Haitzean zulatuz orain 800 urte eraikitako elizak daude Etiopiako Lalibela hirian. Herritarrei itsusia iruditu zaie ondare hori babesteko Unescok aukeratu duen proiektua eta eztabaida sutsua piztu da
Michael Deibert
2008ko Uztailaren 18a
Etiopiako Lalibela famatua da bertan orain 800 urte harria zulatuz elizak eraiki zituztelako. Herrialde horretako bigarren hiriburu saindua da, Aksunen ondoren, eta milaka erromes bertaratzen dira. Etiopia iparraldean aurkitzen da eta bizilagun gehienak ortodoxoak dira. Bertara iristen den bisitaria txunditurik geratzen da haitza zulatuz egindako eliza horien aurrean. Guztira horrelako hamaika eliza daude.
Elizetako batzuk hondatzeko arriskuan zirela-eta, Unescok bere gain hartu zuen ondarea babesteko proiektua prestatzeko konpromisoa. Aldiz, Nazio Batuen mendeko erakundeak aukeratutako egitasmoak eztabaida bizia eragin du.
1978an Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok Lalibelako ondarea eta 1997az gero aritu da proiektuak gainbegiratzen. «Jendeak estalgarri eder bat espero zuen eta ez ipini duten plastiko itsusi hau», esan zuen Desale Sisay apaiz ortodoxoak. «Gainera, ez du euritik eta eguzkitik erabat babesten», erantsi zuen.
Jerusalen berria
Lalibelak 14.000 bizilagun bakarrik ditu, nahiz eta garai batean Etiopiako dinastia baten egoitza nagusia bertan egon. Gebra Maskal Lalibela erregeak sortu omen zuen XII. mendean musulmanek Lur Sainduak konkistatu zituztenean, Jerusalen berri eta aske bat eraiki asmoz. Kontatzen denez, errege hori Jerusalenen zegoen 1187an musulmanak hara iristean eta Jainkoak amets baten bidez adierazi zion Jerusalen berri hori egiteko premia. Zortziehun urte pasatu dira, baina hiriak ez du galdu orduko edertasuna. Hamaika eliza dira hiriaren iparraldean, horietatik gehienak haitzak zulatuz eraikitakoak.
Ama Mariaren eliza da zaharrena. Luxu handiko dekorazioa du eta aingeru eta goiaingeruen irudiak ikus daitezke margoturik hormetan. Otoitz lekuetan urrezko, brontzezko eta burdinazko gurutzeak eta objektuak ikus daitezke.
San Jorge elizak, esate baterako, gurutze baten eitea du eta lau solairuko altuera. Modu sinbolikoan Noeren ontzia irudikatzen du. Bere hormetan milaka erromes hilobiraturik daude. Lalibela erregea bera ere eliza horretan lurperaturik dagoela esaten da. Eliza horietatik gertu dago Ashetan Maryam monasterioa, baita XI. mendean eraikitako Yimrehane Kristos eliza ere, axumita estilokoa.
Eztabaida
Ondare erlijioso hori guztia, ordea, hondatzeko arriskuan dago. Bete Amanuel elizako leiho bat eta kapera bat erortzean hasi ziren Lalibelako herritarrak larritzen. Horrenbestez, hamar laguneko batzordea osatu zuten eta Unescoren gidaritzapean ondarea babesteko proiektua prestatzen hasi ziren.
Deialdia irabazi zuen proiektuaren arabera, haitza zulatu behar zen estalkia ipintzeko. Ezarri den proiektuak, egia da, ez dio inolako kalterik egiten ingurumariari, baina aurrekoaren aldean itsusia da eta eztabaida itzela sortu da hiritarren artean. «Etiopiarentzat auzi garrantzitsua da hau, leku sakratua baita Lalibela etiopiarrentzat», nabarmendu zuen Nada Al Hassan Unescoko ordezkariak.




