Iņaki Altuna
2008ko Uztailaren 18a
Uda izan arren, albiste askotxo izan dugu azken egunotan, sasoiko sanferminei eta Tourrari buruzko berriez gain. Albiste horietako batzuk aldez aurretik iragarrita ziren; esate baterako, herri galdeketaren legea EAEko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu bezain laster Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztuko zuela gauza jakina zen. Beste berri batzuk ezustean gertatu dira; adibidez, GARAri espioitza egiten diotela egiaztatu izana. Susma zitekeen errealitatea agerian geratu da aste honetan, begien bistan. Izan dira prestatutako «albisteak» ere. Iñaki de Juana kartzelatik ateratzekoa dela-eta, haren kontrako kanpaina hasi zuen hedabide espainol batek presoa eta, aldi berean, senideak ahal bezain beste kaltetzeko. Hedabide horren atzetik etorri dira politikoak, fiskala eta enparauak.
Albiste horietan guztietan -izan iragarritakoa, izan ezustekoa, izan prestatutakoa-, zaharrak berri.
Helegitea aurrera doa
Galdeketaren legea behin-behinean gelditu dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak helegitea izapidetzeko onartu ostean. Juan Jose Ibarretxek egutegia beteko zuela agindu zuen, baina nekez lortuko du urriaren 25ean herri galdeketarik egitea. Erantzun hauxe eman du oraingoz: Auzitegiak erabakia irailaren 15erako hartzeko eskatzea. Izan ere, egun hori igarota, galdeketa legea epez kanpo geratuko litzateke. Ezinezkoa litzateke orduan 25ean boz eguna izatea. Horrelako erantzunarekin, Ibarretxek ordura arteko itxaronaldia ireki du, bien bitartean adierazpenik eta hedabideen aurreko agerraldirik faltako ez badira ere. Edonori bururatuko zaio, ordea, honako galdera: epaileek 15a baino lehenago ez badute ezer erabakitzen edo galdeketa legez kanpokoa dela badiote, zer egingo ote du Lakuako Gobernuak?... Ibarretxeren erantzunak ez du argitasun handirik eskaini: «Gero gerokoak». Horrelaxe aritu da azken hilabeteetan. Zapatero presidenteak akordioari uko egingo ziola iragarri arren, Ibarretxek bide hori agortu bitartean ezin zitekeela etorkizunaz hitz egin esan zuen. Proposamena Legebiltzarrean aurkeztutakoan ere, ez zuen ondorengo arazoez hitz egin nahi izan. Honezkero jakin beharko luke ez dela gerokorik, herri galdeketa horren bidea etena baita aspalditik.
Helegitea dela eta ez dela, oso adierazgarria izan da albisteak, elite politikoetatik kanpo, sortu duen zalaparta eskasa. Opor girokoak ez dira datarik onenak horretarako baina, edonola ere, oso adierazgarria izan da gizarte eragileek txintik ere ez esatea. Lokarri izan da adierazpenak egiten bakarretakoa. Ibarretxeren egitasmoak gatazkaren konponketa izango balu helmuga, seguru asko, bestelako erreakziorik sortuko luke debekuak. Askorentzat iritzirik ere merezi ez duela ikusita, galdeketa legearen sinesgarritasuna bera dago kolokan.
Izan ere, gatazkaren konponketarekin zerikusi gutxi duen amaiera izan lezake Ibarretxeren ekimenak. Badira hilabete batzuk zenbaitek esan zutela egitasmoak hautestontzietan bukatuko zuela, baina ez herri galdeketa egiteko, EAEko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak egiteko baizik. Datorren udaberrian edo, aurrerapenik bada, lehentxeago, hortxe amaituko da kontua.
Halere, ordura arteko bidean, bada zer argitu. Galdeketa legeak jasotako debekua aprobetxatuko ote du Ibarretxek berriro lehendakaritzarako hautagai izateko? Laudiokoarekin deseroso diren burukideek egoera hori aprobetxatuko ote dute zikloa, eta hautagaia, aldatzeko?
Espioitza
Poliziaren telefono entzuteak geratu dira berriro agerian. GARAk Iruñean duen egoitzan izan da oraingoan. Albisteak ez zuen inor harrituko, noski; horrelakoak Euskal Herrian beti gertatu izan baitira. Sistematikoki. Kasik normaltzat ditugu. Tortura eta gerra zikina erabiltzeko prest den Estatuak nola ez ditu, bada, horrelakoak ere egingo? Halere, giza eskubideen urraketa larria eragiten duen espioitza demokrazia ezaren beste adibide bat dugula ezin da ahaztu.
«Egin» egunkaria itxi zutela hamar urte bete direlarik, azpimarratzekoa ere bada Estatuak Euskal Herriaren eraikuntzarekin bat egiten duten hedabideen kontra erakusten duen jarrera. «Egin»ek Gizarte Segurantzarekin zuen zorra (Garzonen itxierak handitu zuena) GARAri bidegabe egotzi izanak egunkari hau errepresioaren jomugan dagoela erakutsi zuen, eta orain Poliziaren entzuteek horixe bera berretsi dute, beste behin ere adierazpen askatasunaren kalterako.
De Juana
«Mendekua» da Iñaki de Juanaren kontrako jarduera azaltzen duen hitza. Bidegabe luzatu zioten espetxeko zigorra, gatazka gainditzeko negoziazio prozesuaren garaian epaituta. Hasiera batean ezarritako zigor handia Gobernuak prozesu horretan izandako jokabide maltzurraren erakusle izan zen. Borroka gogorra egin ondoren, zigorra murriztu zioten De Juanari, baina ez zuten, zegokion moduan, libre utzi. Oraintxe bukatuko du kartzela zigorra, baina Estatuari jasangaitza zaio Iñaki de Juanak, eta bere burkideek, amore eman ez izana. Horregatik da «mendekua» egoera deskribatzeko hitz zehatza. De Juanari ez ezik, bere ondokoei ere zuzenki min egin nahi horrek ez du besterik adierazten.




