola tratatzen duten ikusita sutan jartzen naiz batzuetan. Esne gaina bakarrik erabiltzen dute batzuek askotan, nazka emateko moduan gainera. Esnobismo inozo bat nagusitu da. Albisteak beti izarren ingurukoak izaten dira. Nik beste era bateko jendea sartu nahi izan dut saioan. Horiek bai direla heroiak!», esan zuen pitin bat beroturik. «Benetako urdaiazpiko egosia zer den ere ez daki jendeak. York industrializatua jaten dugu eta Hendaian ezagutzen dut nik, esate baterako, astean urdaiazpiko bat egosi eta saltzen duen harakin bat. Hori bai dela benetako heroia!», jarraitu zuen.

Erromeria Urbasan

Datorren astean eskainiko duten saioa ordubeteko bidaia bat da. Esnearekin hazitako txahal haragia probatu ondoren Gernikaraino joan eta haragi gorria saltzen duten Iturbe anaiekin egongo dira. «Orain harategietan denetik saltzen da: jogurtak, kroketak, mamia egiteko esnea... eta, deskuidatzen bazara, ogia eta egunkaria ere bai. Iturbe anaiek haragia bakarrik saltzen dute, garai batean bezala. Hirurehun behi Limousina arrazako dituzte baserri ikusgarri batean eta behi horien haragia saltzen dute. Markuleta baserria ikusteagatik bakarrik merezi du anaia horiekin hitz egitea», jarraitu zuen.

Bastida, Ezpeleta, Hondarribia, Donostia, Mutriku eta Donibane Lohitzune ere bisitatuko ditu saioak eta horiei guztiei lotura emateko, erromeria moduko bat antolatu zuten Urbasan.

«Nafarroa ere barruan sartu nahi genuen eta Urbasa aukeratu genuen erromeria moduko hori egiteko. Zortzi plater prestatu nituen aire librean eta arbolapean jan genituen. Mendiko irudi horiek ematen diote batasuna saioari», jarraitu zuen. Saioan zehar hogei bat plater prestatzen ditu David de Jorgek. «Platera errazak eta azkarrak dira. Parrillan egitekoak prestatu genituen Urbasan, esate baterako, eta hiru postre. Horietako bat Donibane Lohitzunen urrarekin egiten duten gaileta izan zen. Oso produktu ikusgarria da. Urte piloa daramate gaileta mota hori egiten. Eskoziako gaileta ezagutzen dugu eta Donibanekoa ez», esan zuen. Saioaren eta programaren ikurra koilara eta sardexka gurutzatuak dira plater baten inguruan, eta piraten banderako ikur bera ekartzen du gogora.

Irailetik aurrera

David de Jorge ez omen doa inoren kontra, baina galtzeko zorian dauden produktuen aldeko aldarrikapena egin nahi du. «Telebistan egingo dudan lanaren oinarria errezetak izango dira eta lanean ari naizen bitartean hitz egitea. Txorakeriarik gabeko sukaldaritza egin nahi nuke, sukaldaritza erraza. Eta bien bitartean, jendearen kontzientzia suspertzen saiatuko naiz. Sekulako lana egiten ari diren ekoizleak ditugu inguruan eta bizimodua aurrera atera ezinik bizi dira. Europa osoko, mundu mailako arazoa da. Salmenta gune handietan artisau erara egindako produktuen alde ari direla esanez, nolabaiteko produktuak saltzen dizkigute. Badakit horren kontra borroka egitea zaila dela, baina jakitun egon behar dugu. Nik ere tarteka jaten dut Eroski-n erositako York urdaiazpikoa, baina gune horietaran erostera ahal den gutxiena joaten saiatzen naiz», jarraitu zuen.

Eguneroko jardunean umore gordina, umore garratza dario sukaldari honen hizketa moduari. Ez dakigu kameren aurrean zer taxu hartuko duen. «Badakit nire izeba Mari Karmen bezalako jendea, nire ama bera, begira izango ditudala eta kontrolatzen saiatuko naiz, baina munstroa hor dago eta nik nahi gabe ere atera egingo zait», erantzun zuen David de Jorge sukaldariak.